Dabid Lazkanoiturburu
IKUSMIRA

ESKER EMATE AFARIA, INDULTUA, INDIOILARRA ETA TRUMP

Mandel NGAN | AFP
Mandel NGAN | AFP

Aurreko ostegunean AEBetan ospatu zen Esker Emate egunaren bezperan, ohiturari jarraituz, indioilarrari indultua eman zion Etxe Zuriko maizterrak, Donald Trumpek, Melania emaztea alboan zuela. Ez da, ordea, lumadun aberea aste honetan indultua jaso duen bakarra, Michael Flynn bere Nazio Segurtasuneko kontseilari izandakoari ere eman baitio, “Russiagate” auzian FBIri gezurra esateagatik zigortu bazuten ere. Flynn jenerala kalean da eta behar bezala afaldu ahal izan zuen Esker Emate gauean, milioika indioilarrek ez bezala, eurak zirelako afaria. Aste honetan altxatu du magnateak Joe Biden bere aurkariari boterea transferitzeko aginduari jarritako betoa. Hauteskundeak galdu zituela onartzen hasi den seinalea ote da? Batek daki, enpresa munduan bere porrotak estaltzeko showman bilakatu zen presidentearen kasuan. Eskertzekoa litzateke Trump bera zatitu eta irenstea. Botoz beteta dagoen arren. Indioilarra bezala. Ez al du argazkian haren antza?