Juantxo EGAÑA

Emeterio Elordui, gerra ugariko borrokalaria, Aljerren

Emeterio Elordui, Gatikan jaioa eta PCEko militantea, Gerra Zibilean makinista aritu zen itsasontzi batean. Odesatik (garai hartako SESB) Cartagenaraino armada errepublikanoarentzako armak garraiatzeaz arduratu zen ontzi hura. Gerra amaitu eta gero, Estatu frantsesean atxilotu eta Argeles-sur-Merreko esparrura eraman zuten. Frantses Estatuaren inbasioaren ondoren, Vichyko Gobernuak, nazien aldekoak, Aljeriara deportatu zuen, Colomb Becharreko barneratze esparrura. Han, presoek trenbide transahararra eraikitzen lan egiten zuten. Bertako bizi kondizio gogorrak eta tenperatura altuak zirela eta, preso asko gosez eta paludismoz, disenteriaz eta beste gaixotasun batzuez hiltzen ziren. Elorduik zortea izan zuen, bere zaindarietako batek, Donibane Lohizuneko sarjentu batek, bere jatorria jakinda, sukaldeetara bidali baitzuen bizia salbatzeko. II. Mundu Gerra amaituta, Aljerian finkatu zen eta herrialde haren independentziaren aldeko borrokan parte hartu zuen FLNrekin. Euskal Herrira itzuli zenean, euskal mugimendu independentistako kide izan zen. Artikulua ilustratzen duen argazkia 1970eko uztailaren 5ean egina da, Aljeriaren independentzia ospatzen zen egunean, hain zuzen. Eneko Irigarai izan zen egilea, eta Antonio Cubillo, MPAIAC Kanarietako Artxipelagoaren Autodeterminazio eta Independentziaren aldeko Mugimenduko burua izan zena, haren emazte Maria Teresa, Emeterio Elordui eta haren emazte Aurora eta bi seme-alabak ageri dira. Argazkia La Salleko fraideek Aljerren zuten eskolan egina da. Eskola hura Zizurkilgo anaia Joxe Arrastoak zuzentzen zuen.