Amagoia Mujika Telleria

EUSKAL EMAKUMEEN BURUKOAK, INPOSAKETA ZARTATU ZUEN JANTZIA

Erdi Aroan Elizak emakumeei ilea erakustea debekatu zien. Orduan sortu ziren burukoak. Buruko horiek gero eta ikusgarriago, konplexuago eta bereago bihurtu zituzten emakumeek. Eta hori gustatu ez Elizari. Bere inposaketa baten ondotik sortutako osagarria debekatu egin zuen azkenean, «askeegi» erabiltzen zelakoan eta emakumeek horretan «denbora gehiegi» erabiltzen zutelakoan, etxea eta etxekoak «abandonatuz».

gara-2020-10-29-Crónica

Mari Domingik badarama. Baita sorginek ere. Euskal Herriko emakumeek Erdi Aroan erabiltzen zituzten burukoak iritsi dira guganaino. Burukoen itxura iritsi da, baina apenas ezagutzen dugun esanahia. Hiru mendeetan zehar euskal jantzien osagarri garrantzitsuenetakoak izan ziren, kanpoko bisitarien arreta bereganatzen zutenak. Hala geratu da jasota Euskal Herrira bisitan etortzen ziren kanpotarrek idatzita eta marraztuta utzi dituzten kroniketan.

Amarenak moda jasangarriko enpresak urte eta erdi inguru darama buruko horien inguruko informazioa biltzen. Enpresaren sortzailea eta arima den Oihane Pardok azaldu duenez, «Elkanoren ingurubiraren 500. urteurrena zela eta, XVI. mendeko euskal janzkera aztertzen hasi ginen eta txundituta geratu ginen garai hartan emakumeek zeramatzaten burukoekin. Asturiastik Lapurdira eta Hondarribitik Gareseraino, XIV. mendetik aurrera, emakume ezkonduek buruko konplexu eta izugarriak janzten zituzten. Ezagunenak kono formakoak dira, muturra pixka bat kurbatua dutenak, Pablo Agüeroren ‘Akelarre’ estreinatu berri den filmean ikusten ditugunak, adibidez. Hala eta guztiz ere, barietate handia zegoen, sekulako aniztasuna topatu dugu ikertzen hasi orduko».

Pardok esan duenez, Kantaurialdeko emakumeen ezaugarria zen burukoa. «Gehienbat Euskal Herrian erabiltzen zen, baina topatu ditugun irudietan badaude Errioxakoak, Santanderrekoak, Asturiaskoak... Guk aurkitu dugun lehen irudia Burgosko monasterio batean dago. XIV. mendekoa da, 1384. urtekoa. XVI. mendera arte, ia ez dugu buruko horien irudirik. Amerikaren aurkikuntzarekin eta Elkanoren lehen mundu birarekin, gizakiarengan beste kultura batzuk ezagutzeko jakin-mina piztu zen eta jantzi kodexak agertu ziren. Haietan, beste leku batzuetan jendea nolakoa zen marrazten zuten bidaiariek. Euskal Herrira etortzen ziren bisitariak txundituta geratzen ziren. Horregatik, garai hartako kodexetan ikusten zituzten ehunka buruko erretratatzen zituzten».

Burukoen esanahia ezagutzeko Erdi Aroan kokatu behar dugu. Elizak agintzen zuen –ez bakarrik Euskal Herrian, herrialde kristau guztietan baizik– emakumeek ezin zutela ilerik erakutsi. Horregatik, kultura guztietan emakume kristauek burua tapatuta eramaten zuten eta horretarako modu desberdinak erabiltzen zituzten. «Euskal Herriko emakumeek erabiltzen zituzten burukoen jatorria ez dago oso garbi, baina dakiguna da pixkanaka gero eta konplexuagoak eta landuagoak bihurtu zirela. Ezkonduta zeuden emakumeek eta alargunek erabiltzen zituzten», azaldu du Pardok.

Horien ezaugarrien inguruan teoria desberdinak daude. «Ditugun irudi gehienak kanpotarrek egindakoak dira eta, beraz, buruko horien inguruko interpretazioak ere kanpotarren egindakoak dira. Esaten dutena da herri bakoitzean buruko mota bat eramaten zutela, baina aztertu ditugun irudietan toki berean buruko desberdinak erabiltzen zituztela ikusi dugu».

Jasotako azalpen horien arabera, burukoek ogibidearekin edota estatusarekin zuten zerikusia. Formari begiratuta, batzuen esanean inguruko paisaian inspiratzen ziren emakumeak burukoa egiteko orduan, inguruko mendietan adibidez. Beste batzuk inguruko eguneroko gauzetan inspiratuta zeuden; pitxerrak, itsasontzi formak...

Pardoren hitzetan, «burukoak askotarikoak dira, sekulako aberastasuna topatu dugu. Eta egia da buruko asko oso falikoak direla. Badago teoria bat horri lotua, burukoek ugalkortasunarekin zerikusia zutela esaten duena».

Norbere estatusa adierazteko bidea ere ba omen zen burukoa. «Burukoak lihozko oihalarekin egiten zituzten eta barruan zumezko armazoi bat zeramaten. Zenbat eta aberatsagoa izan, orduan eta oihal kopuru handiagoa. Erdi Aroan oihala trukerako erabiltzen zen, ordaintzeko sistema bezala. Oihala aberastasunaren adierazlea zen beraz, eta hori sumatzen zen burukoetan ere. Bestetik, emakume batzuek burukoetan apaingarriak eramaten zituzten eta apaingarri horiek ere erakusten zuten estatusa. Baina batez ere oihal kantitateak adierazten zuen».

Zenbat eta oihal gehiago, burukoa hainbat astunagoa. «Jasota dago garai batean arau bat jarri zela indarrean burukoetan erabiltzen zen oihal kopurua arautzen zuena. Nonbait erabaki zuten oihal gehiegi erabiltzen zela eta mugatu egin zuten», gaineratu du Pardok.

Elizaren inposaketa baten ondorioz sortu ziren burukoak. Baina denboraren joanean emakumeen estiloa, kreatibitatea, gustua erakusteko osagarri bat bihurtu zen. «Inposatu zieten hori emakumeek berera ekarri zuten eta beren nortasuna adierazteko modu bat bihurtu zuten», iritzi dio Pardok. Eta hori Elizari ez zitzaion gustatu.

«Azkenean, XVII. mendean, Inkisizioa puri-purian zegoen garaian, Elizak erabaki zuen burukoen erabilera, forma, kreatibitatea gehiegizkoa zela, emakumeek askatasun gehiegi zutela alor horretan eta debekatu egin zituen. Debeku horretarako eman zuen aitzakia izan zen emakumeek denbora asko galtzen zutela apaintzen eta etxea eta familia bazterrean uzten zituztela eta hori ez zela posible. Elizaren begietara burukoak ‘lizunak’ ziren eta ‘beren koketeriarekin’ emakumeek familia eta etxea ‘abandonatuak’ zituzten».

Badirudi, baina, lehen arau hori ez zutela oso serio hartu emakumeek eta ez ziotela kasu handirik egin eta berrogei urte geroago arau berri bat atera zuen Elizak. «Bigarren debeku horrek eta globalizazioaren ondorioz beste tokietako modak iristeak pixkanaka burukoen desagerpena ekarri zuten».

Burukoak eta sorginak

Gaur egungo iruditerian burukoak sorginekin lotzen dira. Oihane Pardok teoria propioa du horren inguruan. «Inkisizioa aipatu dut lehen eta badakigu Euskal Herrian Inkisizioak gogor jo zuela emakumeen kontra. Teoria desberdinak daude horren inguruan, baina itsasoa zuten herrialdeetan gizonezkoek herritik kanpo denbora asko ematen zuten eta emakumeek herrian nolabaiteko boterea zeukaten. Ñabardura guztiekin ulertu behar da hori, garai hartan emakumeak zapalduak eta isilduak baitziren. Bestetik, emakumeek sendabelarrak kontrolatzen zituzten eta bazituzten bestelako jakintzak ere. Gauza horiek normalean Elizaren kontra joan dira. Emakume bat sendabelar batzuk erabilita gaixotasun bat sendatzeko gai izatea, Jainkoaren inolako laguntzarik gabe, ez da Elizaren gustukoa. Emakume helduak, sendabelarrekin abilak, pisua zeukatenak herrian, askeak... Garai hartan emakume euskaldunek burukoak erabiltzen zituztenez, ez da arraroa buruko horiek sorginekin lotzea. Emakume ezkondu eta alargun guztiek eramaten zituzten burukoak, eta asko gazteak ziren, oso garaiz ezkontzen zirelako».

Ezkondu gabeko emakumeen itxura ere bitxia zen garai hartan. Ez zuten burukorik erabiltzen, baina ilea oso-oso motz eramaten zuten, larru-arras moztua. «Garai hartan garbitasuna arazo bat izaten zen. Jendea ez zen oso maiz garbitzen eta arazo handiak zituzten azalean, ilean. Hemen emakume ezkongabeek ilea oso motz eramaten zuten. Emakume gazteek eta ezkongabeek burua estali gabe eramaten zuten, eta guztiek ilea motz-motz zeramaten, higiene kontuengatik, itxuraz».

Gonzalo Correas espainiar idazlea Euskal Herrian bisitan izan zen eta XVI. mendeko testu batean hau idatzi zuen: «Neskatoak, garbitasunagatik, triskilatuta dabiltza, ile motzarekin, Errioxan, Araban eta hango eskualdeetan. Ile bazter bat baino ez dute uzten, belarritik belarrira, kopetatik». Christopher Widitzek 1530-1540 urteen bitartean egindako ilustrazio batean ere irudi horixe ageri da.

«Crowdfunding»-aren bidea

Amarenak moda jasangarriko enpresak sorreratik erronka bat izan du, janzteko istorioak sortzea. «Gure kultura eta jatorria ezagutzea oso garrantzitsua dela uste dugu, horiek gizarteari balioak transmititzen laguntzen dutelako. Buruko horien moduko istorioek, modu atsegin eta eraginkorrean laguntzen dute kultura hori ezagutu eta berreskuratzen. Gainera, itxuraz xumeak eta gogoratzeko errazak diren kontakizun horiek duela 500 urteko euskal emakumearen rola eta izaera ulertzen laguntzen digute, eta oso balio sakonez hitz egiten digute, hala nola adierazpen askatasunaz, berdintasunaz eta desberdinarekiko eta ulertzen ez denarekiko tolerantziaz».

Oihane Pardo harrapatuta geratu zen euskal emakumeen burukoekin eta urte eta erdi darama ikerketa lanean. «Beti egiten dudan lana da: museoekin eta ikerlariekin harremanetan jarri eta galdetu, dagoen dokumentazioa eta irudiak ikertu. Ahalik informaziorik gehien bildu». Informazio dezente lortu du, tartean berrehundik gora irudi.

«Hain harrituta geratu nintzen, erabaki bainuen Amarenak proiektuaren bitartez eta modaren eskutik burukoen istorioa plazaratu behar nuela. Korapilatsu samarra ikusten genuen berriro ere buruko horiek boladan jartzea. Baina, finean, burukoen inguruan gehien gustatzen zaiguna irudiak dira. Horregatik okurritu zitzaigun irudi horietako batzuk aukeratzea eta kamisetak eta laminak egitea».

Lortu dituzten berrehundik gora irudien artean aukeratzea ez da samurra. Horregatik erabaki dute «jendeak aukera dezala» eta horretarako Gipuzkoako Aldundiaren Meta egitasmoan parte hartzen ari dira. Kultura proiektuen finantzaketa kolektiboan (crowdfunding) oinarritutako ekimena da eta azaroaren 17ra arte dago zabalik burukoen proiektua diruz laguntzeko aukera [meta.goteo.org] .

Amarenak Metaren lehen edizioan egindako matchfunding kanpaina bati esker sortutako egitasmoa da. «Kanpaina hartan, kaiku txaketa modernizatuen lehen ekoizpena finantzatzea lortu genuen. Kanpaina hartatik aurrera, euskal kulturak ehun ondare aberats bezain ezezaguna duela jakin genuen, eta gure lanarekin horiek ezagutzera emateko eginkizuna hartu genuen».

«Guretzat irudien artean aukeratzea oso zaila da. Orduan okurritu zitzaigun polita izango litzatekeela jendeak aukeratzea. Finean gure helburua da jendeak burukoen berri izatea eta aukeratzeko modua ematea bada buruko horiek ezagutzeko bide bat. Horregatik crowdfunding-aren bidea oso ondo datorkigu», azaldu du Pardok.

Diru bilketa horretan jartzen duen diru kopuruaren arabera, irudirik gustukoena aukeratzeko boto kopuru bat eskaintzen zaio parte hartzaileari. Zenbat eta ekarpen handiagoa, orduan eta boto gehiago.

Boto horien arabera osatuko dute irudien bilduma. «Hasieran lau irudirekin hasiko gara eta horiekin egingo ditugu lau kamiseta desberdin eta lau lamina desberdin». Horrez gain, irudi guztien album edo liburuxka bat osatzeko asmoa ere badute. «Lau irudirekin ezin da erakutsi topatu dugun material guztia».