Iker Barandiaran

Bizi

Garai ilunak, tristeak eta ulergaitzak bizitzen ari gara aspaldi luze honetan. Bakardadea, beldurra, noraeza, amorrua, ezinegona, nekea eta beste pilatzen zaizkigu bata bestearen gainean, eta dagoeneko zama handiegia daramagu gainean. Eta horren guztiaren alderdi txarrenetako bat da ez diogula egoera ilun horri bukaerarik ikusten, egoera guztia ezezaguna zaigulako erabat. Izan daiteke birusa oraindik ere geldiezina delako edo ezagutzen ez ditugun arrazoi ezkutuengatik orain arte ezagutu dugun bizitza hondamendira doalako; ez dela lehengora bueltatuko. Lurra bera eta gizakia galeran daudela. Izan daiteke, nahiz eta ez nukeen inola ere halakorik nahi. Eta uste dut hori neurri handi batean norberaren esku ere badagoela. Lehen, eta are gehiago orain.

Muturrera joanda eta hipotesi distopikoei atea zabalduz, irudikatzen dut geure burua edo errazago geure seme-alabena “Mad Max”-en trazan: inongo legerik gabeko munduan, indartsuenek edo hobe esanda abilenek bizirik iraungo duten erregai eta lehengai gabeko baso edo desertu itxurako bizimodu basati batean… Hil ala bizi. Kasu horretan, ondoan izan nahi nituzke mekanikariak, edozeri motorra jartzeko gai direnak eta, baita ere askotan gogoan dudan lagun bat, basoan bakarrik utziz gero ere arrantzan, perretxikotan zein ehizan eginez aurrera egingo lukeena. Ondoan nahiko nuke nik. Badaezpada seme nagusiena, bere afizioz, ni ez bezala, trebatzen ari da superbibentzia eta basogintza praktikatan: aterako nau zulotik… kar-kar.

Oso denbora gutxian erabat aldatu da gure bizimodua, orain oso gutxi pentsaezina zen tamainan. Eta ahulenenganako edo gure nagusienenganako errespetua edo zaintza ardatz izanda tentuz jokatzea tokatzen zaigu. Tentuz bai, baina hilik ez; bizi ere egin behar dugu, bizi, mugitu eta sentitu. Bestela, akabo gu, haiek baino lehenago. Eta guri ere bizitzea dagokigu, ez irautea.

Nire ustetan, dagokigu buruz jokatuta baina etsi gabe bizitzak aurrera jarraitu dezan bultzatzea, ekintzen gurpila erabat gelditu ez dadin lan egitea, anormalitate honi nolabaiteko normaltasuna itsastea. Bizi garen eta biziko garen jarrera egunero agertu eta lantzea.

Askok buruan daukagu gaur egungoa irudikaezina zela, nolatan heldu garen egoera honetara… Eta, hara, zer pentsatuko duten orain edadetuak direnek: denbora gutxian aldaketa gehiegi izan ditugula eta abiadura handiegian bizi garela, hori dela gizartearen gaitz nagusienetakoa.

Hain zuzen ere, 60ko hamarkadatik izugarri aldatu da guztia, garatu edo erotu da. Orduan gure herriotan ez zegoen telefonorik etxeetan, umeak errepidean jolasten ziren, egunean lauzpabost auto besterik ez ziren pasatzen errepidetik, Ameriketara lan bila jotzen zutenak ez ziren bisitan etortzen urteak pasa arte, haiek bidalitako gutunak altxorrak ziren, umeak –ia ezerekin– zoriontsuak ziren eta ez zekiten aspertzea zer zen, herriko lurretan landutakoa –eta tarteka ekarritako elikagai batzuk– ziren orduko jatekoa, orain bezala lan jardunak luzeak ziren baina bizitzeko lain ematen zuten, eta ziur egon jendea orain baino patxada zein lasaitasun handiagoarekin bizi zela…

Zer esango digute ba gure nagusiek? Ba, azkarregi goazela, guztia –guztia edozer eta dena da– berehala nahi dugula, gauzen benetako garrantzia zein den ahaztuta dugula, daukagunak duen balioari eta jatorriari errespetua galdu diogula. Hau ez da indiar profezia bat –edo agian bai–, baina bai behintzat atzera begiratu, hausnartu eta bizitzari –egungoari– balioa eman eta bizitzeko deiadar bat. Ez etsi! •