Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Folklorea

Sareetako euskal komunitatetxoan polemika piztu da hil honetan, Pello Lizarraldek «Ttap» aldizkarian egindako baieztapen batzuen karietara. Tristura eta penaz adierazi du, galdutakoaren eta iraganaren goraipatze ekintzetan, euskal gazteriak erromantizismoaren bidea hartu duela. Jaiak hartu ditu horren erakusgarri, taloa eta «janzkera tradizionalarekin» omenaldi egiteko hautuetan akritikotasun handia antzematen duelako. Bat egiten dut “tradiziozko” ideiaren azpian ezkutatzen den folklorea arriskutsua izan daitekeela, arbasoen bizimodutik orainera ekartzen duguna berrirakurtzen ez badugu edo historia ulertzeko ariketa bat egiten ez bada. Eta emaitza izan ohi da tradizioaren irudi deskafeinatu bat zabaltzen dela, nostalgiaren erruz antzinako kapituluen itzalak eta gogortasuna ezabatuz eta oroimen hutsaldu bat eraikiz. Gogoratze lan kolektiboa iraganaren idealizazio bat bilakatzen da, adostasunetako eta politikarik gabeko zoru amankomun bat bezala.

Iraganarekiko euskal jarrera erromantiko-nostalgikoaren eztabaida birtualean, arkitektorik presente izan bada, seguru naiz barne hizketaldi emankorra izan duela gai horren bueltan. Tradizioari loturiko eraikuntza urardotuaren postalean arkitekturak pisu handia izan ohi duelako, gaiak ez gaitu indiferente uzten. Arkitekturan joera izan ohi da, iraganaren elementu bisual identifikagarriak sortzea euskal tradizioaren sinbolotzat joz, gehienetan, testuingururik gabeko elementu fisiko eta materialak osatuz. Zenbatetan ikusi ditugu egurrezko azpiegitura entramatuak etxebizitza isolatuen fatxadetan, eraikuntzaren euskarri ez direnean, eraikuntzarekin harremanik ez dutenean, eta beraien helburu arkitektoniko bakarra lauburu baten parekoa denean (hau da, euskal tradizioaren markaren irudi izatea)?.

Tradiziozko eraikuntzaren balorazio eta ulermenean folkloreak bataila irabazi duelako sentsazioa dut. Tradizioarekin harremanean den arkitektura batek artisau lan zehatz baten beharra izango du, eta inbestitze ekonomikoa eskatuko du. Ekonomiaren baldintzari, gaur egun mantentze lan gutxiago eskatzen duten soluzioak aurki daitezkeela gaineratzen badiogu, praktikotasunaren izenean tradizioaren pastiche batekin konformatzeko aukerak handiak dira. Ez dezagun ahantz, praka bakero berri eta puskatuen garaian bizi garela.

Folkloreak kultura material eta estetiko bat transmititzeko gaitasuna duelako, garrantzi handiko gaia da oroimenaren berreskurapenean. Eskuzko makina edo txabola baten eraikuntzan, teknika eta eskuekin aritzeko jakintza bat dago murgildurik, garaiko muga teknikoak erakusten dira, bizi balore batzuk islatzen dira, eta jakintza eta beharren arteko elkarlanetik gorpuzkera material bat duen emaitza estetiko bat dago. Euskal artista eta arkitektoen hainbat lanetan tradiziozko materialtasunaren irakurketa kritiko bikaina dago egina. Arazoa da arrakala bat sortzen dela tradizioaren gaiak kaleratzen eta errepresentatzen diren gune eta erakusketa aretoen artean. Elkarren arteko ulermenik gabeko bi gune bailiran, kaletartasuna eta jai giroa arintasun baten beharrean balego bezala, paternalismo ariketa arriskutsua eginez. Akaso ñabardura hori gaineratuko nioke Lizarralderen esanei. •