Karlos ZURUTUZA

«Afganistango presidente komunista, nire aita zena»

Haurtzaroa nola igaro zuen galdetu diogu Mohamed Najibularen alaba zaharrenari. Eta nola bilakatzen da errefuxiatu presidente baten alaba? Bere aitaz ere hitz egin digu, jakina.

gara-2020-11-13-Entrevista

Bosgarren solairu batean zeukaten etxea, Kabulen. Sobietarrek altxatutako apartamentu bloke bat zen. Heelak dio goizean goiz esnatzen den horietako bat izan dela beti. Txikitan, bere gelako leihotik, eguzkia mendien artean altxatzen ikusten omen zuen egunero. Lagun amankomun baten bidez iritsi gara berarengana. «Najibularen alaba ezagutu nahiko zenukete? Zurichen bizi da egun», esan digu. Handik egun gutxi batzuetara, Heela Najibularekin ari gara hizketan.

«Azaroko egun hotz batean» jaio zela dio, 1977an. Ama irakaslea zuen, eta aitak ginekologia ikasketak bukatu berri zituen. Bere jarioagatik zen ezaguna Mohamed Najibula, bai eta bere indar fisikoagatik. “Zezena” ezizena ez zitzaion ustekabez egokitu. Politikan ere aktiboa zen oso: Heela mundura etorri orduko hamabi urte zeramatzan jada Afganistango Alderdi Demokratikoan. Bere hiru alabetako lehengoa zuen Heela; bi hilabete besterik ez zituen komunistak boterera iritsi zirenean Afganistanen.

1979an, Najibula herrialdea gobernatuko zuen batzorde komunistako kide bilakatu zen, baina alderdi barruko lehia eta liskarrek Teheranera, Irango hiriburura, bidali zuten, enbaxadore. Afganistandik urruti nahi zuten. Familiak Belgraden bilatu zuen babesa. Onai, bigarren alaba, han jaio zen, eta Jugoslavian bizi izan ziren laurak, sobietarrak 1979ko abenduan Afganistanen sartu ziren arte.

1980ko urtarrilean, zerbitzu sekretuetako buru izendatu zuten Najibula. Karguan eman zituen sei urte haietan zehar, Heela autobusez joaten zen eskolara. Etxerako bidean, tomateak eta pepinoak lapurtzen zituen etxe pareko baratzeetan eta, batzuetan, aitak Soldaduen Klubera eramaten zuen. Billarrean eta ping-pongean jokatzen ikasi du bertan.

Bizitza ederra da Mikrorayonen (bere auzoa). Kalean giroa dago beti, bai eta Kabulgo supermerkatu eta jatetxe onenak ere. Bat-batean, Heela orduko marrazki bizidunez ere gogoratu da: Tom eta Jerry, Barbapapatarrak… Eta Siziliako mafiari buruzko serie hura? Octopus izena zuelakoan dago. Igandeetan botatzen omen zuten eta elkarrekin ikusten zuten etxean beti.

Guztiak oso normala dirudi, baina ez da hala. Zera dio atsotitz zaharrak: «Afganistan mundua sortu osteko hondarrez eraiki zuen Jainkoak». Hamaika herri dira 7.000 mila metroko gailur eta basamortu lau eta idor horien artean: paxtunak, tajikak, balutxak, kirgizak, hazarak, uzbekoak eta turkmenak… Herrialdeko mugak, baina, XIX. mendean marraztu ziren. Britainiar eta errusiar inperioen arteko “bionbo” bat izatea egokitu zitzaion Afganistani.

Horren ondorioak XX. mendearen bukaeran ere nozitzen ziren. «Lauzpabost urte izango nituen gatazkaren kontzeptua ulertu nuenean. Etxe alboan jaurtigaiak erortzen ziren eta gero eta liskar armatu gehiago zeuden». Heelak sei urte besterik ez zituen, baina jakin bazekien gerra batek maite duzun norbait desagerrarazi dezakeela. Bere andereñorik kuttunena izan zen lehenengoa. Haurdun zegoen bonba batek akabatu zuenean. Mastoura izena zuen. Heriotza haren ondorioz Heelak ez zuen eskolara bueltatu nahi.

1986ko maiatzean, bere aita Komite Zentraleko idazkari nagusi izendatu zuten, Afganistango agintari berria. Presidentetzaren eraikinen gunera mugitzea gomendatu zieten Najibulatarrei, baina haren alboko etxe batean instalatu ziren azkenean. «Aldaketa itzela zen niretzako: ez neukan beste umeekin inolako kontakturik, soilik bisitan etortzen zirenenak ikusten nituen».

Sobietarrek 1947. urtetik zeukaten Afganistan beren orbitapean. Gobernu aliatu bat lortzearen truk, diru kantitate itzelak iristen ziren Moskutik, eta azpiegiturak hobetzen lagundu zuten: errepideak, zubiak, tunelak, erietxeak, Mikrorayon bezalako auzoak.... Aldi berean, hainbat baso erabat garbitu eta mendiak bonbardatu zituzten sobietarrek, mujahidinek (gerlariek) ezkutatzeko tokirik izan ez zezaten. Herrixka asko ere hustu eta herritar asko bahitu zituzten soldaduek, batez ere emakumeak.

Hegazti migratzaileak

«Afganistangoa ez zen, inondik ere, sobietar komunismoa; ez zen Urriko Iraultzaren afganiar bertsioa, ez genituen Leninen bustoak gurtzen. Otoi egiten genuen eta Ramadana bezalako ospakizun erlijiosoak gordetzen genituen. Sobietar Batasunean, aldiz, ez zen horrela gertatzen». Afganiar iraultzaileen akatsei buruz ere galdetu diogu Heelari. Bi azpimarratu ditu: «Lurren bat-bateko desjabetzeak lidergo tribala kolpatu zuen, eta horrek tentsio handia piztu zuen gizarte mailan. Bestalde, emakumezkoak berdintasunean hezi nahi izatea oso erradikala zen orduko gizarterako».

Edonola ere, afganiarrek kanpotarren susmo txarrak izateko arrazoi sendoak izan dituzte beti: Alexandro Handiaren garaietatik, estatubatuarrak 2001. urtean bertaratu ziren arte. Tartean, persiarrak, mongoliarrak, britainiarrak eta errusiarrak igaro ziren; Hitlerrek berak ere Afganistan inbaditzea pentsatu omen zuen. 1989. urtean Gorbatxovek tropak erretiratzeko agindua eman arren, gatazka biziki gaiztotu zen. Ohi legez, ez zen zerbaiten alde borrokatzen, norbaiten kontra baizik. Eta Mosku ez baldin bada, alboko bailarakoak izan daitezke, edo «heretikoak», edo «jainkoaren etsaiak», xiiak nahiz suniak… Denak denen kontra. Denak, gainera, kanpotik iritsitako armez josita.

Najibulatarrak porlanezko murruen artean bizi ziren orduan, etxeko beheko solairuan. Neskatoek jangelan egiten zuten lo, eta bulegoan gurasoek. Kabulgo eskola guztiak aspalditik itxita zeuden. «Erabateko isolamendua izan zen. Gure amak ematen zizkigun klaseak, eta dena gero eta zailagoa zen guretzat, bai eta afganiar ororentzat ere, jakina». Heelaren osabetako bat enbaxadore zen Indian, eta harengana jo zuten amak eta hiru alabek. 1991. urteko azaroa izan zen aita azkenekoz ikusi zuten aldia. Ez ziren inoiz berriz elkartu.

«Dena dut gogoan. Amak esan zigun ez ginela bueltatuko. Nik hamalau urte nituen eta zaila oso egiten zitzaidan onartzea ez nintzela eskolara bueltatuko, edota lagunak ez nituela berriz ikusiko».

Aitak esan zien beraiekin elkartuko zela, herrialdea egonkortu bezain pronto. Baina ezinezkoa izan zen. Mohamed Najibulak Italian zegoen errege zaharrarekin kontaktatzea lortu zuen, eta trantsizioak iraun bitartean “nazioaren aita”-ren rola beteko lukeen galdetu zion. Antza, mujahidinen sektore handi batek ontzat eman zuen behin-behineko gobernuaren proposamena eta geroko hauteskunde deialdia. Bat-batean, Nazio Batuek Najibularen berehalako dimisioa eskatu zuten, eta horrek bertan behera utzi zuen trantsizioa. Ofizialki, Afganistango gobernu komunista 1992ko apirilean erori zen. Kabulgo Nazio Batuen egoitzan bilatu zuen babesa Najibula presidenteak. Harresi haietatik kanpo, gerrako jaunen erreinuan, anabasa zen nagusi.

«Delhin geunden. Aitak lehen hilabetea ezkutatuta eman ostean, hurrengoan etorriko zelakoan geunden denok. Hori esaten ziguten beti». Baina lau urteko itxialdia izan zen. Familia arteko komunikazioa eskutitzen bidez gauzatzen zen edo, zortea lagun –oso gutxitan–, bisitan etortzen ziren Nazio Batuetako kideetako baten satelite telefonoaren bidez. 1994 amaitzear zegoen eta Afganistan ehunka feudotan desegin zen jada. Ziotenez, teologia ikasle talde batek Kabulerainoko ibilbideari ekin zion; bidean, beren etsaien buruak zintzilikatzen zituzten tankeen kanoietatik. Mila egun baino gutxiago behar izan zituzten herrialde osoa mendean hartzeko. Najibula presidentearen exekuzioak gerra baten bukaera eragin zuen, eta beste baten hasiera.

Deserria

Aita galdu ostean, Heela Indiako kaleko umeekin hasi zen lanean, Delhi hirian. «Ni baino okerrago zegoen jendea egon bazegoela ulertarazi zidan esperientziak. Une hartan, medikuntza ikasteko matrikula egitea erabaki nuen. Australia, Erresuma Batua eta antzeko herrialdetara bidali nituen eskaerak, baina Suitzak baino ez zidan bisa eman». Medikuntza ez, Nazioarteko Harremanak ikasi zituen Heelak Alpeetan. Gurutze Gorriaren lana miresten zuenez, lanpostu bat eskatu zuen bertan. Baina ez zekien frantsesez, eta oraindik ez zeukan behin betiko erresidentzia baimenik. Atzerrira jotzea gomendatu zioten eta India hautatu zuen, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioarekin bat egiteko. Handik Nepalera; Bangladesh, Kanbodia, Sri Lanka eta Bangkok jarraian, migrazio edo giza trafikoaren gaietan ardaztuta beti. Hamabi urteko ziklo haren ondoren, Suitzara bueltatu zen. Egun, «bitartekaritza eta senidetzea» gaitzat duen tesiarekin dabil buru-belarri Zuricheko Unibertsitatean.

«Nire aita nolakoa zen? Oso pertsona emozionala zen, zorrotza bezain sendoa bere erabakietan, baina gurekin jolastu eta abesteko prest zegoen beti. Delhin nengoeneko bere eskutitz bat gordeta daukat: tenis eskolak zeuden, baina mutilak ziren nagusi haietan eta nire amak ez zidan haietara joaten uzten. Aitari kontatu nion eta inoiz ahaztuko ez dudan azalpena eman zidan orduan: ‘Ez dago mutilen eta nesken arteko desberdintasunik, biok gaitasun berak baitauzkagu’. Nire amaren beldurra gizartearen epaiketa zela zioen aitak, horretaz babestu nahi ninduela».

Gizon krudela ere bazen askoren aburuz, batez ere zerbitzu sekretuetako buru jardun zen urte haietan zehar. Horri buruz galdetu diogu Heelari.

«Jende guztiak galdetzen dit, jakina. Twitterren badago era guztietako basakeriak salatzen dituen jendea: bati azala kentzen ikusi omen zuen batek; beste batek begiak, koilara batez… Sarri zientifikoki ezinezkoak diren istorioak dira. Legedi bat zegoen, prozedura batzuk… Heriotza zigor batek, esaterako, presidentearen eta Justizia ministroaren sinadurak behar zituen. Nire aita estatu horretako kide nabarmen bat izan zen, baina ez nuke esango jendea pertsonalki torturatu zuenik. Ezin ukatu errepresaliatuak egon zirela, baina ez da ahaztu behar Gerra Hotzaren urterik beroenak zirela, eta halakoxea zela propaganda ere».

Heela ez da oraindik Afganistanera bueltatu. Askotan pentsatu izan duela dio, baina, halakoetan, hango emakume ezkongabe baten bizitza irudikatzea nahikoa zuen pausoa ez emateko. Gainera, Nawaren ama da egun. «Nolakoa izango zen bere bizitza?». Edonola, afganiarra bere jaioterriari lotuta dago oraindik. Makina bat hitzaldi eta bestelako ekintzetan hartzen du parte, eta artikulu ugari idatzi ditu azken urteotan. Egungo Dohako bake prozesua dela eta, Heelak dio gauza batez konturatu dela: «Amerikarrak ere erretiratzeko irrikan daude. Gatazkari konponbide bat bilatzea ez da inoiz izan euren helburua».

Egun, Afganistango presidente komunista zenaren gorpua talibanen kontrolpeko herrixka batean omen dago. Haren alabarik zaharrenak dio bisita xume batek bere bizitzako kapitulu garrantzitsu bat ixten lagunduko liokeela. Badaki zaila izango dela, baina, auskalo. Historiak erakusten du ezer ez dela betirako.