Oihane Larretxea de la Granja

Munstroa

Haiek ernaldu zuten munstroa eta haiek elikatu zuten, munstroak goserik ez zuen arren, gaitz larri baten lehen sintomak erakusten hasi bazen ere. Eta orain munstroa haiek baino handiagoa denean, indartsuagoa, harekin zer egin ez dakitela daude. Eritasunaren minak arintzeko morfina pixka bat dosifikatu edo dietan jarri. Munstroarekin akabatzea ez da aukera bat, inondik inora, munstroak aberats egin dituelako eta badaezpada komeni delako bizirik mantentzea.

Zerri guztiei ailegatzen zaie beren San Martin eguna eta munstroari ere bere garaia helduko zaiola nago. Eta munstroaren atzetik beste batzuei. Azken urteetan ikusi ditugu Donostian gehiegikeriak, bizilagunen kontrako presioak etxebizitza utz zezaten zein legez kanpoko maniobrak. Dena negozioaren izenean. Bidean zer edo, are larriago, nor zapaldu berdin zitzaiela.

Hotelak txurroak bezala, lokalak han eta hemen alokatu/erosi eta taberna kateak egin. Paradoxikoa, baina munstroarentzat tarta handiegia dela tamaltzen ari dira orain, eta goserik ez duela. SOS dei bat zabaldu dute, tartean negozio gizon jakin batzuek, zuzeneko dirulaguntzak eskatzeko. Justizia poetikoa?

Bitartean, hiria betiko negozioak galtzen ari da. Gure ondarea, gure historia. Alde Zaharreko Estrada espartin denda, kasurako. Bihotza apurtuta eta zalapartarik egin gabe jaisten ari dira halako pertsianak, hamarkadatan apaltasunez eta gogor lan egin ondoren. Non daude zuzeneko laguntzak horientzat? Batzuen duintasuna munstroa baino handiagoa da, besteen lotsa hark irentsi zuen. •