Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

Apropiazio kulturala

Hogeita hamar segundo eskaseko iragarkia da. Hasieran saskibaloi partida bat, kantxa txiki batean; ariketa fisikoa. Ondoren adineko emakume bat sutondo eder batean bero-bero; berotze sistema jasangarria. Leihoaren beste aldean, bat-batean, mutil gazte baten silueta bizkorra, bizikleta gainean zilipurdika; kultura urbanoaren adierazlea, ia-ia klixea. Zazpigarren segundoan gaude.

Plano zabal bat dator gero, eta txirrindulari akrobatiko gehiago, baita skater batzuk ere. Hiri barruko espazio publiko zabal batean ari dira zilipurdika, espresuki horretarako diseinatutako topografia artifizial jostalari batean. Ezaguna da tokia: BIG arkitektura bulegoaren Superkilen parke lineala da, Kopenhage hiriko Nørrebro auzoan. Proiektu polita da: trenbide zahar batek utzitako espazioa auzoa berregituratzeko erabili zuten, etxebizitza berri batzuen eta parke lineal baten bidez. Auzoak motorizazio maila oso baxua du, alegia, oso kotxe gutxi biztanleko, eta bidegorri eder batek parkea puntatik puntara zeharkatzen du.

Baina gatozen iragarkira. Hamargarren segundoan gaude eta lehen hitzak agertu dira, «etorkizunak dio», ondoren datorrenaren erakusgarri: kotxe bat. Bizpahiru segundoz, gertutik ikusten dugu kotxea mugimenduan, kotxeek sarrera debekatua duten parke batean, skaterrez eta txirrindulariz inguraturik. Auto ekoizlearen malaletxea are agerikoagoa da hurrengo segundoetan. Plano zenital oparo baten bidez erakusten dute orain kotxea martxan: bidegorritik doa, baina bidegorria denik ez da antzematen, lurreko pintura seinale guztiak digitalki ezabatu dituztelako. Harrapazak, Txiribiton. Mezuaren bigarren zatia doa letra larriz gainjarrita, «ESPAZIOA DAGOEN TOKIAN».

Hamaseigarren segundoan eszena aldaketa dator. Snowboardlari kuadrilla bat ziztu bizian maldan behera, BIG bulegoaren beste proiektu batean. Copenhill da, eskiatzeko pista bat errauskailu baten gainean. Proiektua, Euskal Herriko mediokritatetik urrun, erakargarria eta efektista da, baina gaindimentsionatua dago eta atzerritik inportatutako zaborra erre behar du errentagarria izan dadin (begi keinua, begi keinua). Lau segundoren ondoren mezuaren jarraipena, azken traka izango balitz bezala. Gogoratu nola hasten zen: «Etorkizunak dio, espazioa dagoen tokian ‘egin ezazu zerbait berria. Megabox biltegiratze adimentsuarekin. Puma Ecoboost hibridoa. Ford, ekarri etorkizuna’».

Nekez lor daiteke hain segundo gutxitan halako hipokrisia maila; kultura urbanoaren, bizikletaren, jasangarritasunaren halako erabilera tranpatia.

Apropiazio kulturalaren eztabaida pizten denean batzuek Rosalia aipatzen dute, baina nire karta hobea da. •