2020/10/17

Amaia Nausia Pimoulier
Indibidualismo afektibotik maitasun kolektibora
Koronabirusaren inguruko neurri murriztaileak beren burua defendatzeko gaitasunik ez dutenen kontra hartzen dira; haurrak eta adin nagusikoak, kasurako

Konfinamenduaren amaieran artikulu bat idatzi nuen hemen bertan sare sozialetan hautematen nuen «umefobia» hizpide. Nola ahaztu askok haurrak egunean ordubetez irteten hasi zirenean izan zuten erreakzioa. Erreakzio haiek agerian utzi zuten gure gizartearen helduzentrismoa, gure artean nagusi den indibidualismo afektiboa. Indibidualismo horixe da sistema kapitalistarentzat produktiboak ez diren sektoreak alde batera uztera garamatzana: umeak, adinekoak eta mendekoak bidearen ertzean utzi ditugu.

Denbora bat igaro da pandemia hasi zenetik, haurrak birusaren eramaile eta kutsatzaile handiak zirela esaten zigutenetik. Orain, jakin badakigunean adingabeak ez direla euren artean kutsatzen ari, kutsatze kasu handienak leku itxietan gertatzen direla eta kutsatzaile nagusiak helduak direla, Iruñeko alkateak erabaki du haur parkeak ixtea. Eta tristeena da nire inguruan jende askok txalotu egiten duela. Etxean adingaberik ez duen jendeak, jakina. Zer enpatia faltara iritsi gara horrelako zerbaitek pentsatzera eraman edo gogaitu ez gaitzan? Hau da, ama izateaz gain, lur honetako herritarra naiz, eta gehien sufritzen dutenekiko enpatia gaitasuna galdu ez izana espero dut. Esate baterako, ez naiz txakurren zale handia (nire alergia dela-eta txakurrengana gehiegi ez gerturatzea komeni zait), baina ez nuke inoiz animalien aurkako tratu txarrik onartuko; ez naiz emakume arrazializatua, baina beti salatuko ditut ekintza arrazistak. Horrelako adibide asko okurritzen zaizkit. Indibidualismo afektiboak eraman gaitu zuzenean eragiten digunari buruz bakarrik kezkatzera eta horrek kapitalismoari gauzak erraztea baino ez dakar.

Beraz, aire zabaleko espazioetan kutsatzea txikiagoa dela frogatuta geratu bada eta sobera baldin badakigu pandemiaren kudeaketak haurrengan eragiten duen presio psikologiko eta emozionala ikaragarria dela, zergatik hartzen du Maya bezalako norbaitek haur parkeak ixteko moduko neurri bat? Haurrak ez dira logika horretan gaizki ateratzen diren bakarrak. Esate baterako, zergatik ez dira bilatzen neurri alternatiboak zahar etxeetan? Birusak jota hiltzen ez badira, gure aitona-amonak penaz hilko ditugu martxa honetan. Nire ustez, galderaren erantzuna da neurri horiek beren burua defendatzeko gaitasunik ez dutenen kontra hartzen direla. Genero ikuspuntua gehituko bagenu, argumentua biribila litzateke: badakigu zeintzuk dabiltzan zaintza lanetan, parkean zein zahar etxeetan, gehienbat.

Dena dela, puntu baikor batekin amaitu nahiko nuke. Pozten nau jakiteak hazten ari direla horrelako neurriekiko jarrera kritikoak. Pandemiaren hasieran, zenbait gauza esanez gero, erreakzionariotzat, elkartasun gutxikotzat edo, are, ukatzailetzat jotzen zintuzten. Pozten naiz Koldo Leoz, Lizarrako alkatearen adierazpenekin, esanez haurrek nahikoa sufritu dutela jada, geratzen zaizkien aisialdirako espazio urriak ukatzeko orain. Espero dut gero eta politikari gehiagok eta gizarte zibilaren zati handiago batek sinestea horrelako krisialdi larri baten aurrean erantzun ez hain zapaltzaileak eta enpatikoagoak egon daitezkeela, bizitza erdigunean beste interes batzuen gainetik jartzeko esaldi otzanari lehentasuna emango diotenak. Espero dut indibidualismo afektibotik ateratzen joatea, eta inor atzean uzten ez duen maitasun kolektiborantz bidaiatzea. •