Ibai Azparren
EZOHIKOAREN ARRASTOA

Erdialdeko Amerikak ohiz kanpoko urakan sasoi baten ondoreak pairatu ditu

Ekaitzaren ostean, barerik ez. Erakunde humanitarioak eta agintariak ahalik azkarren ari ziren «Eta» urakanaren ondorioak arintzen, «Iota» iritsi zenean. Munduko Meteorologia Erakundea «superlatiborik» gabe geratu da Atlantikoko urakanen denboraldia deskribatzeko, 2005eko errekorrak hautsi baititu. Hori guztia klima aldaketaren eta pandemiaren testuinguruan.

Hildakoak, desagertuak, milaka kaltetu, baita suntsitutako etxeak, bideak eta laboreak ere. “Eta” urakanaren ondorioak dira Erdialdeko Amerikan. Kontinentearen barnean zikloi tropikalak jasateko joera handiena duen eskualde geografiko horretan, urtero fenomeno meteorologiko boteretsu horiek kalte handiak eragiten dituzte. Baina aurtengo denboraldia ezohikoa izan da.

AEBetako Gobernuko klimatologoek iragarri zuten ekaitzak Atlantikoan ekainaren 1ean hasi eta azaroaren 30era arte luzatuko zirela, eta urakanen denboraldia gogorra izango zela. «Superlatiborik gabe geratu gara denboraldi hau kalifikatzeko, markak hautsi dira zentzu guztietan. Denboraldi hori normalean amaitzen den garaian gaude, baina oraingoan ez da horrela», adierazi zuen aurreko astean Munduko Meteorologia Erakundeko ordezkariak.

Zikloi tropikalen kopuruari dagokionez, 2020ak 2005eko errekorra hautsi du eta Munduko Meteorologia Erakundeko zerrenda ofizialerako aurreikusitako izen guztiak amaitu dira. Horrela, alfabeto grekoarekin hasi dira eta horregatik da ezaguna Euskal Herrian Erdialdeko Amerika astindu duen urakana: “Eta”.

Zergatik sortzen dira hainbeste urakan Kariben? NASAren arabera, zikloi tropikalak aire bero eta hezea erregaitzat erabiltzen duten motor erraldoiak dira. Horregatik, ekuatoretik gertu, ur epeleko ozeanoen gainean baino ez dira sortzen. Ozeanoen gaineko aire bero eta hezea azaletik gertu altxatu eta aire presio txikiagoko eremu bat sortzen du.

Baina zergatik aurten hainbeste? Clare Nullis Munduko Meteorologia Erakundeak Genevan duen ordezkariaren esanetan, urakanak ugaritzea hiru faktorek eragin dute: «Lehenik, “El Niño” fenomenoa falta da, urakanak moderatzeko joera duena, eta beste faktore handiago bat da ozeanoaren gainazaleko tenperatura, eta hori guztia klima aldaketaren garaian gertatzen ari dela nabarmendu behar da».

Ildo horretan, AEBetako National Hurricane Centerrek adierazi duenez, “Eta” urakana 2020ko Atlantikoko urakanen denboraldiko bigarren indartsuena izan da. “Iota” urakanak soilik gainditu du, azken aste honetan Erdialdeko Amerikako herrialdeak astindu dituenak. Saffir-Simpson eskalako 5. mailara iritsi da –“Eta”, aldiz, 4. mailara–.

Hala, Karibeko herrialdeak konbergentzia puntu dramatiko batean daude, pandemia suntsitzaile baten eta etenik ez duen urakan denboraldi baten artean, urakan baten ondorioak konpondu aurretik bestea itsasertzean dagoela.

Urakanaren arrastoa

“Eta” urakanak miseria utzi du eskualdean, eta 2,5 milioi pertsonari baino gehiagori eragin dio. Horrek larriagotu egin du pandemiak, desberdintasun ekonomiko handiek eta indarkeria maila handiek eragindako krisi humanitarioa, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioak ohartarazi duenez. Eskualdeko agintariek jakinarazi zuten gutxienez 261 pertsona hil direla urakanak Honduras, Nikaragua eta Guatemala jo ostean.

Hondurasen, 1,7 milioi pertsonak, biztanleen %20k, jabetzak galdu dituzte, ez dute janaririk jasotzeko aukerarik eta ur kutsatua edaten ari dira, eta, hainbat erakundeen arabera, 1998an “Mitch” urakana gertatu zenetik izan den hondamendi naturalik larriena da.

Urakanak Guatemalan dozenaka hildako eragin ditu, gutxienez 150, baina desagertuak bilatzen jarraitzen dute eta galera ekonomikoak handiak dira. Alianza por la Solidaridad gobernuz kanpoko erakundeak Alta Verapazen –herrialdeko lurralderik pobreena; biztanleen %80 indigenak dira– aurrez bildutako datuen arabera, “Eta”-k 7.000 pertsonari baino gehiagori eragin dizkio kalteak, bai eta 3.000 hektarea baina gehiago suntsitu ere.

GKEak tokian bertan egiaztatu du, Cahabon eta Oxec ibaiak gainezka egin ostean, ingurumen kalteak larriagotu egin direla haien ibilguetan dauden zazpi instalazio hidroelektrikoengatik. Ura hartu ondoren, askatu egin behar izan zuten, komunitateei aldez aurretik abisatu gabe, eta dozenaka herrixka eta milaka soro urez bete eta suntsitu ziren.

Indigenak, Queqchi etniakoak, “Eta”-ren ondorioak ez ezik, agintarien laguntza falta eta axolagabekeria pairatzen ari dira. Orain arte, komunitateetako kideak ari dira laguntzen, kanpoko laguntzaren bat jaso arte. Nazioarteko lehen bidalketak El Salvador, Mexiko edo Venezuelatik iritsi dira.

Erakundearentzat, premiazkoa da nazioarteko laguntza bidaltzea eremurik kaltetuenetara. Ildo horretan, NBEk bere operazio humanitarioa presatu du Erdialdeko Amerikan, “Iota” urakanak ere lurraldea astindu duela kontuan hartuz.

Nikaraguan, milaka pertsona kaltetu, 1.890 etxe suntsitu eta bi hildako utzi ditu “Eta” urakanak. Era berean, gutxienez beste sei pertsona hil ziren asteartean, “Iota” urakanak eragindako eurite, uholde eta haizeteen ondorioz. Agintarien arabera, aste honetan “Iota” ekaitzak Ipar Karibeko Eskualde Autonomoa suntsitu zuen, Nikaraguako eremurik pobreena, non gehienak indigenak diren.

Panaman, Costa Rican, Mexikon eta El Salvadorren ere kalte larriak eragin dituzte “Eta” eta “Iota” urakanek. Kuban, 74.000 pertsona inguru leku seguruetara eraman zituzten, horietatik 8.000, agintariek ezarritako aterpetxeetara. Miguel Diaz-Canel presidenteak iragarri zuenez, «ez da bizitza galerarik izan, ez eta etxebizitzetan eragin nabarmenik ere». Floridan (AEB), marea ziklonikoaren eta marea erregularraren arteko konbinazioak uholdeak eragin zituen mendebaldeko kostaldean. Ekaitz haizeek sabaiak bota eta kaleak urez bete zituzten eta milaka abonatu energia elektrikorik gabe geratu ziren.

Etxerik gabeko haurrak

Save the Children eta Unicef erakundeen arabera, haur asko etxerik, elikagairik eta eskolara joateko aukerarik gabe geratu dira Guatemala, Honduras eta Nikaragua herrialdeetan.

Elikagaiak, covid-19ren prebentziorako kitak, mantak, aterpeetarako plastikoa eta higiene pertsonaleko kitak banatzen ari da Save the Children gobernuz kanpoko erakundea, baina, jakina, hori ez da nahikoa, inondik inora. Hori dela eta, urakanen eta pandemiaren ondorioak arintzeko laguntza humanitarioa eskatu dio Estatu espainolari. Erakundeak uste du, azkar jokatu ezean, kalteak suntsigarriak izan daitezkeela haur eta familiarik ahulenentzat.