Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Gabonak

Akabo. Zerura begira jarri eta Gabonetako argiak ikusten hasi naiz. Izarrak eta ardiak eta lerak eta «zorionak». Azaroko hego haizearen harroaldia baretu aurretik, Gabonak. Gabonak familia nuklearren eta Disney-bikoteen neurrira diseinatutako burbuila eta talde seguruekin. Gabonak beren turroi eta mazapan zaporezko aldarriekin: «elkar gaitezen» eta «zaindu elkar» eta «eros dezagun». Eros dezagun, batez ere. Eros. “Desioa” Grezia zaharrean. Distantzien eta muxu gabeko musukoen eta tekila usaineko gelen garai berriotan auskalo euskal herrietako zein gune administratibotan konfinatu ote duten hori ere.

Baina heldu dira Gabonak, hemen dira, inoiz baino lehenago, inoiz baino «gabon»-ago. Baten bat ohartuko zen, akaso, ospitaleak gainezka eta tabernak itxita dauden garaiotan ia pornografikoa dela alaitasunaren eta kontsumoaren alde auskalo zenbat voltio martxan jartzea, eta argi behar zuketen izar eta ardi eta lerak eta “zorionak” lotsatuta dabiltza etxe-arteetan dilindan, itzalita. Argi ilunduon garaiotan elikagai bankuetara bideratuko dugu gure erosketen zati bat. Bitartean, Infernutik auskalo nora kanporatutako gizon motxiladun batek hiri arrazista garela esan digu. Eta min hartu dugu gure haragi-barruetako zokoren batean. Min eman digu, gure elkartasunaren muin-muinean daukagulako arrazismoa. Ohituta gaudelako gure buruari eta gure inguruari kritika guk egiten, ahotsik gabekoen ahotsa gureganatzen. Baina “kanpotik” “bestea” gu seinalatzen hasten denean urguilu ezkuturen bat pitzatzen zaigu. Eta min hori ere arrazismoa da.

Gabonetako argiak zintzilik daude ordea, ihes egin nahiko geniokeen 2020 madarikatu honi zelatan. Haurrei ikasi genien mundua gugan dagoela; eskuekin begiak estaltzea nahikoa dela ezkutatzeko; denbora ez dela neutroa, hori ere gure baitakoa dela eta «hogeita hiru lo» gelditzen direla Olentzero iristeko. 2020ari ihesean gabiltza, gure bizitzatik ezabatu nahiko genuke alferrik galdutako urte hau. Baina badoa 2020a eta gu ere bai berarekin; sasiek sortutako pitzatuak iaz baino zabalagoak dira asfaltoan, hormetan eta gugan. Urtea geratu nahi genuen arren munduak aurrera egiten du beti, baita atzera egiten duela dirudienean ere. Ikusi ez ditugun lagunek, ukitu ez ditugun maiteek, goxatu ez ditugun adiskideek eta urrundu zaizkigun gertukoek ere bai.

Norbaiti leporatu nahiko genioke errua; guk gobernuei eta gobernuek guri, adibidez, egiarik gordinena ez onartzeko: mundua gugan zegoela uste genuenok hauts ale bat baino ezdeusagoak garela munduarentzat. Ez dugula gertatuko dena kontrolatzen, gertatuko den horrekin eta horrekiko ahal duguna egitera iristen garela, asko jota. Eta stand by-an uste genuen denborak urtebete zahartu gaituela. •