Ula Iruretagoiena - @ulissima5
Arkitektoa

Rolen antzezpena

Bizitza antzerki hutsa da» esamoldea bizitzaren simulakroaz ari dela diote. Baina antzerkia eta antzezpenak bizitzaren parte dira, eta bizitzaz diharduenez, esaldiak ez luke gezurrarekin zerikusirik izan behar. Gehiago esango nuke, egoera eta baldintza batzuen arabera, agertoki bat irudikatu eta pertsonaia ezberdinak izan gaitezkeelako gaitasunaz dihardu, banako eta entitate sozial gisa dugun plastikotasunaz alegia. Eta egunerokoa osatzen duen antzerkia gizartearen eraikuntzaren eta horren bizipenaren erakusle da. Antzezteko gaitasuna, baina, maltzurki erabilia izan daiteke azpiralekuak sortzeko edo botere harremanak ezartzeko, adibidez. Horregatik zenbait antzezpenen atzean dagoenari begiratzea esanguratsua da.

Pertsonaia bat edo rol bat antzeztea, ikuspegi politikotik, ezberdina dela esango nuke. Rolak funtzio sozial konkretu bati egiten dio erreferentzia, hau da, gizarteak diseinaturikoa da, ezaugarri finko eta hautemangarriak ditu. Genero rolak, autoritate rolak, afektu-harremanen rolak, rol sozialak... Pertsonaia batek askoz diseinu zabalagoa du eta ez dio zertan eredu zehatz bati jarraitu, egokitzeko tartea du. Horregatik da rolen performatibitatea une honetan aztergai. Hala, askotariko roletan murgildurik izaten gara, batetik bestera trabestismo ariketa trebean. Adi, ariketa arriskutsua gerta daiteke, baldin eta hartzen dugun rola betikotuko bagenu, gure identitatea bilakatuko balitz. Rolak osasungarri izan daitezen, modu plastikoan antzeztu behar dira ezinbestean eta horrek esan nahi du rol bakoitza okupatzearen inplikazioak ezagutu eta horietaz jabetu garela. Horrela ez izatekotan, antzezpenaren argiak amatatu eta biolentzia hasiko da.

 

Arkitektoaren rola problematizatuko dut, lehen pertsonan performatzen dudalako. Rola diseinu prefabrikatu bat denez eta trebakuntza bat duenez, arkitekturaren rolak unibertsitateari begira jartzen nau. Bertan arkitekto izateko eredu bat transmititzen da, eta rol hori arkitekto-irakasle eginkizunean bertan performatzen da nolabait. Arkitektoaren egitekoa gizartean arrakastaren irudikapen konkretu batekin batera transmititzen da: kanpoko begiradaren saria duena (diziplinako aldizkari-argitalpenek legitimatua) eta eraikin esanguratsuak egiten dituena (diru inbestitze erraldoien ondorio). Hau da, arrakasta endogamiko eta elitista baten irudi da arkitektoa. Zorroztasun handia behar da xede horri eusteko, eta antzezpena horrela eratortzen da: lehiakorra, orojakilea, autokonplazientea eta irtenbideak ematen dituena. Rol horren antzezpenetik ateratzen den arkitektura bere buruaren isla delako beldur naiz.

Norbaitek esango du deskribatutakoa estereotipo zaharkitua dela, baina uste baino garaikideagoa da. Zeinen osasungarria litzatekeen irakasle-arkitekto rolaren antzezpena bestelakoa balitz: zalantzatia, autokritikoa, galderak hartu eta erantzun irekiak planteatzen dituena. Edo, sikiera, performatzen ari garen rolaren identifikazioak ekartzen dituen emaitzen gaineko hausnarketa egingo balitz. Antzezpena ez delako hutsala, eta arkitektura dario. •