> Amets Arzallus, kritikaz eta autokritikaz

Ramon Solak sare sozialetan nabarmen zabaldu den mezu bati erreparatu dio. Izan ere, erreparatzeko modukoa da.

Minutu bakar batean, ehun hitz ingurutan, laburbildu du Amets Arzallusek bortizkeriaz eta bakeaz, kritikaz eta autokritikaz, duen ikuspuntua.

Frontoi batean pilotan ageri da Amets Arzallus bertsolaria, bere hausnarketa motz baina sakonari indar gehiago emanez. ETAren jardunagatik egiten diren zenbait enplazamenduri honela erantzuten die: «Ez zait oso justua iruditzen bortizkeriaren kritikaren ardura osoa gurea bezalako herri txikien ahoetan uztea».

«Ez diot nik bakoitzak bere ibiliaren irakurketa kritikoa egin behar ez duenik», eransten du jarraian bertsolari lapurtarrak, bide batez bere ustea barruan gorde gabe: «Niretzat, gure borroka armatua bere burua defenditu behar izan duen herri baten kasua zuzenetik abiatu eta bihurritzen joan den bide bat izan da, bai».

«Baina bortizkeriaren historia luzea da eta estatuek ere ardura handia dute hor –gaineratzen du–. Orain, bortizkeriaren historia okerraren zama guztia herri txikien bizkar gainean uztea niretzat zapalkuntzaren segida moduko bat da eta umiliazioaren kapitulu berri bat, kasik-kasik esango nuke beste biolentzia ekintza bat».

«Eta bakea benetakoa izango bada, ezin da izan hitz huts bat eta errendizio huts bat, eskubidez kargatuta etorri beharko du», bukatzen du.

> Mintzaneteko bidelariak, bidelagun bila

Mintzanet egitasmoak abian jarri du iraileko kanpaina, bidelagunak lortzea helburu nagusi duela. Euskara online praktikatzen lagunduko duen jendearen parte-hartzea behar dute, praktikatu nahi dutenen zerrenda luzea da eta. Bidelagunak agertzen diren kartel bat prestatu dute, bakoitzaren argazkiaren gainean klik eginez haien esperientziak ikusteko. «Gure hizkuntza lau haizeetara zabaltzeko zer edo zer egiteko prest zaude?» Helburu horri begirako pausoak emateko, praktikatu nahi duenari laguntzeko aukera erraz bat eskaintzen die Mintzanetek: Bidelagun izatea, klik bat eginez: http://www.mintzanet.net/sartu.php.

> Ikastetxe bisitak Urdaibai Bird Centerren

Urdaibai Bird Centerrek 2020-2021 ikasturterako eskola bisiten programari eutsiko dio, kutsatzeak saihesteko babes neurriak zorroztuz. Hala, ikasturte honetan talde txikiak lehenetsiko dira, inola ere txanda bakoitzeko 25-30 ikasle gainditu gabe eta horiek, aldi berean, bi taldetan banatuta.

Era berean, urrian zehar zabalik jarraituko du Euskadiko arrano arrantzalea berreskuratzeko proiektuaren ezagutzan parte hartu nahi duten euskal eskola taldeentzako doako bisiten programak; izan ere, 2020. urte honetan berrikuntza interesgarriak daude 2013tik askatutako arranoen bilakaerari dagokionez. Esate baterako, «2013an askatutako arranoetako batek hiru urte daramatza Etang de Leonen, Estatu frantseseko Landetan, eme korsikar batekin ugaltzen».

> Jordi Cortesen ikastaro trinkoa Errenterian

Bizipozak, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Artaziak elkarrekin jarri dute martxan “Ari! Sormena eta Mugimendua” proiektua. Jordi Cortes koreografoaren ikastaroa egitasmoaren lehen urratsa izango da, gaur bertan Errenteriako Dantzagunean.

Jarduera fisikoa egiteko interesa nabarmen galtzen dute, kasu askotan, 12 urtetik gorako gazteek. Batzuetan inguruan daukaten kirol eskaintza ez zaie erakargarri egiten; lehia sustatzen duelako, neskak eta mutilak bereizten dituelako…

“Ari! Sormena eta Mugimendua” ekimenak egoera horri erantzun bat emateko, sormen eta mugimenduzko eremu bat sortu du, genero ikuspegia eta gizarte inklusioa ardatz dituena. Proiektu pilotuak hiru hilabeteko iraupena izango du eta helburu garbia dauka: egungo kirol eskaintzetan tokirik topatzen ez dutenei kalitatezko ariketa fisikorako aukera bermatu nahi die.

> Bizikletaren erabilera bultzatzeko programa

Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamenduak, Ingurumen Departamenduarekin, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin eta Gurpil Artea elkartearekin batera, “Lanera bizikletan” proiektua aurkeztu du aste honetan. Ekimenak Gipuzkoako enpresetan bizikleten mugikortasuna bultzatzea du helburu. Lanera joateko eguneroko aukera izan dadin, alegia.

«Oarsoaldeak baldintza guztiak betetzen ditu bizikletaren eguneroko erabileran aitzindari izateko. Alde batetik, industrialde ugari ditu bizikletentzako bideetatik gertu daudenak, eta, bestetik, eskualdearteko mugikortasuna oso handia da», diote ekimenaren bultzatzaileek.