Joana Garmendia

Leihorik gabeko gizartea

AEBetako hauteskundeen biharamunetan, Trumpen adierazpenak zuzenean ematen ari ziren hango telebista kate gehienak. Halako batean, hauteskundeetan iruzurra izan zela esaten hasi zen Trump eta, derrepentean, emanaldia eten zuten kate horietatik askok. Presidentea gezurra esaten ari zen eta horregatik utzi zioten haren hitzak zabaltzeari, horrelaxe azaldu zuten esatariek. Esango nuke munduaren paraje hauetan pentsaezina egiten zaigula halakorik gertatzea: lehendakaria informazio faltsua zabaltzen ari dela, eta haren adierazpenak eten? Ez dugu sekula horrelakorik ikusi. Eta, badakit, bai, ez daukagula Trumpik guk hemen; “trumposoak”, asko.

Albistegiek informazioa eman behar dutela esango didazue akaso, eta ez dutela informazio horren zuzentasunaz iritzirik izan behar. Lehendakariak esandakoak helarazten dizkigutela, erositako prezioan, eta gu bagarela nor entzundakotik zer sinetsi erabakitzeko. Albistegiek, kazetariek, informatu egin behar dutela, eta informatu soilik. Ez dakit hori posible ere ba ote den. Albistegi batean ezin bil daitezke egun horretan munduan esan diren, gertatu diren guztiak. Nongoak kontatu, nork esandakoak ekarri, zein ordenatan, zein goibururekin: asko dago erabakitzeko esatariak saioa hasterako. Munduari 24 orduko argazkia atera ezin, eta marrazki txikiz jositako collagea erakusten digute. Eta, azkenaldian, tartean-tartean, errieta ere egiten digute.

Zur eta lur geratu naiz joan den asteburuan, hemengo albistegiei begira. Birusak gora egin badu, herritarron zabarkeriagatik izan omen da. Neurri gogorragoak ezarri behar izan omen dituzte, zergatik eta gainerakoan ez dakigulako zentzuz jokatzen. Tabernetako terrazen irudiak, erru osoa gazteena dela dioten helduen adierazpenak, grafikoak gora eta grafikoak berriro gora. Neurri berriak bete eta egoera menderatzen ez badugu, itxian jarri beharko omen gaituzte. Esataria errietan ari zitzaidan irudipen erabatekoa neukan. Eta ez naiz ni hasiko neurrien aurka hemen; egoera hau gaindituko badugu herritarrok erantzukizunez jokatu beharko dugu, ez daukat zalantzarik. Baina argazki handiaren marrazki txikiegia da hori, komeni diren puskekin egindako collage “trumpati” samarra.

Adibide batek balioko du. Unibertsitatean lan egiten dugunoi mezu bat baino gehiago bidali digute, ikasgelak eta bulegoak egurasteak egundoko garrantzia duela gogoraraziz. Carlos Santamaria eraikinean daukat nik bulegoa. Ezagutuko duzue gehienok, eraiki zen egun santutik haren ataria baitute ekitaldi eta adierazpen ofizialak egiteko tokirik gogokoenetarikoa. Ikusia izango duzue sarrera argitsua, dena kristal. Inoiz ikusiko ez zenutena, seguru asko, barrualdea da. Lehen solairuko bulegoak, adibidez. Bi eratakoak daude: batzuek leiho handi-handiak dauzkate; ireki ezin diren leiho handi-handiak, esan nahi baita. Besteek ez daukate leihorik. Bai: sei-zortzina ikertzailek egunero hamaika orduz irakurtzen edo idazten lan egiteko prestatu zituzten bulegoen erdiek ez dute leihorik. Eta leihorik gabeko bulego horietan jasotzen ditugu unibertsitatearen emailak, gelak egurastea gure ardura dela gogoraraziz.

Ez zaizkit oraintxe bertan gure lantokiko leihoak gehiegi inporta; baina inporta zaizkit gure eskualdeko ospitale ez-publikoa, lehengoan jarraitzen duten ikasle ratioak, jendez gainezka dabiltzan tren eta autobusak, urtetan zaindu ez diren osasun zerbitzuak, haurrak aitona-amonekin utzi beste aukerarik uzten ez digun lan antolamendua. Leihorik gabeko gizartea eraiki digute, eta orain guri eskatzen digute egurasteko, birusak jan ez gaitzan.

Baina albistegietan, bihar ere, dena kristala duen atariaren aurrean erakutsiko dizkigute agintariak, errietan. •