Xabier Izaga Gonzalez

Tabakoa kaltegarria da

Euskaraldian izena emateko epea zabaldu da, ahobizi edo belarriprest izateko aukera», irakurri dut NAIZen. Honezkero inork gutxik uste izango du ahobizi izateko jan-edanean jarduteko trebatu beharra dagoenik, edo egun osoan maskarari eusten ohitu ostean denok garela belarriprest.

Aurreko edizioa hasi zen egun berean, irratian izan nintzen hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimen horretaz mintzatzen, GAUR8n horren gaineko erreportaje bat argitaratu genuen eta. Erredakziora bidean, zigarro bat atera nuen, baina konturatu nintzen ez nuela surik. Pareko tabernaren kanpoaldean gazte bat zegoen, ez horren gaztea, erretzen. «Perdona. ¿Tienes fuego?», esan nion, ahobizi. «Gaizki hasi duzu ariketa», erantzun zidan, ahobiziago eta beharbada belarriprest barik belarrimotz nintzela pentsatuz. Txamarraren lepoa altxatu eta, diplomatiko baina zintzo, esan nion: «Zuk ederto hasi duzu, ba».

Egia esateko, beste testuinguru batean euskaraz mintzatuko nintzaion. Orduko hartan tabernarekin, edo taberna horretako giro errespetagarri bezain erdaltzalearekin, identifikatu nuen lagun hura.

Egun bereko arratsaldean, lanetik atera berri, beste zigarro bat atera eta txiskerorik gabe jarraitzen nuela konturatu nintzen. Taberna bateko terrazan neska gazte bi ikusi nituen, haietako bat Amerikako zaporea duten zigarro horietako bat erretzen. Han joan naiz zuzen: «Baduzu surik?». «¿Qué...?», neska erretzaileak. Eta nik ezer esan baino lehen, beste neskak, belarriprest, Hego Amerikako doinuarekin: «¡Que si tienes encendedor!».

Horixe da ideia. •