Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5

Maskararik gabe

gara-2020-11-20-Opinión

Pandemiak garai mugitua ekarri du gurera. Erasanda gaude. Denoi eta aldi berean gertatzen ari zaiguna da, maila ezberdinetan eta egoera aniztasun oparoan. Batzuek egoeraren eragin/erasanari hitzak jartzeko erraztasuna izango dute, beste batzuk deserosotasuna sentitzen arituko dira eta besteak ukapenean instalaturik egongo dira. Bizi ditugun mugak eta baldintzak dekretu batean jasoak eta deskribatuak direlako, kexu gara, gure bizimodua moldatzera beharturik garelako, egoera ulertzen/digeritzen/integratzen ari garen istant berean. Post-kolonizazioko pentsamenduan harrapaturik dagoen lagun bati entzun nion, pandemian erdi-goi mailako klase sozialari tokatu zaiola behe mailako klase sozialak betidanik eta modu betikotuan bizi izan duen egoera uzkurtua sufritzea, eta orduan hasten da sufrimendua oihartzuna izaten. Hau da, gaineko egituren bizitza-estutzea gauza zaharra dela, baina lehen pertsonan pairatzen dugun arte, besteen egoera kaltetua oharkabean pasatzen zaigula, gure zilborraren zentroan itsuturik bizi garelako. Bitxoak goi egiturak maskararik gabe jarri dituenean, ahoa estalita ere, begiak zabaltzeko abagunea dugu denok.

Espazioaren arkitekturan dihardugunontzat, erasan maila zabal horrek ere badu esangura berezi bat, espazioaren hausnarketa diziplinatik kalera atera delako. Guztion ahotan dago distantzia metrikoa, gelaren aireztapen gurutzatua, kalearen aire-arnasketa garbiaren balioa, herriko paseo bideak landa eremuarekin lotzearen garrantzia... Egunerokoaren parametro espaziala mugaturik dugunean, bizimodu eta gorputzetan espazioaren kalitateak duen eraginak lehen lerrora salto egin du. Arkitekturaren diziplinan ezagunak eta zaharrak diren beharrizanek une honetan sozializazio maila zabala lortu dute, eta hori funtsezko aurrerapausoa da espazio eraldaketarako. Espazio eskalako egituretan ere bai, maskararen erorketa gertatzen ari baita, eta zirrikitu bat ireki daiteke.

Mugikortasuna eta ohiko sozializazio guneak mugatzearekin batera, bilkura espazioaren birdefinizioa etorri da. Mahai baten inguruko solasaldi asko pantaila espaziora mugitu dira, lagunen aurpegiak lauki sareetan sartu ditugu, klikek eta esc botoiak harreman espazioak irekitzen eta ixten dizkigute gure begien aurrean. Eta une horretan bertan ohartzen gara, segur aski, zenbateraino desio dugun espazioa, hitzak eta gertaerak konpartitzea maskararen atzetik, izan pantailazkoa edo telazkoa, ez delako gauza berdina. Edo lan bilera eta otorduko mahaiaren artean trantsiturako espaziorik ez dagoenean, ia-ia ipurdia aulkitik altxa gabe bi ekintza zeharo ezberdinak egiteko sekuentzia espaziala gauzatzen ez dugunean, bitarte espazioaren desioa sentituko dugu gorputzean.

Espazioaren eta denboraren esperientzia aberatsa izateak egunerokoa osatzen duela berresten digute esperientzia horiexek, eta hori horrela izan ezean, bizitza lapurtzen ari zaizkigu. Espazioaren mugapen eta murrizketa hori ez da osasungarria, inola ere; aldarte pisutsua eta nekea eragiten digu, eta ez du pentsatzeko tarterik uzten. Sortu ditzagun tarte espazioak, seguruak izateaz gain, akziorako gune izan daitezen. •