Xabier Mikel Errekondo

Sexualitatea ez da koitoa

Baina koitoa ere bada. Zenbat eta menu zabalagoa eta askotarikoagoa orduan eta sexualitatea gozagarriagoa... Ez dira bazka bakoitzean zertan plater guztiak dastatu, gainera, irudimenaren esentzia pittin bat erantsita menuak zenbatezinak dira.

13 eta 17 urte arteko mutilen hamarretik bederatzik eta nesken erdiek pornografia sarritan kontsumitzen dute. Save the Children erakundeak plazaratu dituen datuek gurasoak, hezitzaileak eta herritarrak harri eta zur utzi ditu. Izan ere, argazkia gordina da, nerabeek klik batera dagoen pornografia dute sexu heziketa. Argi dago sexualitatearen heziketak huts egiten jarraitzen duela.

Ikasketa berantiarra izan nuen nik, nago gehienok bezala… Eta, nire gabezien kezkak bultzatuta, herriko Paotxa irratian sexualitatearen inguruko programa egin nuen 20 urte inguru nituela. Adibidez, 6 urtetik gorakoentzako Jose Luis Garciaren sexu-heziketa liburuak edo Luis Elberdinek “Egin”-en idatzitako zutabeak irentsi egiten nituen… Asko ikasi nuen eta, era berean, konturatu nintzen zeinen gutxi nekien. Gazteek sexualitatearen oinarriak pornotik eraiki ez ditzaten pertsonaren heziketa integralaren erdigunean sexualitateak egon behar du: heziketa goiztiarragoa, guraso irekiagoak eta hezitzaileak sexualitatean ondo prestatuak.

Finean, gazteek prestakuntza kritikoa izanik soilik bereizi ahalko dituzte sexualitatearen hegiak; ederrak nola mingotsak, gustuko dituztenak nola zaborrak eta jazarpen-pornografia. Jaiotzetik baikara izaki sexualak eta senti dezakegu, plazerak senti, garaian garaikoak. •