Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta

«Inaxio kojua»

Eguneroko zurrunbiloan, gauza urgenteak, garrantzitsuak eta inportantziarik bakoak nahastean etortzen zaizkigu. Bizitzak ematen dakien kolpe handi horiek derrigortzen gaituzte gauzak bereiztera, lehentasunak ezarriz. Alegia, biharko derrigorrez amaitu behar duzun zeregin hain garrantzitsu hori bazterrean geratzen da, biziraupena jokoan jartzen duen krisia lehertzen denean.

Gaur Iñaxiorekin gogoratu naiz. Umetan, aitita Demetriok nire kargu hartzen zuenean, askotan topatzen genuen Lekeitioko kaleetan. Biak eibartarrak, 70 bat urteko agureak, Iñaxio aitita baino pixka bat gazteagoa. Askotan Isuntzako hondartzan elkartzen ginen, eta deigarria egiten zitzaidan tergalezko prakak erantzi, protesi artikulatua askatu eta Inaxio, bere izterrondoa agerian, uretara abiatzen zela. Gure aitita hondartzan praka eta mahuka luzeko alkandorarekin egoten zen horietakoa zenez, lehorretik ikusten genuen Inaxiok nola egiten zituen kilometroak joan-etorrian. Ez zegoen azalpenik, ezta nire aldeko galdera larririk ere; naturaltasuna zen nagusi, diapositiben kolore bereziekin gogoratzen ditudan haurtzaroko udako egun luze haietan.

Handik urte askotara, nintzen umea hazi egin zen, etxetik joanez eta pixka bat rolling stone bihurtuz. Bidaia bakarti motxileroak egin zalea nintzen, eta haietako bat gogoratzen dut bereziki, arrazoi askorengatik; bat gaur hemen kontatuko dudana. Arrasaten oinez hasi nintzen eta, Arlabandik zehar, Urbiaraino joan nintzen bi-hiru egunean, ahal bezala lo eginez eta mendi puntetan egunsentiak ikusiz. Gauetako bat Albiñako urtegi inguruan pasatu nuen, mendi txiki baten magal belartsuan. Leku atsegina, umela eta ezin berdeagoa, abere ugarirekin. Biharamuneko egunsentia mendixka haren tontorretik ikusi nuen; gerora jakingo nuen izena Jarindo zuela.

Oraindik urte gehiago pasatu ziren, hamar bat bai gutxienez, eta, halako batean, historia zalea izanik, aspalditik ikasi nahi nuen gai bati heldu nion: 1936ko gerra. Nire inguruan (etxean, kalean, liburuetan) behin eta berriro entzunak nituen oihartzun horiek benetan ezagutzea erabaki nuen; oro har, eta, bereziki, Eibar ingurukoak. Lehen pausua, jakina, gerra bera ezagutzea izan zen: tropen mugimenduak eta borroka frontearen nondik norakoak, alegia. Eta, hara non, hortxe biak topatu nituen: bai Iñaxio, bai Jarindo. Jakin nuen Iñaxiok Legutioko ofentsiban parte hartu zuela, Errepublikako Armadako gudari bezala. Kolpisten aireko bonbaketariengandik babestu nahian, zuhaitz baten atzean ostendu zela; eta enborrak gorputza babestu bazion ere, leherketa batek hanka eraman ziola. Jarindo mendian gertatu zen hori; Albertia ondoan. Gure amak kontatu zidan, egun horietan, tiro-zaparrada eta obus hotsa Gasteizko kaleetatik entzun zitzaketela; gerra aurretik aitita Demetrio hara bizitzera joana baitzen, familia eta guzti, Orbea fabrika Eibartik Gasteizera aldatu zenean. Une horretan, kolpistendako armak ekoizten ari zen fabrika.

Zirrara handia igarri nuen, mendi-baso baketsu haietan bertan mende erdi lehenago gertatutakoa ezagutzean. Hondartzan modu adeitsuan elkar agurtzen zuten bi eibartar horiek, gerran, alde banatan jardundakoak ziren, gerra materialak eta iskiluak tarteko. Nik ezer ez nekiela. Harrezkero buelta asko eman dizkiot gaiari, Lurrak zauriak berdintzeko duen ahalmen miresgarriari…

Ez dakit hemendik ikasgairik ateratzeko gai naizen halere; agian, ipuin afrikarretan bezala, kontakizunak ez du irakaspenik. Nik neuk bizi gabeko oroitzapen guztien artean, hori bai, bat nagusitzen da: arma hartuta mendira sasoiko joan eta ohatilan itzuli zen borrokalari gaztearena; gaztaroan hanka bakarrarekin bizitzen (lan egiten, ezkontzen, oinordekoak izaten) ikasi zuena; eta zahartzarora bizipozez eta gorroto barik ailegatzeko gai izan zena. Ez dakit besterik esaten. Zaharren artean bizitza eredu on asko aurki ditzakegu; gazteok kontuan hartu behar ditugunak, putzurik sakonenean gaudenean argirantz ateratzeko balio diezaguketen helduleku legez.

Ibon Oregi Isasi kirolariari eskainia. •

www.abante.eus