Xabier Izaga Gonzalez
MUNDUTIK ONDARROARA

Ondarroako portuko murala amaitzeko, herritarren iritzia jakin nahi du Lianek

Atxondon bizi da Lian, baina ltsas Garraio eta Alturako Arrantzako ikasketak egiten ari da Ondarroan. Han, eraikin bateko horma eskaini zioten eta mural ikusgarri bat egin du itsasoan hildakoen omenez. Amaitu gabe dago, ordea, herritarren iritzia artelanaren elementu garrantzitsua izango baita.

gara-2020-11-20-Reportaje

Ondarroako portuan mural ikusgarri bat egin dute, baina amaitu gabe dago. Lian artista katalanaren azken ideia gauzatua da: “Homage to those lost at sea”. Itsasoan galdutakoen omenezko artelan erraldoia. Eraikineko hormatzarra betetzen duen itsasoaren erdian, salbagailu bat ageri da, eta murala amaitzeko, egilearentzat lan honetan oso garrantzitsua izango den elementu bat gehitzea falta da: herritarren parte hartzea. Hori jasotzeko, proposamen bi jendarteratu ditu, haien gaineko iritziak artelanean islatuko baititu.

Herritarren iritzia behar du, baina Ondarroan ez ezik, munduan zehar ere parte hartu nahi duten guztiei eskaini die horretarako aukera. Edonola ere, ondarroarrei berariaz helarazi dizkie proposamenak “Udalbarriak” herriko Udalaren hedabidearen bidez, bertan euren iritzia eman dezaten. Eta Lianen proposamenak hasi dira erantzunak jasotzen. Abenduaren 6ra bitartean biltzen dituenak murala amaitzeko baliatuko ditu, horrela ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan.

Proposamenak

Bozeto banatan aurkeztu ditu bere proposamenak, bertan agertzen diren irudi biren gaineko interpretazioa eskatzeko. Dioenez, jendeak ez du bietako bat aukeratu behar, baizik eta irudiok zer iradokitzen dioten eta zer agertzea nahi lukeen esan, baita zergatik ere.

Atxondon bizi da Lian, baina azkenaldian Ondarroan ematen ditu asteko egun gehienak, ikasketak direla eta. Herri horretako Portuko Ranpi kultura eta aisia guneko lagunek horma bat eskaini ziotenean bururatu zitzaion herritarrak bere artelanean inplikatzea. Nahi duena margotzeko esan zioten eta berak pentsatu zuen nahiko lukeela muralak, Ondarroako portuan bertan egonda, itsasoan hildakoak eta desagertutakoak gogoratzeko balio izatea.

«Jendeak zer pentsatzen duen jakin nahi dut», dio, «herritarron iritziak jaso, horman zer ikusiko den denon artean erabakitzeko».

Lehenengo proposamenean, Coca-cola botila bat ageri da itsasoaren erdian, eta haren barruan mezu bat. «Elementu horrek desio bati egiten dio erreferentzia, noraezean utzitako mezua», azaldu du artista katalanak.

Bigarrenean paperezko itsasontzi bat dago, hori ere itsas olatu artean, eta haren kroskoan Mikel Etxaburu ondarroarraren olerki baten pasarte bat irakurgai. «Paperezko itsasontzia izanik», jarraitu du Lianek, «nolabaiteko prekaritatea sumatzen da itsasontzian, baina aldi berean oinarrizko gauzekin zerbait sortu eta horrekin itsasoratzeko abilezia ere nabari da».

Lianen instagram kontuaren bidez edo facebooken iruzkin bat utziz parte har daiteke: @muraleslian eta muraleslian, hurrenez hurren.

Bere artea, munduan zehar

Urte berezi honen hasieran, covid-19aren pandemia baino lehentxoago GAUR8rekin hitz egin zuenean, Kanarietan zegoen artista, ohi bezala mural bat egiten. Azken hilabeteotan, ordea, ez da Euskal Herritik atera, azaldu beharrik ez dagoen egoera dela eta.

Lian, funtsean, «street artist» bat eta emakumea da. Ameriketako Estatu Batuetan sortu bazen ere, katalantzat du bere burua, Euskal Herrian bizi den katalana da. Gustuko du mugimendu sozialen inguruan mugitzea, horiek baitira bere sorkuntzaren zutabe nagusiak. Mundu osoko bazter ugaritan topa daitezke berak egindako muralak, bere artea mundu osoko hormetan zehar barreiatuta.

Leitzako Atekabeltzan marraztu zuen murala munduko ehun onenak hautatzen dituen zerrenda sonatu batean sartu zuten iaz. Australian jakin zuen bere lana sailkapen horretako 46. postuan zegoela, mural bat egiteko deitu baitzuten, eta bertan urte hasieran izan ziren suteek inguratuta egon zen.

Pandemiaren ondorioz, beraz, mugikortasuna galdu du, munduko edozein kontinentetan lan egiteko bidea ematen zion mugikortasuna, alegia. Hala ere, Ondarroako portuko muralak erakusten duenez, horrek ez du esan nahi geldirik dagoela. Ezta portuko murala margotzeari ekin aurretik ere; izan ere, Ondarroako Arrantza Eskolan goi mailako ikasketak egiten dihardu, Itsas Garraioa eta Alturako Arrantza, hain zuzen.

Goiza, beraz, Arrantza eskolan ematen du, eta arratsaldean ere badu zereginik, euskaltegian, Ondarroan bertan. Ezin esan, gainera, ez duela atarramenturik atera, GAUR8rekin euskaraz jardun baitu hasieratik. Egunero ere horrela saiatzen dela dio.