Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Aingeru Mayor
sexologoa eta Naizen elkarteko kidea

«Duela hamar urte haurren transexualitatea ikusezina zen, baina baita pentsaezina ere»

Bi alabaren aita da, batek bulba dauka eta besteak, zakila. Sexologoa da formakuntzaz eta Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteko bultzatzaile, sortzaile eta kidea. 25 familiaren testigantzekin josi duen «Tránsitos» liburuak argia eta patxada eman nahi dizkio hainbeste iluntasun eta sufrimendu sortu ohi duen errealitateari.

Aniztasuna maite du, kutxa horretan denok kabitzen garelako eta ñabardurak izateko askatasuna ematen duelako. «Denok gara desberdinak eta izan gaitezen desberdin, baina eskubide eta aukera berberekin». Transexualitate egoeran dauden haurren eta gaztetxoen ezinak, minak eta pozak ondo ezagutzen ditu. Konturatuta dago estu daudenentzat ukendua dela egoera berean daudenen bizipenak ezagutzea, bakarrak ez direla sentitzea eta sufrimenduak aurpegi alaiago eta argiago bat duela sinestea. “Tránsitos. Comprender la transexualidad infantil y juvenil a través de los relatos de madres y padres” liburua josi du, 25 familiaren bizipen txatalekin.

Duela bost urte sortu zenuten Chrysallis Euskal Herria. 2019ko urtarrilean Naizen izena hartu zuen elkarteak. Denbora gutxian lortu duzue askoren begietan existitzen ez zen errealitate bat lehen lerrora ekartzea eta jendarteari hainbeste gauza irakastea...

Bai, egia da. Duela bost urte eta erdi, martxoaren 8an, sortu genuen Chrysallis Euskal Herria. Prentsa ohar bat bidali genuen elkartearen sorreraren berri emanez eta GARA egunkaria izan zen berria jaso zuen bakarra. Komunikabideetan oso gutxi hitz egiten zen transexualitate egoerari buruz eta hitz egiten zenean ere oker egiten zen; «neska izan nahi duen mutila», «gorputz okerrean jaiotako haurra» eta antzeko esapideak erabiltzen ziren.

2013an Estatu espainolean Chrysallis sortu zen, familia gutxi batzuekin. Tartean zen Gasteizko familia bat, Euskal Herrian haurren transexualitateaz publikoki hizketan atera zen lehen familia. Familia horiek beren errealitatea kontatzen hasi ziren komunikabideetan eta egoera horiek bistaratzen hasi bezain pronto, familia asko hasi ziren pentsatzen akaso beren etxean gertatzen ari zena hori zela, ulertzen ez zituzten egoerak bizitzen ari baitziren. Hasieran albisteak gutxi ziren eta gaizki kontatuak, baina hala ere Chrysallisera gerturatzen hasi ziren familien eztanda bat gertatu zen.

EAEn eta Nafarroan, 2015ean, zortzi familiak erabaki genuen Chrysallis Euskal Herria sortzea. Buru-belarri jarri ginen lanean familiei laguntzen, erakundeekin hizketan eta komunikabideetara gerturatzen. Zutabe horiek elkar elikatzen dute, izan ere, komunikabideetan zenbat eta gehiago agertu, orduan eta familia gehiago gerturatzen dira elkartera. Gorakada sekulakoa izan da, zortzi familia izatetik 175 familia izatera pasatu gara bost urtean. Eta kopuru horrek hazten jarraitzen du hilabetez hilabete.

Zein izan dira gakoak? Zer gertatu da bost urte horietan jendarteak transexualitatea ikusteko eta ulertzeko modua aldatzeko, nahiz eta oraindik bide luzea dagoen egiteko?

Elkartea sortu zenean, familiek bazuten nora jo laguntza eske eta komunikabideetan ere gaiari gero eta toki gehiago egiten hasi ziren. Nolabait, une batean modako gai bihurtu zela esango nuke.

Niretzat gakoetako bat izan da haurrak direla, transexualitate egoeran dauden haurrak. Pertsona transexual helduak historikoki baztertuak izan dira eta egoera berean jarraitzen dute. Baina haurrei buruz ari garenez, gizarteak haur horiek besarkatu egiten ditu, babestu. Haurtzaroko transexualitateak erraztu egin du orain arte jende askoren buruan zegoen iruditeria deseraikitzen. Nolabait, gizarteak ez du onartzen haur horiek sufritzen ikustea.

Horrez gain, gure elkartean bi bide jorratu ditugu nagusiki. Batetik, ezagutza denon eskura jartzea eta, bestetik, maitasunaren mezua. Uste dut gizarteak ondo jaso duela bai informazioa bai maitasunaren mezua. Zenbat eta familia gehiago agertu eta ikusarazi, orduan eta zabalago iristen da mezua. Gurpil zoro bat da.

Familiez ari zarela, «Tránsitos» liburuan garbi geratzen da askotariko familiek bizi dutela transexualitatearen errealitatea; kolore sozial, ekonomiko, politiko, erlijioso askotarikoak.

Hori horrela da eta elkartearentzat opari polita izan da, behartu gaituelako benetan aniztasun osoa onartzera. Joera ideologiko desberdinak, lanbide oso desberdinetako langileak, askotariko egoera soziolinguistikoak... elkartu gara gure haurren ongizatearen alde lan egiteko. Nire bizitzan lehen aldia izan da hain pentsamendu desberdineko jendea ezagutu dudana, Euskal Herrian gauzak asko polarizatzen baitira orokorrean. Baina elkartean ideologia politikoak, egoera soziolinguistikoak eta bestelakoak bigarren mailan jartzen dira gure helburuaren alde. Haurrak sufritzen ari dira, hori oso-oso gogorra da. Haurren zoriontasunaren alde, elkartean familia oso-oso desberdinak ari gara lanean.

Haurren sufrimendua aipatu duzu. Zure liburuan bada pasarte esanguratsu bat. Transexualitate egoeran dagoen haur baten aitak esaten duenez, «ni oso gizon oinarrizkoa naiz, motoak eta emakumeak ditut buruan. Emazteak dio cro-magnon bat naizela. Ez dakizu zein gogorra izan den niretzat seme bat ez nuela onartzea. Baina pertsona transexual helduekin hitz egin dut eta bi gauza galdetu dizkiet: noiztik zekiten eta nolakoa izan den beren haurtzaroa. Denak erantzun didate betidanik jakin dutela eta haurtzaro oso txarra izan dutela. Eta nik ez dut nahi hori nire alabarentzat».

Hori da gakoa, inork ez du nahi bere haurrak sufritzea. Behin Ares Piñeirori entzun nion esaldia datorkit gogora. Piñeiro gizon transexuala da, Errespetuz elkarteko kidea. Haren esanetan, «orain arte gure eskubideen alde borroka egiten genuen pertsonak ginen. Orain haurren gurasoak dira beren haurren zoriontasunaren alde borrokatzen direnak eta hori geldiezina da».

Elkartean gauden gurasoak ez gabiltza gure eskubideen alde, elkartera bultzatzen gaituen indarra gure haurren eskubideen aldeko borroka da. Gerta daiteke norberak bere prozesua egitean elkartetik urruntzea eta badaude elkartean aktiboki parte hartzen denbora tarte bat baino ematen ez duten familiak. Baina beste askok garbi daukagu jarraitu egin behar dugula ingurua aldatzen, lortu dugula gure haurrak gaizki egotetik ondo egotera pasatzea, baina gizartean gauza asko daudela aldatzeko.

Ez da elkartasuna, mundua aldatzeko beharra baizik.

Bai eta paradoxikoa da. Familia horien helburua ez da inondik inora mundua aldatzea, beren haurrak etxean zoriontsu izatea baizik. Baina pauso horiek ematean nabarmen geratzen da gizartea aldatzeko beharra; izan ere, haur horiek etxetik ateratzean laguntxoek, bizilagunek, irakasleek, senideek... errealitate hori ulertu egin behar dute, bestela bazterketa eta sufrimendua etorriko baitira.

Sekulakoa da, bost-zazpi urtean lortu dugulako beste aktibismo sozial askok hamarkada luzeetan lortu ez dutena. Aktibismoan askotan helmuga utopikoa da eta borrokan ari direnek askotan ez dituzte emaitzak ikusten. Baina transexualitatearen gaian eman diren aurrerapausoak itzelak dira. Ez da bakarrik ikusgarritasuna lortu, gehiago da. Duela hamar urte haurren transexualitatea ikusezina zen, baina baita pentsaezina ere. Lortu dugu ikusgarri egitea eta pentsagarri egitea.

“Tránsitos” liburuan 25 familiaren bizipenen kontaketak bildu dituzu, lehen pertsonan jasoak. Eta kontaketa horietatik datuak, ondorioak, egitateak atera dituzu.

Liburuak zenbait helburu dauzka, baina lan hau egiteko arrazoi nagusia honakoa da: iluntasunean, beldurrez eta galduta dauden familiak elkartera hurbildu eta ezagutza teorikoa jasotzen dutenean, balio eta eraginik handiena duena egoera berean dauden beste familien testigantzak jasotzea da. Familiak elkartera egoera txarrean iristen dira, beldurtuta eta larritasun handiarekin, zer egin ez dakitela. Batez ere, etorkizunari diote beldurra, oso ilun irudikatzen dutelako. Ikusten dutenean beste familia batzuk lasai eta pozik daudela, haurrak jolasean eta irribarrez, horrek sekulako indarra dauka. Horregatik askotan familiak elkartera lehen aldiz etortzen direnean askotan beste familia batzuekin harremanetan jartzen ditugu, oso lagungarria delako.

Hori izan da liburua egiteko arrazoi nagusia, egoera berean dauden familientzat baliagarriak diren testigantzak jasotzea. Baina testigantza horiek ez dira bakarrik baliagarriak prozesuaren hasieran dauden familientzat. Bigarren helburua da profesional, hezitzaile eta, oro har, gizartera iristea. Adibidez, pediatra batentzat oso baliagarria izan daiteke, noizbait horrelako kasu bat topatzen badu, azkar identifikatu ahal izateko.

Liburuko kontakizunetatik ondorioztatzen da handia dela ezjakintasuna profesionalen artean: pediatrak, irakasleak, psikologoak... Harrigarria eta kezkagarria.

Orain arte inork ez zekien ezer haurren transexualitatearen inguruan. Ezjakintasuna ez dago profesionalen artean bakarrik, gizarte osoan baizik. Horregatik liburuaren helburu garrantzitsuetako bat profesionalei ezagutza eta informazioa eskaintzea da, bi modutara gainera: testigantzen bitartez eta liburuaren bigarren partean ageri den analisiaren bitartez. Baina garrantzitsua da profesionalek testigantzak irakurtzea, gauza asko ulertzen lagunduko dielako horrek transexualitate egoeran dagoen haur baten aurrean daudenean.

Eta, azkenik, hirugarren helburua gizarte osoa da, edonor. Irakurtzeko samurra da, istorio hunkigarriak biltzen ditu eta irakurketaz gain, opari bat eskaintzen du, errealitate hori ezagutzeko aukera. Guk behar duguna da ez bakarrik familiek eta profesionalek ezagutzea gure haurren errealitatea, gizarte osoak baizik.

Genero rolez eta genero inposaketez asko hitz egiten da. Transexualitate egoeran dauden haur eta gaztetxoek rol eta estereotipo horietan muturrekoenak hartzen dituzte askotan, batez ere prozesuaren hasieran.

Haur eta gaztetxo horien kasuan, beren sexu identitatea ez da ikusten, ez da onartzen eta ukatu egiten da. Hitzez esaten dutenean zer diren ukatu egiten zaie. Horregatik, inguruan dauden estereotipoak hartzen dituzte, muturrekoenak, inork ez dezan zalantzan jarri zer diren. Estereotipo horiek erabiltzen dituzte munduari zer diren oihukatzeko tresna bezala. Kontua oso indar handikoa da, izan ere, kasu askotan, haur eta gaztetxo horien identitatea onartzen denean, estereotipo horiek alboan uzten dituzte, lasaitu egiten dira.

Adibidez, lehen, kasu askotan, buruko arrosa, soineko distiratsua, ile luze-luzea zeramaten neskek. Zakila duten neska bezala onartuak eta ikusiak sentitzen direnean, askoz aukeraketa apalagoa egiten dute janzkeran. Dagoeneko ez dute zer diren aldarrikatzeko beharrik sentitzen. Eta horrek zer pentsatua ematen du, haur horiek egunero-egunero, minutuero-minutuero, borrokan ari baitira munduarekin. Eta borroka hori latza da, egunero galtzen dutelako. Borrokaren helburua garbia da: «Ikus nazazue». Norberaren nortasuna besteen begiradaren interakzioan eraikitzen da. «Ez banaute ikusten, nola demontre eraikiko dut nire nortasuna?».

Eguneroko borroka aipatu duzu. Ertz asko dituen borroka da; etxean, lagunartean, eskolan, administrazioaren aurrean... zaren bezala ikusia izateko borroka.

Bai, norabide asko dauzka. Gertatu daiteke, adibidez, trantsitua egin duen neska bat medikura joatea, medikua itxaron gelara atera eta lehen zuen izenez deitzea. Imajinatu jendez betetako itxaron gela batean mutil izenez deitua izan eta neska bat altxatzen dela. Horiek ere badira gure elkartearen borrokak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bada txartel administratibo bat. Bertan izena aldatu daiteke eta horrek esan nahi du erkidegoko erakunde guztietan aldatuko dela izena. Baina nortasun agiria, adibidez, ezin da aldatu. Aireportu batera joaten baldin bazara, ez baduzu izena eta sexua aldatzea lortu, lehenagokoak agertuko dira. Borroka batzuk erkidego mailakoak dira eta beste batzuk estatu mailakoak. Une honetan Estatu mailan eragiten digun borrokarik gogorrena nortasun agiriarena da, beste borroka asko lege autonomikoetan jasotzen ari direlako.

Liburuan genero unitateei buruz hitz egiten da. Toki beldurgarriak dirudite.

Azken urteetan, eta hori kontakizunetan nabaritzen da, genero unitateetan aldaketa nabarmenak gertatu dira, onerako. Hego Euskal Herrian bi genero unitate daude, Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa eta Nafarroakoa. Oraindik zerbitzua askoz hobea izatea lortu behar dugu, baina liburuko kontakizunetan ikusten da lehen genero unitateak izugarriak zirela, oso txarrak. Zorionez egoera asko hobetu da eta gaur egungo genero unitateak askoz hobeto funtzionatzen dute. Baina oraindik badago zer aldatua.

Generoa eraikuntza soziala dela dioten ahotsak gero eta ozenagoak dira azken urteotan. Haurren transexualitatearen kasuan, teoria horiek kolokan jartzen al dira?

Transexualitate egoeran dauden haurrek teoria horiek dinamitatu egiten dituzte. Teoria batzuen arabera, generoa eraiki egiten da. Horren arabera, zu emakumea zara emakume izateko eraiki zaituztelako. Gauza desberdinak nahasten dira ideia horien azpian. Genero inposaketak eta genero eraikuntzak modu basati batean funtzionatzen dute eta baldintzatzen dute emakume edo gizon izateko modua. Baina horrek ez du egiten zu emakume edo gizon izatea. Eta gure haurrek hori frogatzen dute. Adibidez, zakila duen neska bat genero inposaketa guztiekin eraikitzen da mutil bezala –askotariko familiak daude. Batzuk zorrotzagoak eta besteak malguagoak dira genero inposaketarekin–, baina neska da. Eta hori oso garbi dauka. Gure haurrek aukera ematen digute ulertzeko gauza bat dela neska edo mutila izatea eta beste gauza bat nolako neska edo nolako mutila naizen. Eta hor genero inposaketak modu basatian gertatzen dira, nolako neskak eta mutilak izan behar duten inposatzen eta norberaren berezitasunak kimatzen.

Liburuan 25 familiaren testigantza bildu duzu. Bi bide desberdin ikusten dira: oso txikitatik beren errealitatea ahots goraz adierazten duten haurrak eta nerabezaroan, gorputzaren aldaketaren garaian, zer diren oihukatzen duten nerabeak.

Haurtzaroan haur horiek behar duten bakarra onarpena da. Ez dute behar tratamendu medikurik. Behar duten bakarra beren bidean laguntza eta babesa izatea da eta primerakoa litzateke laguntza hori osasun zerbitzuek ere eskainiko balute. Laguntza hori emateko egokiena ez da psikiatra bat edo pediatra bat; seguruen, sexologo batek edo gizarte hezitzaile batek askoz gehiago lagundu ditzake. Baina, tamalez, osasun zerbitzuek ez dute hori eskaintzen.

Urte gutxitan gauza asko aldatzen ari dira eta gauza asko ikusteko dauzkagu oraindik. Adibidez, dagoeneko iraultza bat gertatzen ari da, transexualitate egoeran dauden haur askok beren genitalak lasaitasun osoarekin bizi dituzte. Zeintzuk? Ba normalean oso txikitatik beren identitatea onartua izan den kasuetan gertatzen ari da. Haur horiek lasai ibiltzen dira biluzik etxean, kasu batzuetan baita lagunekin ere igerilekuan, errekan... Ikusten ari gara haur horiek oso bizipen lasaia daukatela beren genitalekin.

Gizarteak orain arte pentsatu izan du pertsona transexualek gorroto zituztela beren genitalak, ez zeudela gustura bere gorputzarekin, eta hori ez da egia, orain haur txiki batzuekin ikusten ari garenez. Baina are eta helduagoak direnean konturatzen dira pertsonok besteak kategorizatzeko daukagun behar horretan beren genitalek arazoak edo zalantzak sortzen dituztela. Eta gatazka bat hasten da: haur horrek bere genitalak ondo bizitzen ditu, baina besteek ikusten dituztenean bere identitatea ukatu dezaketela sentitzen du. Pubertarora iristean gero eta nabarmenagoa izaten da gatazka hori.

Baina gerta daiteke transexualitate egoera pubertaroan azaleratzea.

Bai. Gorputzean aldaketak gertatzen dira eta aldaketa horiek bultzatzen dituzte «nahikoa da!» esatera. Agian orain arte ez dute garbi adierazi gertatzen zaiena edo adierazi dute baina ez dituzte entzun. Baina gorputzean aldaketak gertatzen direnean, lehertu egiten da egoera. Pentsa, mutila izan eta hilekoa jaistea, edo neska izan eta bizarra haztea. Kasu horietan beren genitalekin sekulako arazoak izaten dituzte. Kasu horietan premia handikoa izaten da tratamendu endokrinologikoak martxan jartzea, beren gorputzean eragin nahi dutelako. Egoera horretan dauden gazte askok uda osoa ematen dute hondartzara edo igerilekura joan gabe. Kasu horietan bizipen oso txarra izaten dute beren genitalekin.

Baten batek esango du norbere gorputzarekin pozik bizitzea dela aukerarik onena. Estereotipo estetikoak hain gogorrak diren garaian haur eta gaztetxo transexualen gainean pisu gehiegi jartzea ez ote den...

Noski. Zalantzarik gabe estereotipo horien kontra borrokatu behar dugu jendea lasaiago bizi ahal izateko. Baina ezin dugu transexualitate egoeran dauden haur eta gaztetxoen gainean jarri zama hori. Leku batzuetatik esaten den bezala: «Izan zaitezke neska bat bizarrarekin». Bai, noski izan zaitezkeela. Nik erantzungo nieke egiteko haiek borroka hori, emakumeak ez depilatzeko, baina ez eskatzeko hori nire alabari. Zuk, adibidez, ez depilatzea erabakiko bazenu, norbaitek pentsa dezake «emakume utzia edota zikina» zarela, baina inork ez luke zalantzan jarriko emakumea zarela. Gure neskatoen kasuan, ez da zilegi bizarra utz dezatela eskatzea. Zakila edukitzeaz gain, bizarra ere baldin badute, behin eta berriz zalantzan jarriko dute beren identitatea. Nik kaletik ez ditut ikusten gizonak gonarekin edo emakumeak bizarrarekin. Genero inposaketen aurkako iraultza hori egin dezagun helduok, baina haur eta gaztetxo transexualen gainean ez jarri gainera zama hori.

Aurreikusten duguna da haurtzarotik beren identitatea onartua izan dutenek beren genitalekin askoz bizipen lasaiagoa izan arren, beren gorputzak berez sortzen ez dituen hormonak kanpotik jaso nahiko dituztela. Egoera hori berri-berria da eta ezin da jakin zer pasatuko den, baina hori da aurreikusten duguna.