Mirari Martiarena Iraola

Ezpainetan odola

Pantone etxeak urteko kolorea izango denaren tendentzia markatzen du. Aurtengoa ere aurkeztu zuten eta classic blue kolorea da modan dagoena. Etxeko armairuari begiratu diot eta konturatu naiz, bat-batean, nire jantzitegiaren zati bat classic blue kolorekoa dela. Burura ere etorri zait, konpresa eta tanpoien iragarkietan hilekoaren kolorea classic blue izaten dela oraindik ere. Hainbat urtetarako kolorea izango litzateke, oraindik ere hori aldatzeko gauza asko egin behar baitira. Tira, berez bakarra.

Baina baditu aurtengoan Pantone etxeak ere nobedadeak, bigarren kolore bat aurkeztu baitu: “Hilekoa”.

Kolore gorri horrek hilekoa sinbolizatzen du. Osasun arretaren arloko Intima suediar enpresarekin elkarlanean kaleratu dute eta helburua hilekoaren inguruko estigmei aurre egitea da. Bai, jaun-andreok, hilekoa oraindik, 2020an, estigma bat da. Ez dugu naturaltasunez bizi hilero-hilero odola isurtzen dugula gure baginatik. Disimulatuz, gorde nahian, indartsu egotera behartzen gaituen sistema batean bizi gara.

Eta ze nahi duzue esatea, ni hilekoa jaitsi aurreko egunetan nahiko petralduta egoten naiz eta ezer asko egiteko gogorik gabe. Zer esanik ez hilekoa etortzen zaidanean. Eta ez dakit Pantone etxeak atera duen gorri horrekin oso identifikatua sentitzen naizen, nire hilekoak gorri tonalitate desberdinak izaten baititu. Ongi dago ikusgarritasuna, baina kontuan izanda geronek ere gure hilekoari begiratu behar diogula eta odola irakurtzen jakin behar dugula.

Hilekoa izaten dugunon artean dagoen beldurrik handiena kuleroak eta galtzak odolez zikintzea dela esango nuke. Hilekoaren odola zerbait zikina balitz bezala. Baina hori ere zerbait naturala da, konpresak edo tanpoiak gainezka egitea, kopatik odolak ihes egitea eta zer esanik ez free bleeding-a praktikan jartzen hasi berria bazara. Eta gu emakumeok hilekoarekin galtzak zikintzeko beldurrez bizi garen honetan, arropa marka garestiak “galtza zikinak” saltzen hasi dira. 750 euroan belar eta lokatz arrastoak dituzten praka dotoreak.

Free bleeding-ari buruz entzun nuen Zuriñe Hidalgo coach menstruala. Zer edo zer banekien praktika horren inguruan. Inongo tanpoi, konpresa edo koparik gabe bizitzea hilekoa. Odola norberak nahi duenean askatuz. Nik neuk egitea ezinezkoa iruditzen zait, jakin badakidan arren nire gorputza entzun eta benetan ezagutuko banu lortuko nukeela. Adi entzun nituen Zuriñe Hidalgoren azalpenak eta bada bereziki gustatu zitzaidan kontzeptu bat. Bere hiztegitik kendu du odolarekin kuleroak zikindu zaizkiola. Horren ordez odolarekin kuleroak margotu dituela erabiltzen omen du. Ez esan ez dela kontzeptu polita eta gure hilekoaren estigma arintzeko beste esamolde bat.

Kuleroak margotzen ditugu Skakeitan taldearen abestiak dioen bezala «Ezpainetan odola» dugulako. Hilekoarekin nagoenetan ez zait jende askorekin egotea gustatzen. Baina kasualitatez bileraren bat edo juntadizoren bat baldin badut esaten dudan gauzetako bat da: hilekoarekin nago. Batzuk harritu egiten dira eta aurpegi arraroarekin begiratzen naute ozen eta lotsarik gabe esaten dudalako. Baina hilekoak tabu izateari uzteko, hari buruz hitz egin behar dugu, kuleroak margotzen ditugula eta ezpainetan odola dugula esanez adibidez. •