Nerea GOTI
MAñARIKO HAMAHIRUAK

1937an kartzelatu zituzten hamahiru emakumeen memoria, erdigunean

Mañariko hamahiru emakume atxilotu zituzten frankistek 1937ko uztaila eta urria bitartean. Herrian, 83 urtez izan da gertakari haien zurrumurrua. Orain, gertakaria dokumentatu, memoria berreskuratu eta emakumeak omendu dituzte, «Atearen ostean, Mañariko 13 alabak» dokumentala aurkeztearekin batera.

Tropa frankistak kamioi batean agertu ziren Mañarian 1937ko uztailaren 29an eta etxerik etxe herriko hamar emakume atxilotu zituzten. Sarekada egin aurretik helduko ziren herrira altxamenduaren aurkakoen izen-abizenen bila, imajinatzekoa da; izan ere, horrela egin zuten herri askotan errepikatutako prozedura berberari jarraituta. Hala ere, ez dago gertakari haien zuzeneko testigantzarik jada, etxean gorde diren bakar batzuk soilik, haien ondorengoek gorde dituztenak eta ez kasu guztietan. Senitarteko batzuek Udalak bultzatutako ikerketaren ondorioz ezagutu dute amamak, izekok... bizi izan zuten hura. Beste herri askotan egin zuten bezala, Mañarian ere beldurraren legea zabaldu nahi izan zuten, eta errepresioaren mehatxupean isiltasunaren legea gehitu zitzaion hainbat hamarkadaz.

Clara Goiti, Ageda Goiti, Teresa Subinas, Maxima Arteaga, Antolina Gorospe, Carlota Goiti, Angela Aldekoa, Salome Arteaga, Julia Bizkarra eta Irene Bizkarra dira uztailaren 29ko sarekada hartan atxilotu zituztenak, baina egun haietan Mañariarekin lotura zuzen-zuzena zuten beste hiru emakumek ere ezagutu zuten frankisten errepresioa: Ramona Basterretxeak, Miren Edurne Bustintzak eta Jesusa Kapanagak. Azken hiru horiek une eta eta leku ezberdinetan atxilotu zituzten uda hartan.

Mañariko historiaren zati bat da emakume horien bizipena, eta gertatutakoari buruzko datuak 83 urte geroago ezagutu dira Udalaren ekimenez, Gerediaga Elkartearen laguntzarekin. Gertakariak dokumentatuta daude orain eta emakume horien istorioak legatu modura bildu dira hurrengo belaunaldientzat.

Pasa den urrian, gertaerak biltzen dituen “Atearen ostean, Mañariko 13 alabak” dokumentala estreinatu zuten herrian. Ikerketaren emaitzak, senitartekoen testigantzak eta adituen hitzak biltzen dituen ikus-entzunezko lanaren aurkezpenarekin batera emakume haien omenezko ekitaldia egin zuten herrian, herritarren parte hartzearekin. Hamahiru izen-abizen gehitu dira Mañarian, frankismoak errepresaliatutako guztien omenez egindako horma irudian.

Ainara Otxotorena Mañariko alkateak GAUR8ri azaldu dio gertakari horien inguruko zurrumurru batek bizirik jarraitzen zuela herrian, eta hori ikertzea erabaki zutela orain bi urte. «Gerra garaian espetxeratuak izan ziren emakume dezente zegoela Mañarian», horixe zioen herrian gordetako oroitzapenak. Horren gaineko ikerketa egiteko eskatu zioten Gerediaga Elkarteari, eta egiaztatu zuten 1937ko uztaila eta urria bitartean Mañariko hamahiru emakume espetxeratuak izan zirela. Ondoren informazio gehiago helduko zen artxiboetako agirietatik eta familien oroitzapenen artean.

Senitartekoekin bildu

«Emakume horien senitartekoekin harremanetan jarri ginen eta batzar bat egin genuen ikertutakoaren berri emateko. Batzuek ezagutzen zuten gertatutakoa, baina beste batzuek ez, eta herrian jendeak gertatu zena ez zekienez, senitartekoen testigantzak jasoz, adituen hitzekin… dokumental bat egitea bururatu zitzaigun eta gerora omenaldi xume bat eginez zabaltzea», azaldu du Otxotorenak.

Baina, nortzuk ziren emakume haiek? Zergatik atxilotu zituzten? EHUko Garaian ikerketa taldeak Mañariko emakume horien kasua aztertu du. Gurutze Ezkurdia Arteaga, Begoña Bilbao Bilbao eta Karmele Perez Urraza irakasleek osatzen dute talde hori. Diotenez, «Mañariko emakumeak garaiko beste edozein emakumeren modukoak ziren, herriko emakumeak».

Hala ere, bazuten frankistek barkatu ezin zuten jarrera bat. «Ez zuten altxamenduaren jarrerekin bat egiten», ikertzaile taldeak zehaztu duenez. Horrekin batera, egun haietan «Emakume Abertzale Batza ondo antolatuta zegoen eta hainbat kide zituen», gogoratu dute.

EHUko ikertzaileek GAUR8ri adierazitakoaren arabera, kontuan hartu behar da, bestalde, emakumeek ere gerrari aurre egin behar ziotela eta «atzeguardia» izan zela emakumeen tokia gerran. Azaldu dutenez, «zintzo-zintzo antolatu ziren» eta «gerrari aurre egin ahal izateko ezinbesteko aktore» bilakatu ziren. «Batetik, gizonek utzitako tokia ordezkatu zuten, eta gainera, fronterako lanak eta laguntza haien eskuetan zegoen».

Mañariko herriak, gainera, izaera estrategikoa zuen 1936ko gerran. «Urkiolatik behera eginda lehen herria da eta Urkiolako Sabigainen izugarrizko borrokak egon ziren luzaroan, eta erresistentzia oso gogorra izan zen», planteatu dute ikerlariek testuingurua irudikatzeko. Hala ere, argi utzi dute ez dakigula Mañariko emakumeek estrategia horretan zer parte hartze izan zuten, «baina seguruenik sareren batean eta laguntzaren antolaketan norbaitek hartuko zuen parte». Argitu dutenez, «pentsa egin daiteke, baina ez dakigu ziur».

Emakume haien profilari dagokionez, «etxekoandreak ziren gehienak, baina, gizartean parte hartzen hasiak baziren, hori oso gaizki ikusia zegoen, batez ere eskumako ikuspegietatik, are gehiago abertzaletasunaren edo ezkerreko ikuspegi zabalen adierazleak baziren», adierazi digute.

Parte hartze publikoa

Antzeko irakurketa egiten du Monika Calvo ikerlari eta kazetariak. Haren ustez, garaiko pentsaeraren testuinguruan kokatu behar dira gertakariak. «Ulertu behar dugu une horretan esparru publikoan parte hartzen agertzea» nahikoa zela seinalatua izateko. «Nahikoa zen, manifestazio batean parte hartzea, mitin batean...».

Calvoren esanetan, Bigarren Errepublikarekin hainbat lorpen etorri ziren emakumeentzat, eta espazio publikoa okupatzen hasi ziren. Errealitate berri hori ez zen sektore kontserbadoreen gustukoa izan eta faxistek erabat ezabatu nahi izan zuten. Landa eremuan lorpen horiek ez zuten Bilbon edota industria guneetan izan zuten erantzun hain zabala izan, baina «lorpenak hor zeuden», nabarmendu du Calvok.

Horren harira, EHUko Garaian ikerketa taldeak aipatu du «frankismoak eta sistema totalitario guztiek beldurra modu sistematikoan erabiltzen» dutela herritarrak kikildu eta menderatzeko, eta Francok «hasiera-hasieratik» erabili zuela estrategia gisa. Errepublikaren askatasun haizeen aurka, «emakumea etxean, gizonaren mende eta isilik edukitzeko, errepresio bortitza eta arrazoirik gabekoa zen argudio eta tresnarik eraginkorrena jendea beldurtuta etxean uzteko», diotenez.

Horri Calvok gaineratu dio emakumeek beldurraren mezuarekin barneratu behar zutela agindua: «Zuek egon behar duzue etxean eta ez kalean, senarra eta seme-alabak zaintzea da zuen betebeharra».

Matxinada delituak

Monika Calvo kazetari eta antropologoak ikerketan lagundu du eta dokumentalean hartu du parte aditu gisa. Doktore Tesia egiten ari da Bizkaian gerraosteko emakumeen aurkako errepresio penalaren inguruan. Gerediaga Elkarteak deitu zion Mañariko emakume errepresaliatuen inguruko datuak kontsultatzeko. Une hartan Bizkaiko espetxe probintzialetako espedienteak ikertzen ari zen eta bazeukan izen-abizenen zerrenda bat. Mañariko hamahiru emakume zeuden zerrenda hartan.

Calvori galdetu dio GAUR8k emakume horien kontrako prozesu penalek utzitako arrastoez. Zein delitu leporatzen zizkieten, zein ziren probak, zein zigorrak... Azaldu duenez, dokumentazioan apur bat denetarik zegoen, baina batez ere matxinada delituak aipatzen ziren, eta batik bat hasieran, lehenengo hilabeteetan, gero errepresio izaerako delituak agertzen ziren, baina zehaztu gabeak ziren. «Emakumeak espetxeratzen zituzten baina delituak zein ziren ez dira agertzen ez zeudelako, zegoen bakarra susmoa zen, emakumeak izateagatik eta ‘politikaren’ inguruan aritzeagatik ziren salaketak, baina ulertu behar dugu politika hori ez dela gaur egun ulertzen dugun praktika politikoa, alderdietan... Baizik eta esparru publikoan agertzea».

Mañariko emakumeen kasuan matxinada delitua zen nagusiki. Zigorren bat ere ezarri zen, hamabi urtekoa, baina ez zen bete, murrizteko hainbat dekretu izan zirelako. «Hamabi urteko espetxe zigorra izugarria zen, matxinadara atxikitzea leporatzen zioten, baina ez da agertzen beste ezer, ez zegoelako. Delituak gaindimentsionatuta zeuden, berez ez zen deliturik izan, emakumeekiko susmoa edo zalantza hori nahikoa zen delitua eraikitzeko».

«Egia da haien ingurua nahiko abertzalea zela, gehienak Emakume Batza elkartean egon ziren, baina nahiko normala zen inguru horretan egotea edo emakumeen zirkuluetan egotea», kontatu digu. Lekuaren arabera, «ezkerreko zirkuluak zeuden Bilbon eta Ezkerraldean eta emakumeen elkarte antifaxistak..., baina jazarpena emakume izateagatik zen batik bat. Etxea eta zaintza ziren emakumeen betebehar bakarrak eta hori inposatu nahi zuten: ‘ez dago kalerik, ez dago politikarik’».

Julen Orbegozok hamahiru istorio horien memoria egiteko prozesuan hartu du parte alkatearen ondoan eta dokumentalaren zuzendaritzan aritu da, Bideografikeko beste kide batekin batera. Haren ustez, «emakume haiek profil politikoa zuten ikuspegi tradizionaletik eta oraindik tradizionalki errekonozitu ez den ikuspegitik ere bazuten».

«Niretzat politikoa da ikurrin batzuk josi edo eskuorriak banatzea, baina politikoa ere bada zure senideei ‘Eusko Gudariak’ erakustea edo zure ondorengoak balore abertzaleetan heztea», gaineratu du.

Orbegozoren esanetan, haietako batzuek onartu zuten Abertzale Batzako kideak zirela eta kasu askotan aitortu zuten abertzaleen aldeko botoa eman zutela. «Baina deklarazioetan esaten dute ez zutela kargu esanguratsurik eta gehienek gerra ahalik eta lasterren bukatzea nahi zutela diote, lana aurrera eraman ahal izateko». Eta, era berean, «litekeena da» Mañariko herrian familia signifikatuetako kideak izatea, abertzaleak, eta eurek ere politikagintzan hasiak egotea eta Mañarian bertan Emakume Batzaren moduko talderen batean parte hartzea.

Aititaren altzoan, amaren zain

Atxiloketaren ostean ezer gutxi kontatu zuten gertakariaz eta hori «patroi nagusia» izan zela dio Orbegozok. «Kapitulu hori atzean utzi nahi izan zuten, joera ahaztea izan zen», aipatu du. Halaber, azpimarratu du emakume horiek hogei seme-alaben amak zirela eta haur horiek Mañarian amarik gabe geratu zirela, emakume horiek etxeko zutabea zirela, gizonak gerran edota espetxean baitzeuden.

Zuzeneko testigantza horietako bat oroitu du, Teofilo Zugazagoitirena. Zazpi urte zituen ama, Carlota Goiti, atxilotu zutenean. Kontatu zuen gogoan zuela oraindik ama eraman zuten gaua. Aititaren altzoan zegoen baserrian, sutondoan, eta amarekin joan nahi zuela esaten omen zion. «Aititak engainatzeko laster etorriko zela» esaten ziola kontatu zuen. Lau seme-alaba zituen Carlota Goitik eta harekin batera bere ahizpa Clara ere atxilotu zuten. Zazpi seme-alaba zituen Aurreketxe baserrikoak, txikienak bederatzi hilabete zituen eta haurra ere kartzelan sartu zuten.

Angela Aldekoak 30 urte zituen hamar emakumeen aurkako sarekadan atxilotu eta Larrinagako espetxera eraman zutenean. Etxean kontatu zuen kamioiak eraman zituenean mañariarren bat Durangora joan zela bertako alkatearekin hitz egitera, «emakume gehiago eramateko arrazoirik ez zegoela esateko» eta kamioia ez zela Mañarian berriz agertu. Izan ere, testigantza batzuen arabera luzeagoa omen zen faxistek zuten emakume mañariarren izenen zerrenda, baina ez zuten atxiloketa gehiago egin.

Julia Bizkarra ahizparekin batera atxilotu zuten. Etxean bazekiten gertatu zena. Senarra Kirikiño batailoiko gudaria izan zen eta hura ere kartzelan egon zen. Etxean gogoratzen dute EAJren aldekoa zela.

Haren ahizpa Irene Bizkarrak deklarazio bera sinatu zuen eta “Emakume” izan zela onartu, Ageda Goitik egin zuen bezala.

Ogia milizianoentzat

«Inoiz ez zuen arazorik izan gertaera hura gogoratu eta gertatutakoaz hitz egiteko. Milizianoentzat ogia egiteagatik salatu zutela esaten zuen. Bere senarra, Felix Aldekoa, gerran desagertu zen. Antolinak negar asko egin zuen kartzelan, ez zekielako bere seme-alabak zelan egongo ziren. Hamasei urteko neska baten zaintzapean utzi zituen kartzelan sartzean». Hitzok Iturrixa baserriko Antolina Gorospe Petralandarekin lotuak daude, haren senide batek kontatuta.

Bi hilabete egin zituen Gorospek Larrinagako kartzelan. 1937ko irailaren 29an utzi zuten aske beste hainbat herrikiderekin batera. Bere deklarazioan onartu zuen “Emakume” izan zela bi urtez baina kargurik izan gabe.

Herrian zabaldu duten informazioan, mañariarren biografia txiki bat eta senitartekoen oroitzapenak daude jasota, bai eta Bilboko espetxe probintzialeko agiriak eta epaile militarraren aurrean egindako deklarazioak ere.

Kontakizunen artean bitxikeriak ere badaude. Horietako batek Maxima Arteaga du protagonista. Errepublika garaian alkate izandako Segundo Beitiaren alaba zen. Sarekadan atxilotu zutenean 9, 7, 5 eta 3 urteko haurren ama zen. Haren seme batek kontatutakoaren arabera, lau neba-arrebak bakarrik geratu ziren baserrian eta izeko bat joaten zitzaien laguntzera. Memoria lanerako gogoratu zutenez, «ama balientea zen, egundo ez baitzen isildu eta beldurtu» eta gaineratu zuten Frankistek galdetu omen ziotela abiazio faxista Mañaritik pasa zenean zer esan zuen, eta berak «cosa buena no diría» erantzun omen ziela.

Teresa Subinas sarekadan hartutako nagusiena zen, senideek ez zioten kartzelako egonaldiaz ezer entzun baina komentatzen ei zuen herriko emakumeak atxilotuak izan zirela Batzokiko gudarientzat jertseak, berokiak eta arropak egiteagatik. Subinasek bezala Ramona Arteaga tabernariak ez zuen ezer kontatu.

Salome Arteaga bost hilabetez haurdun zegoen atxilotu zutenean eta bi urteko alaba bat utzi zuen etxean. Bere semeak utzitako testigantzan kontatu zuen tratu txarrak pairatu zituela eta ur zikina edatera behartu zutela.

Miren Edurne Bustintzak ia hiru urte egin zituen Larrinagako kartzelan. Hamabi urteko kartzela zigorra jarri zioten, atxilotuen artean altuena. Deklarazioan onartu zuen EAJko kidea zela 1933tik eta hauteskundeetan alderdiaren eskuorriak banatu zituela. Falangek salatu zuen «separatisten aldeko propagandista izateagatik, falangistak iraintzeagatik». Osasun arazoak zirela eta, ez zuen zigor osoa bete.

Jesusa Kapanagak 13 hilabete egin zituen espetxean. Bi urteko alaba senide batzuekin utzi behar izan zuen. Bere familiak kontatu zuen atxilotu zutenean «ahal izan zuten guztia» lapurtu ziotela. «Francoren abiazioa iraintzea eta altxamendu militarraren aldeko pertsonak fusilatzeko eskatzea leporatu zioten», baina frogarik gabe, aske utzi zuten. Orbegozok nabarmendu duenez, «83 urtez ez zaio eman istorio honi zeukan balioa».

 

«Bidea luzea da, uharte moduko ikerketak daude»

Mañariko Udalaren ekimena urrats garrantzitsu bat da memoria berreskuratzeko bidean, baina oraindik «oso bide luzea» geratzen dela nabarmendu du Monika Calvo ikertzaileak. Adierazi duenez, herrietan egiten ari diren ikerketa horiek «uhartetxo modukoak» dira, baina kontu horiek osatzen duten errealitate zabalago bat berreskuratu behar da.

Espetxe espedienteak ikertzen diharduen adituaren ustez, ezin da soilik espetxe bat ikertu «uharte bat» balitz bezala, «ulertzen da gertakari edo anekdota konkretu bat, baina ez da ulertzen zergatik antolatu zuten antzezlan hori, sare hori, emakumeak zigortzeko, eta sare moduan ulertu behar dugu agertokia: espetxe probintziala eta hainbat espetxe herrietan, deposituak...».

Calvoren ustez, gertatutakoa ulertzeko gako nagusia espetxe probintzialetan dago. «Horiek zuten garrantzia azpimarratu nahi dut, Saturrarangoa bezalako kartzelak zigorrak betetzeko baitziren; astakeria itzelak egiten zituzten han, baina haietara heltzeko espetxe probintzialek euren funtzioa bete behar zuten. Lehen pausoa ziren, han kozinatzen zen dena», dio ikerlariak.