Xabier Izaga Gonzalez
Elkarrizketa
IDOIA SANTAMARIA URKAREGI
ITZULTZAILEA

«‘Aldibereko’ egin bitartean, Usurbildik bueltatzen nintzen eta Vienara sartzen nintzen arratsaldero»

Itzulpengintza ataleko Euskadi Saria irabazi du donostiarrak Ingeborg Bachmann austriarraren «Aldibereko» liburua euskarara ekartzeagatik. Itzulpen prozesuaz, obraz eta obraren egileaz hitz egin dugu berarekin.

Itzulpengintzako Euskadi Saria irabazi berri du kalitatezko obra baten kalitatezko itzulpena eginda. Ingeborg Bachmann austriarraren “Aldibereko” lanari zorroztasuna eta «kalitatezko denbora» eskaini dizkio euskarara emateko. Literatura itzulpenetan hasiberria dela dio; edonola ere, Bachmannek irakurleari erakusten dion errespetu bera erakusten dio Idoia Santamaria Urkaregik. Horretaz mintzatu da, besteak beste, GAUR8rekin.

Beharbada azken galdera izan beharko luke; edonola ere, sari honek eman al dizu hurrengo proiektu bati ekiteko bultzada?

Sariek beti funtzionatzen dute pixka bat hauspo modura. Niri sariak, egia esan, ustekabean harrapatu nau. Banekien finalista nintzela, baina kontuan edukita zer beste lan zeuden, eta haien artean bazeuden asko preziatzen nituen batzuk, pentsatzen nuen haietakoren batentzat izango zela saria. Ez dut esaten hori inolako antzerkia egitearren.

Ez dakit oraindik enkargu gehiago ekarriko dizkidan. Egia esan, proposatu didate zerbait, nahiz eta oraindik ez den erabat segurua, baina saria eman baino lehen beste liburu bat alemanetik itzultzea proposatu zidaten.

90eko hamarkadan Literatura Unibertsala bildumarako itzulpen bat egin zenuen; gero, tarteka, bakan batzuk eta azken biak, bi urtean.

Ni hasiberria naiz literaturan, nolabait esateko. 90eko hamarkadan Literatura Unibertsala bildumarako ingelesetik Fosterren lan bat egin nuen, eta azken bi urteetan aritu naiz horretan gehienbat. 2018an Fiedrich Durrenmatten “Epailea eta haren borreroa” argitaratu genuen, hura bukatu eta Bachmannen lagina aurkeztu nuen. Suerte handia izan nuen eta onartu egin zidaten. Baina, bestela, kontuan edukita zenbaterainoko eskarmentu literarioko itzultzaileak ditugun, ni horien ondoan hasiberria naiz. Literaturan esan nahi dut, e? Nik itzulpengintzan urte asko daramatzat, baina ez literaturan. Oso literaturazalea naiz eta gertutik jarraitu ditut nire kideen itzulpen literarioak, baina urte askoan beste zeregin batzuk izan ditut, eta pertsonalki ere beste erronka batzuk, zaintza lan asko etxean eta abar. Horrenbestez, nire lan orduez kanpo ere ezin nion literaturari nahiko nukeen denbora guztia dedikatu.

Zortzi orduz itzulpenak egiten egon ondoren.

Hori kontuan hartzekoa da, literatura itzultzen dugun gehienok, ez baldin bagara behintzat itzultzaile autonomoak, besteren kontura lan egiten dugun itzultzaileok desordutan itzultzen dugu literatura. Zortzi orduko jarduna bukatu ondoren, buelta etxera eta jarri zaitez mimoz egin nahi duzun horrekin. Alde nekagarria du horrela egiteak, baina badu beste alde on bat ere, zure eguneroko jardunetik, akaso gai aldetik hain gustuko ez daukazun testu batetik, zure gelatxoan sartzen zara eta aukera daukazu… Nik, adibidez, azken urtean, “Aldibereko” egin bitartean, Usurbildik bueltatzen nintzen eta Vienara sartzen nintzen egunero arratsaldeetan.

Kontua da dedikatu behar diozula daukazun denbora eta kalitatezko denbora ere izan dadin saiatu behar duzula. Ez da produzitzea, zuri lan hori gustatzen zaizu eta mimoz egin nahi duzu. Ni berehala konturatu nintzen eguneroko lanaz aparte nekez egin nitzakeela pulamentuz bi ordu baino gehiago egunean. Bi ordu egunero, baina bi ordu diziplina handiz. Eta gero, asteburuak dedikatu dizkiot, ia ehuneko ehunean, bukatu dudan arte... eta oporrak. Horrela egin dut eta ez dut esaten kexa modura, e? Egin dudana oso gustura egin dut, baina esan nahi dut hau beste lan batean ari baldin bazara, horrela egin beharreko kontua dela. Niretzat erraza da esaten, seguruena ni berez nahiko pertsona diziplinatua naizelako, baina uste dut horrelako gauza bat egiteko inportantea dela diziplina hori.

Lana bukatutakoan sentsazio ona izan zenuen?

Hori beste lagun batek galdetu zidan, eta esan behar dut baietz. Liburu honekin, eta itzulpen guztiekin, beti dago sufrimendu parte bat eta gozamen parte bat. Lagun batek, Miren Iriarte itzultzaileak esaten dio «sufrimendu goxo bat». Grazia egin zidan lehendabiziko aldiz entzun nionean, eta bada horrelako zerbait, alegia, sufrituz gozatzen da eta gozatuz sufritzen da. Egia da liburu honek badituela zailtasun formal batzuk, batez ere lehendabiziko ipuinean, eta izerdi dezente botarazi zidala alde horretatik...

Izan ere, «ederki izerdituko» zinela pentsatu zenuen itzulpena hasi aurretik, ezta?

Bai, zeren aurkeztu behar izan nuen lagina lehendabiziko ipuinekoa zen, eta lehendabiziko hori nolabait formalki erradikalena da; beraz, berehala ikusi nuen horrekin izerdi batzuk bota behar nituela. Baina, bestalde, ipuin osoa irakurrita, konturatu nintzen asko gustatu zitzaidala eta esan nuen: «proba egingo dut, lagina bidaliko dut eta baietz esaten baldin badidate, gimnasiako arropak jantziko ditut…» [barrez]. Zuzentzaileen eskuetatik pasatu ondoren nolabait behin betiko bertsioa moldatu nuenean, nik egin dezakedana hor dagoela pentsatu nuen. Horrekin ez dut esan nahi lan hau hobeto egin ezin daitekeenik, seguru hobetu daitekeela, baina nik egiten dakidana, ahalik eta ondoen egiten dakidana, liburu horretan dago. Alde horretatik, lasai gelditu nintzen iruditu zitzaidalako nik eman nezakeena eman nuela.

Sariaren epaimahaiak esan zuenez, erabaki ausarten bidez lortu duzu ipuin horietako protagonisten ahotsa irakurle euskaldunari entzunaraztea. Itzultzaileok erabaki asko hartzen dituzue.

Nik uste dut itzulpena, azken batean, edozein itzulpen, erabaki txiki asko direla. Askotan ez da erabaki ikaragarri transzendenterik, baina erabaki txiki asko dira egunero hartu behar izaten dituzunak, eta horiek guztiek ematen diote azkenean itxura bat eta tonu bat liburuari. Itxuraz hain txikiak ematen duten erabaki horiek bukaeran konturatzen zara akaso ez zirela hain txikiak. Nik erabaki ausartak hartu ditudala esaten dutenean, uste dut besteak beste lehenengo ipuineko konplexutasunaz ari direla. Jatorrizkoan ez dago paragrafo banaketarik, puntuazioa ere oso arindua dago, lehendabiziko lauzpabost orrietan ez dakizu oraindik seguru zein ari den hizketan, zer ari den gertatzen… Irakurritakoan, lehendabiziko bi erreakzio automatiko izan nituen; batetik, pentsatzen duzu «Uf! hau nola egingo dut?», eta bestetik, egileak alemanez ez baditu pista nabarmenak ematen, nik ezin ditudala eman pista nabarmenak euskaraz. Nik ez dut produktu didaktiko bat egin behar euskal irakurleak Bachmann erraz irakur dezan. Nik egin behar dut, noski, euskal irakurlearentzako baliozko produktu bat, Bachmann ari dela irakurtzen jakin dezan; euskaraz, baina Bachmann.

Topatu dituzun arazo batzuk ez dira berriak, baina kasuan-kasuan aztertu behar izan dituzu.

Ohiko arazoak izaten dira itzulpenetan. Ipuin honetan, adibidez, aurreneko laurdenera-edo iritsi arte pertsonaiek –eta bi pertsonaia dira, gizonezkoa eta emakumezkoa– ez dute izenik; jakina, alemanez, gaztelaniaz edo frantsesez bezalaxe, izenordain maskulinoa eta femeninoa dituzte eta, beraz, nahiz izenik ez izan, denbora guztian dakizu zein izenordainekin ari den. Euskaraz hori ez daukagu, eta hori itzulpenetan askotan gertatzen zaigun gauza da, ez da liburu honetako gauza partikularra. Hor ibili nintzen aztertzen beste batzuek zer egin duten; adibidez, Xabier Olarrak “Ulises”-en: izenordain azentuduna eta azenturik gabea erabili. Berarekin ere hitz egin nuen, eta kasu honen soluziorik onena beste bide batetik jotzea zela erabaki genuen, izenak agertu arte “gizon” eta “emakume” hitzak erabiltzea, behar-beharrezkoa zelako identifikatzeko nor ari zen hizketan.

Beste bat, emakumeen hikako bakarrizketen ingurukoa. Nahiz eta euskarazko tradizioan emakumeen hikako bakarrizketak toka egiten diren, kasu honetan ea hori komeni zitzaidan erabaki behar nuen, eta hori ere Olarrarekin komentatu nuen, hain zuzen berari ere gauza bera gertatu zitzaiolako “Ulises”-en, Mollyren bakarrizketan. Nire ipuineko emakumea bere buruarekin ari denean, gizona ondoan du, eta toka jartzen banuen, uler zitekeen gizonari ari zitzaiola. Eta tradizioaren aurka eta nolabait testuaren alde egin nuen: noka egingo zuen, irakurlearentzat garbi gelditu zedin emakumea bere buruarekin ari zela.

Testuaren konplexutasuna aipatu duzu, batez ere lehenengo ipuinarena. Zailtasun hori ere transmititu beharra dago itzulpenean?

Ez dakit zenbateraino den zailtasuna. Nik uste dut Bachmannek errespetu handiz tratatzen duela irakurlea; alegia, pertsona heldu bezala. Ez dizkio gauzak errazten errazteagatik, pentsatzen du irakurleak ulertuko dituela berak esaten eta idazten dituen gauzak, ez dio ematen azalpen gehigarririk. Alde horretatik, nire ikuspegitik, horrek balio erantsia ematen dio testuari, ironia erabiltzen edo garaiko momentuak deskribatzen dituenean bezala. Ez du pentsatzen bere buruarekin ondo gelditu nahi duela zenbait iritzi ematen dituenean. Hori dena berak pertsonaien ahotsetik botatzen du eta irakurleak ondoriorik atera behar baldin badu, atera dezala. Hori egiten du kasu bakoitzean testuari eman behar dion forma bereziarekin. Lehendabizikoan etengabeko uhar hori, barne bakarrizketa zehar-estilo librean idatzita, eta beste ipuin batzuetan beste bide batzuk erabiltzen ditu, baita tipografikoak ere, eta ni saiatu naiz horiek ere errespetatzen, iruditu zaidalako funtzio bat dutela testuan.

Euskal Herrian Bachmann ez da oso ezaguna, are gutxiago narratzaile gisa, eta Alemaniako letretan bada nor, ezta? Itzulpen honi esker ezagunagoa izango dela uste duzu?

Nik hala nahi nuke. Egia da neronentzat, itzulpen hau egin aurretik, Bachmann poeta gisa zela ezaguna. Nik ipuin bat neukan irakurrita, baina aspaldi eta alboko jardun bezala, baina beti poeta bezala famatuta ikusi dut. Gainera, badakizu Munduko Poesia Kaieretan ere Bachmannen antologia bat argitaratuta dagoela, Nagore Tolosak itzulia. Berari bizitzan gertatu zitzaion hori. Sekulako ospea irabazi zuen lehendabiziko poema liburua argitaratu bezain laster, oso gaztea zela, eta liburu horrekin mundu germanofonoan dauden sari prestigiotsuenak irabazi zituen. Handik urte gutxira argitaratu zuen bigarren poema liburua eta geroztik ez zuen poema libururik argitaratu. Bera hil eta gero poema solteak argitaratu ziren, baina berak erabaki zuen poema gehiagorik ez idaztea eta prosa idazten hastea. Esaten zuen utzi ziola poemak idazteari nolabait konturatu zelako poemak idazteko teknikoki gai zela eta ez zuela poema gehiagorik idatzi nahi harik eta poema horiek nolabait bulkada benetako baten erantzuna izan arte. Ez zuela poemarik idatzi nahi gaitasun tekniko huts bategatik. Kritikariek ikaragarrizko kritika onak egin zizkioten poeta gisa, baina prosa idazten hasi zenean, askori iruditu zitzaien ordura arte poeta aski hermetiko eta intelektual famaduna izan zena istorio hutsal samarrak, emakume hutsal samarrak protagonista zituen prosa idazten hasi zela. Baina berak ez zuen etsi. Nik uste dut alde horretatik eskertzekoa dela berak inguruak esaten zionari kasu handirik ez egin izana.

Bachmann utzi gabe baina itzulpen prozesura itzulita, zuk esan duzu atseginena dokumentatze fasea dela. Nolabait itzulpenari berari heltzeko beldur edo?

Bai… itzultzaileok badakigu azkenean arazoak non, noiz aurkituko ditugun: testuan murgiltzen zarenean, orduan aterako zaizkizu harri koskor guztiak bidera, batzuetan koskorrak eta beste batzuetan koskorrak baino handiagoak.

Edonola ere, zuretzat oso fase garrantzitsua da.

Niri behintzat asko gustatzen zait, eta seguru nago itzultzaile askok ere gauza bera egiten dutela. Ez dakit, autorea oso ondo ezagutzen baldin baduzu, igual zuzenean sar zaitezke, baina bestela niri beti gustatzen zait girotze prozesu bat izatea liburuarekin jartzen naizenerako: egilearen beste lan batzuk irakurtzea, egileari buruzko zenbait kontu bilatzea... Adibidez, Bachmannen kasuan, “Aintzirarako hiru bide” azken ipuinean Bachmannen biografiarekin lotutako hainbat eta hainbat kontu daude, agertzen diren pertsonaiak, Klagenfurten kokatua egotea, Bachmannen jaioterrian, hain zuzen. Horrek denak badu eraginik ipuinean, eta hori guztia Austria-Hungariako Inperioaren historiarekin, inperioaren gainbeherarekin eta horrek ekarri zuen guztiarekin lotuta dago. Dokumentazio faserako hori dena pagotxa da. Gainera, dokumentatzen zarenean, konturatzen zara, adibidez, detaile tonto baina ez hain tontoez. Esate baterako, Austria-Hungariako Inperioaren gainbeherarako, Joseph Rothen “La marcha Radetzky” eta “La cripta de los capuchinos” irakurri nituen. Azken horretako pertsonaietako bat Trotta da, eta Bachmannen pertsonaietako batek ere Trotta du izena, Rothen nobelakoa baina Parisen kokatua, 50 edo 60ko hamarkadan, eta azken ipuineko emakume protagonistak Trotta hori ezagutzen du. Horrelako lotura horiek, ez baduzu hasierako fase hori egiten, ihes egiten dizute. Horrek ez du esan nahi, noski, hori dena nahitaezkoa denik Bachmannen liburu hau itzultzeko, baina niri lagundu egiten dit, eta asko. Gauza garrantzitsuenetako bat lortzen laguntzen dit: tonua, hain zuzen. Hori da, nire ustez, hizkuntzaren zuzentasunaz eta egokitasunaz harago, itzulpen lan batean gehien kostatzen dena eta nire ustez nahitaez irakurleari eman beharko geniokeena, zeren hori da autore bat identifikatzeko bidea.

Eta asmatu duzula nabaritu duzu?

Liburuan agertzen diren emakumeen istorio asko oso ezagunak dira edozein emakumerentzat, egia esan; orduan, alde horretatik, gertukoak zaizkizunez, are inportanteagoa bihurtzen da tonu hori, zeren are errazago nabaritzen duzu tonuan asmatzen ari zaren ala ez. Zuk badakizu gutxi gorabehera emakume batek egoera horretan zer sentsazio duen, eta hori nahi duzu transmititu. Kasu jakin batean esan nahi dut, e?

Gero, niri asko gustatzen zait Bachmann ez dela inorekin ezkontzen. Erraza da interpretatzen bost emakumeren ahotsetik hitz egiten duela eta orduan liburuaren irakurketa feminista bat egingo dugu, ezta? Eta egin daiteke. Baina Bachmannek ihes egiten die etiketa guztiei, eta nik asko eskertzen diot hori. Uste dut Bachmann pixka bat pertsonen konplexutasunaren adibide oso garbi bat dela. Badaude gauza batzuk liburuan emakume bezala ere, edo ez nahitaez emakume bezala, batzuetan deseroso egiten zaizkizunak; pasarte horietan ez da batere konplazientea emakumeekin. Berak ez du espero irakurlearen atxikimendu erabatekorik, pertsonaia bakoitzaren ikuspegitik idatzi behar duena idazten du, eta nik uste dut horregatik funtzionatzen dutela hain ondo ipuinek, ez dagoelako ez pentsamendu politiko zuzenik, ez sinplekeriarik…

Beste zerbait esan nahi al duzu?

Bakar-bakarrik esan nahiko nuke nahiz eta itzulpena nik egin dudan, zuzentzaileen lana ere asko eskertu beharrekoa dela. Itzultzaileen lana iruditzen zaigu beti bakarkako lana dela, baina ez da uste bezain bakarkakoa. Bakarrik lan egiten dugu, baina beti kontrastatzen ditugu lanak beste batzuekin, eta oso inportantea da kontraste hori, ez bakarrik hizkuntzaren zuzentasunaren edo egokitasunaren aldetik, baizik norbera istorio batean sartuta dagoenean, batzuetan kosta egiten da ikustea kanpotik batek ikusten duen inkoherentzia edo dena delakoa. Nik ikaragarri eskertzen dut gertu-gertu izan ditudan hiru zuzentzaileen lana, Xabier Olarra, Juan Gartzia eta Maialen Berasategirena, zeren hirurek egin dute lan benetan izugarria eta oso eskuzabal jokatu dute nirekin.

Hirurak itzultzaileak.

Hirurak itzultzaileak, bai. Pentsa Xabier Olarra eta Juan Gartziak zer curriculum daukaten, eta Maialenen kasua ere nire ustez aipagarria da, zeren oso gaztea da, baina dagoeneko itzulpen benetan gogoangarri batzuk egin ditu, eta nik uste dut proiekzio handiko itzultzailea dela. Hau pixka bat arotzarena bezalakoa da, ofizioa, egiten ikasten dena eta, hortaz, hain gaztea izanda, hobera bakarrik egin dezake Maialenek. Oso atsegina izan da harekin ere elkarrekin egitea.