Ibai Azparren
Elkarrizketa
enochalberti
zuzenbideko katedraduna

«Horrelako gatazkek Europan eta munduan konponbide demokratikoa baino ez dute onartzen»

Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna, Consell Assesor per a la Transicio Nacional kontseiluko kide izan zen, Kataluniak independentzia lortzeko bide juridikoa ezartzeko 2013an sortutako organoa.

Enoch Alberti (Vilafranca del Penedes, 1958) «subiranotasun lurralde gatazken kudeaketa demokratikorako praktika onen kodearen» oinarrien lanketan parte hartu zuen akademikoetako bat da. Institut d’Estudis Catalans erakundeak eta Eusko Ikaskuntzak Bilbon azaroaren 11tik 13ra egin zuten ekimenean aurkeztu zen tresna. Hortik abiatuko gara.

Zer dira subiranotasun lurralde gatazkak?

Estatu baten barruan, erkidego edo lurralde jakin baten estatus politikoari buruzko gatazka politikoak. Horiek konpontzeko irtenbiderik aurkitzen ez denean sortzen dira. Eragindako lurraldeak estatus hori berrikusi nahi du, eta ez dago erantzun egokirik.

Horretarako, orduan, gatazka horiek kudeatzeko kodea?

Bai, horrelako gatazkek Europan eta munduan konponbide demokratikoa baino ez dute onartzen. Europan sustatzen ari dena da identifikatzea zer praktika on eta zer irizpide ezarri beharko liratekeen horrelako gatazkak ahalik eta ondoen konpontzen saiatzeko. Modurik onenean esan nahi du, bide demokratikotik, bide baketsutik, eta pertsonen eskubideak eta baita zuzenbide estatua errespetatuz.

Europan hutsune bat al dago horrelako gatazkak konpontzeari dagokionez?

Orain arte, funtsean, Europako Kontseilua eta, batez ere, Europar Batasuna (EB) urrun mantendu dira, estatuei soilik dagokien gatazka bat dela iritzita. Hain zuzen, ideia hori haustea da kontua, ez baita egia barne gatazka dela soilik, Europako herritarrei eta EBko lurraldeei eragiten baitie. Hortaz, ez da eskatzen Europako erakundeek gatazka horiek konpontzea. Kontua ez da erantzukizuna haiei pasatzea, baizik eta, haien eskumenetatik, gatazka horiek konpontzeko erraztasunak ematea, irizpide orokor horiek aplikatuta, hala nola errespetua demokrazia sistemarekin, erabaki demokratikoak hartzearekin, oinarrizko eskubideekin eta zuzenbide estatuarekin.

Orain arte jarrera horri eutsi badiote, zerk pentsarazten dizue erakunde horiek kodea onartuko dutela?

Ez da erraza, baina axolagabekeria ez da aukera bat Europako erakundeentzat. Denbora gehiago edo gutxiago beharko dute erantzuteko, baina zerbait egin behar dutelako ideia zabaltzen joango da. Europako Kontseiluan, adibidez, dagoeneko hartu dira erabakiak. Gutxiengo nazionalen eskubideei buruzko itunak eta ebazpenak daude. Baina trataera hori gutxiengo horietako kide diren pertsonen eskubide indibidualen ikuspegitik soilik egin da. Urrats bat gehiago eman behar da, eta ez bakarrik norbanakoen eskubideak, baizik eta komunitate horien eskubide kolektiboak, eskubide politikoak ere jorratu behar dira.

Kodearen oinarrietan zehazten da konponbide prozesua estatuei dagokiela. Nola konpon daitezke horrelako gatazkak Estatu espainolean?

Gaur egun ezin da bestela izan. Inork ez du eskumen zuzenik Euskadin eta Katalunian egon daitekeen gatazka konpontzeko. Baina estatuen barruan konpontzeak ez du esan nahi nazioarteko instantziek esku har ez dezaketenik. Nolabait hori gertatzen ari da, mugimendu batzuk egon dira, ez-formalak, publikoak ez direnak, diskretuak. Etorkizunean askoz argiagoak izatea da helburua, baina ebazpenaren erantzukizuna haiei pasatu gabe. EBn baldintza demokratikoak bermatzeko eskatu behar zaie. Horrek esan nahi du biztanleriak adierazteko aukera izatea, alde guztientzako aukera berdinak izatea, deliberazio prozesu serio batekin, eta kontsulta horren emaitza inplementatu ahal izatea.

Beharrezkoa al da herriari galdetzeko eskubidea konstituzionalizatzeko modu bat aurkitzea?

Edo konstituzionalizatzea edo dagoen konstituzioan posible dela onartzea. Interpretazio oso murriztaileak egon dira orain arte, baina zenbaitek uste dugu kontsulta bat egin daitekeela, ez-loteslea gutxienez. Horrek ondorioak izango lituzke, aukera desberdinek duten babesa neurtuko luke, eta hortik abiatuta negoziazio prozesu bati ekingo litzaioke.

Jardunaldietako beste eztabaida nagusietako bat erreferenduma izan zen. Kataluniakoa egin eta hiru urtera zer ondorio atera daitezke?

Atera beharreko lehen irakaspena da ezin dela ukatu populazio batek bere etorkizun politikoaz iritzia emateko duen eskubidea. Eta bigarren lezio nagusia da berme guztiekin egin behar dela. Izan ere, horrela egiten ez bada, oso zaila da baliotasuna ematea eta onartua izatea. Katalunian, aldiz, erreferenduma ez egiteko ahalegin guztiak egin zituztenek, gero, berme guztiekin egin ez zela argudiatu zuten.

Kodearen arabera, estatuz azpiko legebiltzarraren zeregina garrantzitsua izan beharko litzateke, eta Kataluniako hauteskundeak hurbil daude.

Eztabaida errepikatuko da dauden bi aukera nagusiei buruz, aukera subiranisten eta unionisten inguruan. Bi bloke horietako bakoitzak aniztasun eta zatiketa handia du, eta, ondorioz, dena zaila da. Katalunian alderdien sistemaren inplosio bat egon da, eta aukera desberdinak finkatu arte oso zaila izango da hori kudeatzea.

Alderdi subiranisten arteko tentsioa beti egon da, baina zatiketa areagotu egin dela dirudi. Hauteskundeen ondoren, adostasuna lor daiteke?

Ez dakit, baina nik uste dut baietz. Aldi elektoraletan tentsioak gora egiten du eta gero akordioak lortzen dira. Hemen, nire ustez, funtsezko gaietako bat da bloke subiranistak botoen gehiengoa duen ala ez. Lortzen badute –orain arte ez da horrela izan–, horrek ez du esan nahi berehalako emaitza emango duenik, baina indartu egiten du gai horiei buruzko elkarrizketa zintzoa irekitzen saiatzeko ideia. Esan beharra dago mugen gaia grina asko piztu dituen gaia dela, eta gaur egun mugak oso bigarren mailakoak dira, azken hamarkadetan esanahi asko galdu dute. Eskubideak, botere politikoaren banaketa eta integrazio europarra dira garrantzitsuak; Europako mugimendu subiranistak sakonki europeistak dira, ez dago kontraesanik integrazio europarraren eta estatu propio baten aldarrikapenaren artean.

Subiranotasunaren esanahia ere aldatu egin da.

Subiranotasuna jada ez da estatu batek bere herritarren gainean duen botere absolutua eta inolako loturarik ez duena nazioarteko instantzia edo erakundeekin. Europan botere partekatua da, gehiago hitz egiten dugu subiranotasun partekatuaz, integrazio politikoko proiektuez, banaketaz eta isolamenduaz baino.

Preso politikoen egoera konpondu arte, egoera geldirik egongo da?

Enpresa batean greba egin eta grebalari batzuk kaleratzen direnean bezala da. Ondoren, negoziatzeko mahai gainean jartzen den lehen baldintza kaleratuak berriz hartzea da. Nolabait egoera horretan gaude, beraz, gatazka konpondu ahal izateko, presoei irtenbide bat aurkitu behar zaie.