Amagoia Mujika Telleria

Haurrei, txakurrei eta kaleko saltzaileei?

Zelebrea da kontua. Bada euskara egoera jakinetan bakarrik erabiltzen duen jendea. Egoera horietan natural-natural ateratzen zaiela esango nuke. Konturatuta nengoen horrekin.

Txakurrarekin euskaraz egiten dutenak. «Eske oso gaizki egiten dut euskaraz eta txakurra ez da kexatzen». Hortxe, euskara, txakur hizkuntza, hizkuntza txakurra.

Haurrekin euskaraz egiten dutenak. «Umeekin ez zait beste hizkuntzarik ateratzen. Arraroa egiten zait». Bai, niri ere bai, haur erdaldunei euskaraz egiteraino, di-da batean ikasiko dutelakoan edota beren burmuin elastikoak nire hitzak ulertzeraino tenkatzeko gai direlakoan.

Badira gurasoak haurrei haur diren bitartean euskaraz egiten dietenak. Hori bai, behin adin batetik aurrera, helduen gauzei buruz hitz egiten hastean, akabo euskara. Euskarak gauza txikietarako eta txikien gauzetarako soilik balioko balu bezala.

Eta azkenaldian beste joeratxo bat sumatzen ari naiz; kaleko saltzaileekin euskaraz hitz egitea. Azal beltzean nabarmentzen diren begiak gerturatzen direnean, ordura arte barra-barra gaztelera bizian ari ziren kuadrillak euskaraz hasten dira. Kaleko saltzaileak euskaraz egiten die eta horrek zimikoa egiten die bihotzean. Ze gauza ederra den euskaldun izatea.

Saltzailea urrutiratzean, berriz, trago eta trago arteko aparteko hausnarketak: «Ze ondo egiten duten hauek euskaraz», «hauek bai azkarrak», «hilabete pare batean ikasten dute euskara hauek. Beste batzuk bizitza guztian hemen eta hitzik ez dute egiten euskaraz».

Ez du asko irauten txoro-haizeak. Hurrengo tragorako berreskuratzen du kuadrillak bere betiko kale-zurruteko hizkuntza. «Mañana viene lluvia». •