Amagoia Mujika Telleria
INDARKERIA MATXISTA ETA PROTOKOLOAK

Babesa erasoa jaso duenari, gogoetarako bidea kolektiboari

Gero eta udaletxe, festa gune, elkarte, enpresa, kirol elkarte, mugimendu politiko eta kolektibo gehiagotan dituzte indarkeria matxistaren kontrako protokoloak. Kasu baten aurrean eman beharreko pausoak jasotzen dituen tresna da. Baina hori baino gehiago ere bada; kontzientzia hartzeko eta gogoetarako urrats ausart eta konplexua. Eremu guztiak indarkeria matxistak lika-lika eginda badaude, ez ote da izango horren gainean eraikiak gaudela?
gara-2020-11-20-Reportaje
gara-2020-11-20-Reportaje

Ikerketa eta dokumentazio zentro feminista da Emagin eta «pentsamendu kritiko feminista» sustatzea da bere helburu nagusia, bertako Idoia Arraiza Zabalegik nabarmendu duenez. Azken helburua aldaketa soziala izanik, horretara heltzeko bide, bidegurutze eta bidezidor ugari ibiltzen dituzte Emaginekoek. Formazioa, ikerketa, proiektuak, aholkularitza, ekoizpenak, komunikazioa... Arlo askotatik egiten dute lan. Indarkeria matxista ertz ugaritatik astintzen saiatzen dira eta protokoloak egiteko aholkularitza eta laguntza eskaintzen diete beren atea jotzen dutenei. «Alde batetik jaien eremua dago. Azken urteotan sekulako lana egin da eta protokolo asko sortu dira. Txosna guneak, udalak, tabernariak... eragile asko ari dira koordinatzen protokolo horien inguruan. Jaialdi batzuek ere protokolo zehatzak sortu dituzte. Adibidez, Hatortxu Rockek. Beste esparru bat erakundeena da eta hor ere lantzen ari dira protokoloak. Eragile desberdinen jarduna eta koordinazioa lantzen duten tresnak dira, erakundeen artekoak. Eskualde batean herri bat baino gehiago egon daitezke eta herri bakoitzak bere zerbitzuak dauzka. Izan ere, eraso baten aurrean arreta ertz desberdinetatik eskain daiteke; osasun etxeetatik, gizarte zerbitzuetatik, poliziaren arlotik, udalaren aldetik... Eragile asko daude inplikatuta, baina askotan haien arteko koordinazioa ez da ona. Hori hobetzeko protokoloak egiten ari dira. Beste eremu bat dira elkarteak, erakundeak, enpresak, kolektiboak eta abar. Gu arlo guztietan aritzen gara aholkularitza eskaintzen», azaldu du Idoia Arraizak.

Indarkeria matxistaren kontrako protokoloak ez dira panazea, baina garrantzitsuak dira. «Oso garrantzitsua da emakume batek jakitea eraso bat pairatuz gero, baliabideak dituela, erabil ditzakeela eta laguntza eska dezakeela. Gero berak erabakiko du erabili edo ez, baina jakin behar du baduela nora jo», esan du Arraizak. Baduela nora jo eta jasoko duten pertsona horiek badakitela zertan ari diren. «Askotan koordinazio falta horren ondorioz, emakumearen konfidentzialtasuna kolokan jar daiteke. Eta hori bermatzea oso garrantzitsua da. Egia da, hala ere, konfidentzialtasun horrek berak batzuetan zaildu egiten dituela gauzak. Egoera oso zaila da eta gehiago herri txikietan, jendeak elkar gehiago ezagutzen duelako».

Formakuntza, garrantzitsua

Indarkeria matxistaren kontrako protokolo bat egiteko orduan, formakuntza garrantzitsua da. Tresna hori martxan jarri behar dutenak trebatu egin behar dira. «Formakuntza ematen dugu ikusteko indarkeria ez dela bakarrik bortxaketa bat edo sexu eraso bat. Horiek icebergaren punta baino ez dira, baina horien azpian mikromatxismo ugari daude; erasoak, jazarpenak, presioak... Mikromatxismo horiek egunerokoan ikus daitezke; bileretan nork hartzen duen gehiago hitza, nork mozten duen bestearen hitza... Gu saiatzen gara begirada zabaltzen eta ikusarazten matxismoa eta jarrera matxistak guztiok ditugula, baita gure elkarte, enpresa, komunitateetan ere. Hortik abiatuta erabakiko dugu protokoloak zer egoera mota hartuko dituen kontuan. Baina lehendabizi beharrezkoa da ikustea indarkeria matxista egiturazkoa dela, ez direla lau kasu isolatu».

Protokolo bat egitea ariketa sakona eta ausarta da. «Hasteko, komunitate horretako kide guztien inplikazioa eskatzen du. Guk beti saio parte hartzaileak egiten ditugu, protokolo horrek babes kolektiboa behar duelako. Garrantzitsua da guztiek onartzea eta jakitea zer sartzen den protokoloan. Horrez gain, gauza asko mugitzen dira; gizonen pribilegioen inguruko hausnarketa, norberak egiten duenari buruzkoa... Azkenik, protokoloak egiteko gure filosofiaren barruan ulertzen dugu eraso bat ez dela erasotzailearen eta erasoa jaso duenaren arteko arazo bat. Eraso hori kolektibo baten barruan gertatu da eta komunitate osoak ardura du. Botere harremanek asko markatzen gaituzte eta baita komunitate batean ere. Horiek ahalbidetzen dute indarkeria matxista. Guk uste dugu ardura kolektiboa dela eta kolektibo horrek baliabideak jarri behar dituela».

Indarkeria matxistaren kontrako protokoloak garrantzitsuak dira. «Batetik, prozesu parte hartzaile horren bitartez gaiari buruz hitz egiten da. Normalean lantzen ez diren gaiez hitz egiten dute komunitate bateko kideek eta hori bera aberatsa da. Horrez gain, emakumeoi ziurtasun gehiago ematen digu salaketa jartzeko orduan. Oso zaila da salaketa jartzea, eta are zailagoa erasotzailea ezaguna denean. Salaketa jarriz gero babesa izango dugula jakitea garrantzitsua da. Era berean, erasotzaileari ere mugak jartzen zaizkio. Agian bi aldiz pentsatuko du egin aurretik».