Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Zer egiten dugu ikasgeletan konfinatuta?

Esan nahiko nizuke nire barruan sentitzen dudan emozio eztanda honetatik zerbait garbia ateratzen ari naizela. Ezin dut. Pixkanaka, ordea, izpi bat begiztatzen ari naiz, ulermenarena, eta sentitzen une oro ikasten ari naizela. Ulertzen hasi naiz kontingentzia planak eta protokoloak hezkuntzaren erdigunean jartzeak gure heziguneak eraldatu egin dituela, arauz, geziz, musukoz, zentzu bakarreko norabidez eta distantziaz betez. Ahalegin handiz kontzientzia hartzen ari ginen haurrak eta gazteak jarri behar genituela erdigunean, eta, goizetik gauera, galdu egin ditugu lorpen txikiak. Ustez erantzun guztien jabe egiten ari ginenean bizitza etorri eta galdera guztiak aldatu dizkigu. Orain doluaren garaia da.

Ane Ablanedok eta Nora Salbotxek ederki azaltzen dute eskolari kendu diogun alderik interesgarri eta politena: berekin dakarren harreman sarea, haurrak sozializatzeko eta beste harreman batzuk, beste esperientzia batzuk izateko leku izaera.

Non geratu ote dira irteera profiletan eta hezkuntza proiektuetan idatzi genituen hitz potoloak? Ekintzaileak, kritikoak, sortzaileak, autonomoak... Banakako ilaretan eta kaiola moduko espazio mugatu eta zaintzapekoetan ikusten ditut egunero, beren izena daramaten aulkietan eserita, geldi. Txundituta nago zein obedientzia maila erakutsi duten, kexarik gabe. Nola arraio sustatu behar ditugu balio horiek, baina? Hezigune batean neska-mutilak martxa militarra eginez sartzen direla kontatu didate. Beso txiki horien gora eta beherako astinduak harrotutako itxaropen haizea iritsi zait.

Eskola parte hartze demokratikoan eraiki nahian genbiltzan: auzolanean, parte hartzean, berdinetik berdinera era komunitarioan. Garbitzaileek, sukaldariek, zaintzaileek, autobusetako zaintzaileek eta gidariek, atezainek, mantentze lanetako eta bulegoko langileek, elikagaiz hornitzen gaituztenek, denek, ikasleekin, hezitzaileekin, etxekoekin batera, beren ekarria egiten diote ezagutza komunari, zaintza eta eskola bizitza sostengatzen ari dira. Eskolan ikusten denaren azpian dagoen sare osoa dira.

Etxeratzeko beldurrarekin dantzan ari gara denok, kezkatuta. Baina zer-nolako arrakala dagoen batzuen eta besteen artean. Etxeratu gaituztenean batzuek telelana egin ahal izan dugu eta soldata jasotzen jarraitu dugu. Besteak, aldiz, kontratuak etenda eta kasurik onenean ERTEaren itzalpe hotzean geratu dira. Eta kontingentziak eta protokoloak protokolo, haietan aipatu ere egiten ez direnak, lan baldintzarik gordinenetan dauden hezkuntzako langileak hango eta hemengo txakurrak bezala, oinutsik! Ahaztuak.

Jende gehiago behar da heziguneetan. Zalantzarik ez. Oso serio galdetu beharko genioke geure buruari, ostera, egiteko zer. Egotzi diguten zelatari eta polizia lanerako? Historian ez da lehen aldia eskola pandemia garaian pentsatu behar izan dena. Duela mende beteko pandemian Alemanian, Frantzian eta beste hainbat herrialdetan kaleetara eta aire librera atera zituzten eskolak, hainbat aditu eta zientzia bera behin eta berriz aholkatzen ari zaizkigun gisara. Zer egiten dugu, artean, geletan konfinatuta, aspaldi dakigunean ikasi leku guztietan ikasten dela eta aire librea gela baino espazio seguruagoa dela? Errefortzu bikaina izango litzateke aisialdiko jendea eskolarako, aire freskoa.

Goizero marra beltz bat margotzen hasi naiz nire begi ertzean eta lanerako bidean Ken Zazpiren “Itxaropena” kantua jartzen dut ozen: «Zugan sinesten ez duzun uneetan/entzun barreneko ahots xume hau/ konpromezu eta kontraesanetatik azaleratzen den garrasi isil hau. Senti ezazu distira bat itzaletan/hitzak lehertzen direnean/ behin eta berriz ezintasunen gainetik/ aske irauten dugula senti ezazu...».

Esango dizut hitzak jartzen hasi naizela nire minari, dolua bizitzen hasi naizela. Eutsi eta ez etsi! •