Mirari Martiarena Iraola

Langabeziaren lanak

Otsail hondarrean banekien langabezian geratzekoa nintzela. Nagusiek bilera gelan bildu eta halaxe esan ziguten: martxoaren 12a da laneko azken eguna. Ez genuen askorik espero, baina tira, agenda bestelako lanekin bete xamar izanda lasai antzera hartu nuen. Martxoaren 12a iritsi zen eta laneko azken egunean etxetik aritu ginen, telelanean. Kalean giro arraroa sumatzen zen, “pandemia” hitza batetik bestera. Historiako azterketaren batean noizbait idatzitako hitz hori.

Nahiz eta banekien zaila izango zela, lana aurkitzea bihurtu zen nire lehentasuna. Orduan hasi zen Lanbide eta nire arteko harremana. Egunero sartzen nintzen niretzat moduko lanen bat topatuko nuen esperantzaz eta ilusioz. Gosaldu, ordenagailua piztu eta Lanbideko orrialdea zabaldu. Hauxe da langabezian egotearen lana. Nire burua egoera oso desberdinetan irudikatzera eraman ninduen eguneroko horrek.

Barne kamioi gidaria eta logistikoa. Bi lantokiren artean barne materialak garraiatzea. Kamioia ez ezik fendwick-a ere erabiliko da. Nire ilusiotako bat izan da fendwick bat gidatzea, pi-pi-pi eginez. Baina ez dut C+E gidabaimenik. Lastima.

Espazioko sistemetan espezializaturiko aeronautika ingeniaria Elgoibarren. Eskatzen dutena lizentziatura izatea ingeniaritza aeronautikoan, espazioko sistemetan masterra, hamar urteko esperientzia nanosateliteetan, ingelesa jakitea eta beste hizkuntza batzuk. Interesgarria, baina egunero Elgoibarrera lanera ez joategatik ez nintzen postura aurkeztu.

Dekorazio denda bateko saltzailea. Egin beharrekoak: bezeroei eta hornitzaileei kasu egin, erakusleihoa apaindu, dekorazio proposamen berriak egin. Aitor dezadan, dekorazioa eta etxe apainketa ez dira nireak. Etxeko egongelara ekarritako azken lanparak ez duela ongi ematen hilabetera konturatu naiz.

Administraria, lan aholkularitza eta fiskala ezinbestekoak. Sekulako esperientzia dut honetan, bereziki errenta aitorpenaren garaian azken urteetan eman dizkidaten bizkarrekoak kontuan hartuta. Ez dakit arlo honetan aholkuak emateko onena naizen.

Elektrizista peoia, argiteriaren mantenu lanak, Gabonetako argiak muntatzea, desmuntatzea, ikastetxeak, udal lokalak eta abar. Etxeko bonbillak aldatzen justu antzera moldatzen naiz. Txispa pixka bat badut, baina elektrizista lanak egiteko adina ez.

Zerrenda amaiezin bat egin dezaket azken hilabeteetan ikusi ditudan lan guztiei buruz. Zerbitzari, erizain, etxeko langile, atzerako hondeamakina bateko gidari, traktore saltzaile… Lan batzuetan nire burua ikusi ez arren, baten batean izena eman izan dut. Lanik gabe egon izan naizenetan nire burua, gaitasunak eta esperientzia zalantzan jarri izan ditut. Bizi osorako lanik gabe egotearen pentsamendua etengabe etorri izan zait burura. Jendea telelanean murgilduta zegoen bitartean, ni “telelangabezian”. Eta ingurua normalitate berrira egokitzen ari zen bitartean, nik berdin jarraitzen nuen. Sortzeko aprobetxatzeko esaten zidan jendeak etengabe, barrura begiratzeko garai ona zela horretarako. Nik gehiago begiratzen nion kontu korronteari.

Irailarekin batera iritsi da lana. Gauza asko pilatu zaizkit bat-batean, baina gustura nabil. Gustura eta pozik. Astebeteko tartean gai oso desberdinak landu ditut eta hori da agian gehien gustatzen zaidana. Ideia askorik eduki gabe horretan adituak direnei buruz galdetzea edo neronek gauzak sortzea. Visual thinking-ari, bio-hondakinei, Lesakako mugikortasun planari, satisfayer-ari eta tortilla patatari buruz idatzi dut. Batzuetan ordenagailuan dokumentu bat baino gehiago zabalik izan ditut eta batetik bestera saltoka ibili naiz, igelak putzuetan bezala. Martxa honetan ez harritu espazioko sistemetan espezializaturiko aeronautika posturen batean ikusten banauzue. •