Juantxo EGAÑA

1975eko irailaren 27aren bezperan

1974ko abuztuaren 28an Jose Antonio Garmendia eta Jose Maria Arruabarrena euskal militanteak atxilotu zituzten, eta Garmendiak tiro bat jaso zuen buruan. Angel Otaegi urte bereko azaroaren 28an atxilotu zuten. 1975eko abuztuaren 28an Garmendiaren eta Otaegiren aurkako gerra-kontseilua egin zen, haien abokatuak Juan Maria Bandres eta Pedro Ruiz Balerdi zirela, eta biharamunean argitaratu zen biei heriotza zigorra ezarri zien epaia. Epaiketaren egunean, greba orokorrerako deia egin zuten, eta grebaren jarraipena orokorra izan zen. Hego Euskal Herrian, manifestazioak Poliziak eta Guardia Zibilak erreprimitu zituzten, eta atxilotu eta zauritu ugari izan ziren, haietako batzuk balaz. Ipar Euskal Herrian, CRSek gogor erreprimitutako agerraldiak izan ziren Baionan eta Hendaian. Daniel Velezen argazkian, Garmendiaren eta Otaegiren alde Baionan egindako manifestazioa ikus daiteke. 1975eko uztailaren 30ean Juan Paredes Manot “Txiki” eta Ignacio Perez Beotegi “Wilson” atxilotu zituzten Bartzelonan. Irailaren 19an, auzitegi militar batek epaitu eta heriotza-zigorra ezarri zion Txikiri. Irailaren 26an, Ministro Kontseiluak berretsi egin zituen Txikiren eta Otaegiren heriotza zigorrak, baita Baena, Sanchez Bravo eta Garcia Sanz FRAPeko kideenak ere, eta Garmendiarena kommutatu egin zuen. Heriotza zigorren aurkako protesta manifestazioak izan ziren. Europan, milaka pertsona mobilizatu ziren eta Espainiako ordezkaritza batzuei eraso zieten. Irailaren 27an bete zituzten heriotza zigorrak. Euskal Herri osoan izan ziren protestak eta mobilizazioak. Poliziak erreprimitu egin zituen eta atxilotu eta zauritu ugari izan ziren. Europako hiriburu nagusietan milaka pertsona agertu ziren fusilamenduen eta diktadura frankistaren aurka protesta egiteko.