Mikel Zubimendi Berastegi

Denbora kontua

Lagun batekin aritu nintzen aurrekoan dauden egoerez eta aukerez berbetan. Estu eta nekatu samar ikusi nuen, pixka bat erreta, koronabirusarekin eta Euskal Herriarekin, guztiarekin. Europako erreskateko diruak AHT eta Iberdrolari, atxiloketa eta epaiketen gurpil zoroa, gizarte obedientea garela, bazuen aizkora sartzeko nahi beste egur. Aipatu zidan iragan hurbilak kezkatzen zuela, orainak ez ziola lasai egoteko tarterik uzten eta etorkizun berri bat ikusi nahi baina ezin zuela. Pandemiarekin dena ilunagoa egin dela. Denboran luzerako doala. Denbora Euskal Herriaren kontra zihoala, ez dugula ezer ulertzen eta ez daukagula hori aitortzeko umiltasuna, denbora arraro honek ezkor, kopetilun egoteko arrazoiak ematen zizkiola. Behin eta berriz, ia-ia enpatxatzeraino.

Denbora kontra, sentimendu gogorra da eta hori sentitzea normala ere izan daiteke, zilegia. Eutsi horri, kontzientzia eta izerdiaren jabe izan nahi dugu, baina ez nago ados. Onartzen dut aldarte hori, sentimendu hori errespetatzen dut, baina ez nago ados eta ez gaude hemen kea saltzeko. Jakina sentitu zaitezkeela nekatuta, etsitu samar, egoera denboran luzera doala begira, begi denak hor jarrita. Agian aldartea, koronabirusa bezala, kutsakorra da, salto egiten du pertsona batetik bestera gizarte osoa kutsatzeraino. Eta igual hori da denbora honen kontzientzia, beste aldarte posiblerik ez dago. Posible da.

Denbora kontra dugula? Denok ere zahartzen goaz, baina zahar usaineko eztabaida da hori, errepikakorra. Bi erantzun posible dituen galdera da: denbora kontra badugu, presaz, itolarrian ekitea beste erremediorik ez da; eta alde badugu, lasai-lasai, patxada ederrean egon gaitezke, denbora baino aliatu preziatuagorik ez delako ezagutzen.

Kezkarako motiboak ez ditut ukatuko, itxaropenerako daudenak ukatuko ez ditudan bezala. Aurreratu beharko genuena ahazteke, baina aurreratu dugunari balioa emanez. Oso zaila eta gogorra da egoera, begi bistakoa da hori, baita oso zailak ziren urteetan erakutsi den ahalmena eta neurria ere.

Bizitzak erakusten dizu zure alde edo zure kontra bizi baino, denbora hil egin behar dela, akabatu. Eta denbora hiltzea baino krimen arrunt eta legitimoagorik ez dagoela inon, bereziki zenbait leku eta egoeratan. Denboraz motz eta tormentuz lepo bizitzea da alternatiba bestela. Erretzen duen su batekin bizitzea. Nahiko kolpe eta ezusteko ematen ditu bizitzak berez, denboraren mailua gure kontra danbaka irudikatzeko.

Eta pentsatzen jarrita, ez dago etorkizun zori-garbi baten edabe magikorik, ezin da etorkizuna horrela erabaki. Denbora alde edo denbora kontra pentsatu baino, une egokian eta garaiz gaudela pentsa dezakegu, erabaki nola egin nahi diogun aurre, norantz jiratu nahi dugun gurpila. Eta hori egin, zuzentasuna, integritatea sekula ez dela galdu behar jakinda.

Pandemia aro hau ere pasatuko da, eta ez dakigu oso ondo nola baina aterako gara hemendik ere. Agian pobretuago, herri gisa ahulago, baina ongi jaioak, beti-beti eta beteki. Euskal Herria hitz batean irauna baita. Eta aro berri bat etorriko da, udaberria baino guztiz beldurgarria agian. Eta erantzun gabe utziko gaitu, hankaz gora, goazen ala gatozen jakiteko lanpetuegi. Eta orduan ere, berriz azalduko da denbora, garai berria, une historikoa. Alde edo kontra, beti berdin. Eta lehen bezala, orain eta gero ere, hor egon beharko dugu, garaiz eta une egokian, denbora hiltzeko bulkada kriminal harro zoragarri horrekin armaturik. •