Maite Ubiria Beaumont

«Egin ezazue nahi duzuena baina eman botoa Macroni»

Esaldi hori zeraman bere portadan “Libération” kazetak 2017ko maiatzaren 6-7ko edizioan. «Egin ezazue nahi duzuena baina botoa ematera joan» esaldiari norabidea inoiz baino zehatzagoa emanez, Marine Le Penen aurka lerratu zen argiki egunkari frantsesa presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliari begira. Geroztik behin baino gehiagotan aintzat hartu du eginiko hautu hori, nonbait Macronek lorturiko garaipen sideralaren begirale gisa agertu nahian. Hiru urte atzerago demokrazia arriskuan zelakoan ultraeskuinari bidea moztera jokatu zuen hedabidea irmotasunez azaldu da aste honetan Asanblea Nazionalak ontzat eman duen Segurtasun Globalaren Lege egitasmoaren aurka.

Lehen orrirako Emmanuel Macronen argazki lainotsu bat hautatu zuen legearen 24. artikulua aurrera atera zenean. Argazkilari-kazetarien lana oztopatuko duelakoan, Hexagonoko prentsa kluba eta kazetarien sindikatu nagusiak kapitulu horren kontra agertu dira manifestazioetan informazio grafikoa ezinbestekotzat joz.

1881az geroztik prentsa askatasuna oinarrizko eskubide gisa babesten du frantziar legeak. Izan ere, Macronen Errepublika Martxan alderdiak, Errepublikanoak alderdi eskuindarrak eta Marine Le Penen eskuin muturrak lege horri bide eman aitzin, kazetarien lana zailago bilakatuko dela argi geratu zen karriketan.

Guillaume Fauveau argazkilari-erreportari baionarrak salaketa jarri behar izan zuen konfinamendua errespetarazteko Ipar Euskal Herriko errepide zein hirietan ugaritu diren Poliziaren kontrol horietako batean argazkiak hartzea galarazi ziotelako. Are, poliziek oraindik ere bozkatua ez zen legeari aipu egin zioten besteak beste gure hedabideentzat lan egiten duen argazkilariari mehatxu egiteko. Baionatik abantzu mila kilometrora beste hainbeste gertatu zen migranteen egoera salatzeko Paris erdigunean antolatu zen kanpamentuan. Kazetari hau atxikia, beste hura kolpatua... Gerald Darmanin frantziar Barne ministroaren hitzak Asanblea Nazionalean –lege berriak ez duela arriskuan jarriko prentsa askatasuna zin egin zuen– sinesgaitz dira oso Hexagonoan indarrean dagoen segurtasun protokoloa bera eskubideen etsai argia bilakatu denean. Ehunka pertsona zauritu ziren 2018. urtean zehar Jaka Horien mugimenduak eginiko manifestazioetan. Orduz geroztik maiztasunez sareetan barreiatu diren bideoak eta hedabideetan azaldu diren irudiak legitimazio arazoari erantzuteko autoritarismo dosi gero eta handiagoa behar duen gobernu baten estrategia bortitzaren adierazle izan dira.

Ildo beretik, lege berria bat dator Barne ministroak segurtasun publikoaren kudeaketari begira joan zen irailean plazaratu zuen protokoloarekin. Kontakizunaren gaineko lehian galdutako posizioa berreskuratu nahi du Darmaninek. Horrendako, manifestarien eta kazetarien esku den kamera kopurua behar du mugatu. Horrendako, 24. artikulua salatzearekin batera legeak aurreikusten dituen beste hainbat neurri –hain zuzen ere poliziek baliabide guztiak izan ditzaten manifestariak grabatzeko, berdin drone sistemak edo kamera mugikorrak baliatuz– behar dira irmoki salatu. Eztabaidari ekarpena egin nahian hauxe galdera: 24. artikulua salatu duten hedabide horiek prest dira aurrerantzean Barne Ministerioak beraien eskura, musu truk, ezarriko duen irudi eskaintza zabalari uko egiteko? •