Antton Izagirre

Izurrialdia eta Euskaraldia

Garai bereko bi gertakari. Sorburu desberdinekoak. Natura zientzia eta biologiari loturikoa bata, gizarte zientziei loturikoa bestea. Zientziaren ikuspegitik pandemiaren aurka eta euskararen alde eragiteko ezinbestekoa ote da estrategia desberdinak erabiltzea ala aukerakoa da bata zein bestea erabiltzea? Zeren baitan hartu erabakia?

Ikus dezagun. Pandemiaren aurka ezarri diguten ordena oso zuhurra da. Distantzia soziala, maskara eta eskuen higienea ezinbestekoa dela diote zientzialariek eta agintariek hori lortzeko hartu beharreko neurriak, aginduak, kontaketa estuak, zigorrak eta abar ezarri dizkigute. Horren ondoan, beldurrean oinarria duten estrategia psikologikoak ere erantsi dituzte.

Batzuen ustez, pentsa zitekeen, elkartasunezko edo limurtze estrategiak erabilita, norbanakoen edo taldeko borondatearen araberako neurriekin helburu bera lor zitekeela. Jabetu dira, ordea, talde sozialen egituretara joan gabe ezin direla gainditu egiturazkoak diren arazoak.

Euskaraldian, aldiz, bigarren estrategiaren alde egin dugu. Euskararen erabileraren aldeko borondatezko jarrera indibidualak eta taldekoak lehenetsita. Ikuspegi emozionalak, limurtzaileak martxan jarriaz, euskararen erabileraren aldeko jarrera positiboak eta aukerazko erabakiak indartuz aldaketa kualitatibo eta kuantitatiboak eragitea espero eta nahi dugu.

Galdera zera da: Zer dio kasu honetan soziolinguistikaren ikuspegi zientifikoak? Nola aurre egin gure arteko estrategia eta jarrera “negazionistei”?

Egiturazko neurriak hartzen ez badira eta euskararen erabilera komunikazio eta harreman esparru guztietara heltzeko epekako plangintzak eta ezarpenak onartu eta inplementatzen ez diren bitartean, Euskaraldia bezalako egitasmoek hanka motz geratzeko arriskua dute.

Norbaitek esango dit hori beste upel bateko ardoa dela, baina beldur naiz ardura politikoa duten gure agintariak ez ote diren Euskaraldiren goraldi emozionalera apuntatuko eta haiei dagokien egitekoa, erabilera arautzearena, hutsaren hurrena izango. Batak ez luke bestea zuritu beharko.

Bitartean, aurrera Euskaraldia. •