Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Ikasleengandik ikasitakoa

gara-2020-11-27-Opinión

Heziguneko korridorean bi neskei eskola erakusten ari den lankidearekin egin dut topo. Ikasturtea hasi genuenetik, nahikoa ohikoa bihurtu da aurpegi berriekin gurutzatzea. «Arantxaaa, zu nire irakaslea izan zinen», esan du pauso bat aurrera eman duen bietako neska batek. Ez da lan erraza, egia esan, musukoaren atzetik ari dena ezagutzea.

Une batez musukoa jaistearekin batera hasi zait esaten «Pinocchio batekin istorio liluragarri batzuk kontatzen zenizkigun!». Irribarre egin diot, aipatzen ari zaidan egurrezko Pinocchio hura non ote dagoen gogoratu nahian. «Beti gogoratu dut Pinocchio hura guri ‘istorioak’ kontatzen», gaineratu du. «Zerbaitengatik izango da oroitzapen hori hain garbi gorde izana nire oroitzapenean», jarraitu du, bere golkorako gogoetan ariko balitz bezala.

Berehala sailkatu dut nire ikasle izandakoen unibertsoan. Lierni ikasle izan nuen 5 urte zituela. Orduko begietako distira mantentzen du, oraindik. Barre egin dugu elkarrekin, ia ahaztuta nituen kontu haiek gogora ekartzen zituelarik.

Agurtu ondoren, entzundakoak gogoan, duela zenbait urte gertatutakoarekin akordatu naiz, segidan. Beste ikasle talde batekin, Lierni baino gazteagoak, gure hezigunean beren ikasketak amaitzera zihoazela-eta, agur afaria egin genuen. Ikasle izan nituen 5 urte zituztenetik 8 urte bete zituzten arte. Orduko hartan, umetan ikasle izan nituen gazte haietako batzuk kontatzen hasi zitzaizkidan zer-nolako beldurra pasa zuten behin ume bati hatzak jaten zizkion amona baten ipuina kontatu nienean. Jatera zihoan hatz bakoitzeko hasperen batean egon omen ziren, eta beldur horrek luzaroan iraun omen zien, gainera. Ongi gogoan zuten, bestalde, kontakizunaren “efektu berezien” soinu banda.

Gaizki sentitu nintzen, aitortuko dizut. Izan ere, horrelako oroitzapena sortu zuen ipuin haren arrasto txikiena ez baita gelditu nire oroimenean. Saiatu arren, ez dut lortu kontakizun hartatik deus gogoratzea. Gaurko Lierniren Pinocchio haren aipuak ere ez du beste istorio haren aztarnarik harrotu. Alboan ditudan lagunei egin diet barru-barrutik atera zaidan aitorpena: Uste dut nire istorio eta ipuinek markatu dituztela nire ikasleak.

Ez da denbora asko azken hilabeteetan modan jarri diren on-lineko hitzaldi horietako batean ezagutzen ez nuen irakasle bati honakoa entzun niola: «Irakatsitakoaz harro egon nadin zeren eta ikasten dutenaz...». Zer pentsa eman zidan eta zentzua ere eman zion niretzat misterioz beteta dagoen eta oraindik erantzuna aurkitu ez diodan galderari: zer ikasten ote dute, benetan, neska-mutilek irakasten diegun guztiaz?

Azken egunetan, bere burua ikasle gisa aurkeztu didan eskarmentu handiko irakaslea ezagutu berri dut. Urte luzez bere heziguneko zuzendaria ere izan da, «irakaslea naiz baina ikasle gehiago», esan zidan aurkezpenean. Neska-mutilekiko kokapen posizio ederra eta zintzoa iruditu zitzaidan, zer esatea nahi duzu.

Ordu asko nirekin egin arren, eta ustez gauza asko irakatsi arren, emozio batekin konektatzea lortu nuena oroitu dute nire ikasleek. Eta poza eman dit.

Irakaspen ederra eman didate nire ikasle izandakoek, ikasle izango ditudanekin zein bide urratu irakatsi eta erakusteko. Bejondeiela! •