Martin Mantxo
ESKANDINAVIAKO TOLERANTZIA EREDUGARRIA?

«Mejia-Andino versus Suedia» kasua

Suedia, tradizio multikultural oso sakoneko herrialdea ez izan arren, errefuxiatu eta etorkin askoren helmuga izan da, haren jarrera aurrerakoiak lagunduta. Baina kanpotik begiratuta izan daitekeen irudi horretatik urrun, arrazismoa uste baino normalizatuago dago. Afrofobia eta eskuina, biak doaz gorantz Suedian.

Suediar batek nire hiriko taldean jokatzen du, Alexander Isakek. Suediako selekzioan ere jokatzen du, baina ez ditu eskandinaviar estereotipoak betetzen: haren gurasoak Eritreatik erbesteratu ziren. Mundu osoan ezaguna den Suediako futbolaririk ospetsuenak ere ez du prototipoa betetzen: Zlatan Ibrahimovic. Haren aita eta ama Jugoslavia zaharrekoak dira. Suediak ez zuen herrialde inperialisten tradizio multikulturala, baina bere jarrera aurrerakoia tarteko, errefuxiatu eta etorkin askoren helmuga bihurtu zuen. Emaitzak, horrenbestez, futbolean hautematen dira gaur egun.

Nolanahi ere, mugak zeharkatu dituzten kontrako gertaerak ere ezagutu ditugu, Tess Asplundena kasurako. Asplund, 2016an, bera bakarrik, ukabila altxatuta zuela, Erresistentzia Nordikoaren Mugimenduaren (NRM) martxa bat oztopatzera ausartu zen emakume beltza da. NRM Suedian aski hedatuta dagoen talde faxista dugu. Bere argazkia birala bihurtu zen. Asplundek berak elkarrizketa batean adierazi zuenez, arrazakeria normalizatu egin da Suedian. Urte horretan, NBEk kezka adierazi zuen Suediako gizartean bereziki afrofobiaren gorakada gertatu zelako, diskriminazioaren eta indarkeriazko ekintzen bidez adierazten zena. NRM izaera arrazistako indarkeria bultzatzeagatik da ezaguna, eta bere burua nazionalista eta antisemitatzat aitortzen du. Urte berean, hilabete batzuk lehenago, urtarrileko osoko bilkuran, Suediako Gobernuak 80.000 asilo eskaera errefusatu zituen, jasotako eskaeren erdiak. Urtebete lehenago, 2015ean, Suediako Gobernuak Siriako herritarrentzako eskubide automatikoa ezabatu zuen, eta hiru urtera murriztu.

Suediako eskuinak 2010ean egin zuen gora, Suediako Demokratak alderdiak hain zuzen, NRM baino moderatuagoa baina kontserbadorea eta etorkinen aurkakoa. 2002ra arte botoen %2 baino gutxiago zituen, baina urte horretan, 2010ean, %6ra iritsi zen, eta hogei eserleku lortu. 2014an, alderdiak botoen %10 jaso zituen. Gaur egun, Suediako erakundeak bi bloketan banatzen dira: egungo gobernua (sozialdemokratak eta berdeak) eta kontserbadorea, baina bietako batek ere ez du gehiengoa.

Mejia-Andino versus Suedia

Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegian orain aztertuko den kasu berri eta lotsagarri batek zalantzan jartzen du Suediak etorkinekiko eta behartsuekiko duen ustezko tolerantzia hori.

Erlin Mejia-Andino hondurastarrak Suediaren aurka jarritako helegitearen kasua da (49738/20), Suediako Gobernuak ukatutako asilo eskaera baten harira. Lotsagarria da, Erlin Mejia-Andinok asilo politikoa eskatzeko dituen arrazoi legitimoak aski ezagunak direlako, aurkeztutako ebidentziengatik, baina baita dagoen informazio zabalagatik, edozeinentzat eskuragarri dagoena. Aurkeztutako frogek kasua eztabaidaezina egiten dute eta, halaber, ezaguna da guztiz Hondurasen ekintzaileen aurkako jazarpen eta indarkeria egoera.

Erlin Mejiak 2009ko estatu kolpetik eratutako gobernuaren aurkako “Oposición Indignada” deituriko mugimenduan parte hartu zuen. Mugimendu horrek, besteak beste, presidentearen dimisioa eta inpunitatearen aurkako nazioarteko batzorde bat eskatzen zituen. Zuzien martxan eta beste zenbait protestatan ere parte hartu zuen, eta horregatik guztiagatik proiekzio publikoa lortu zuen. Era berean, kargu publikoen salerosketa sareen aurkako salaketak egin zituen. Aski ezagunak dira estatu kolpeaz geroztik Hondurasen gertatzen diren giza eskubideen urraketak erregimenaren aurkako ekintzaile eta oposiziogileen aurka; ezagunena, Berta Caceresen hilketa. 2017an soilik, hauteskunde orokorretako ustezko iruzurraren ostean sortutako krisi politikoan, 38 pertsona erail zituzten. Testuinguru horretan, Erlinen aurkako mehatxuek garrantzi handiagoa hartu zuten, batez ere 2016ko urriaren 4an bere arreba bahitu zutelako –bi egun geroago aurkitu zuten–. Bahiketa hori abisutzat hartzen du Erlinek, pertsonen salerosketa sarea, ustelkeria eta krimen antolatua salatzeagatik eta gobernu kolpistaren aurkako aktibismoarengatik.

Ildo horretan, Erlinek gogora ekarri du Juan Orlando Hernandezen gobernuak krimen antolatuarekin duen lotura. Izan ere, narkotrafikoan parte hartzeagatik seinalatua izateaz gain, haren anaia bera, Tony Hernandez diputatu ohia, AEBetako kartzela batean dago, narkotrafikoa egotzita. Militarrak, poliziak, GKEak eta Hondurasko presidentea bera ere salatu ditu Erlinek.

2017tik, Erlin Mejia Suedian bizi da. Jazarpenaren ondorioz, asiloa eskatu zuen, eta hiru aldiz ukatu diote 2019ko abendutik, azkenekoz 2020ko ekainean. Orain, Suediako migrazio zerbitzuek abenduaren 24rako ezarri dute deportazio prozedura hasteko epea. Baina auzia Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegira eraman da; izan ere, Suediako Gobernua kontraesanean dago Europako politikaren oinarrizko printzipioetako batekin: iritzi politikoengatik arriskuan dauden pertsonei asiloa ematea (Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 14. artikulua). Bidalitako dokumentuak entregatzeko epea amaitu da, eta, beraz, Europako prozesua ebatzi arte Suediako Gobernuak ezin izango du Erlin Mejiaren aurkako neurririk hartu, Suediako legedia Europakoaren mende baitago. Hala, Gabriel Campos abokatuak hedabide honi adierazi dionez, Suediako erabakiak berak legea urratu du, bere defendatuari kalte egin diolako haren bizi proiektuan, «eta eskubide hori jasota dago Giza Eskubideen adierazpeneko hitzaurrean». Hala, abokatuaren ustez, helburua ez da soilik Erlinek Suedian jarraitzeko ahalmena eskuratzea, baizik eta eragindako kaltea konpontzea ere.

Gabriel Campos abokatuak salatu duenez, «Erlin Mejiaren eta bere familiaren oinarrizko eskubideen urraketa zentzugabea izan da. Estrasburgoko Auzitegiak nire ordezkatuaren giza eskubideak babestu eta bermatu behar ditu giza eskubideen arloko nazioarteko zuzenbidearen esparruan».

Erlin Mejiak berriro ere azken muturreraino joateko asmoa du, ez soilik bere eskubideak betetzea lortzeko, baizik eta bere kasuak Suediako eta Europako migrazio politikan ezar dezakeen aurrekariagatik. «Suediako gizarteari eskerrak ematen dizkiot, baina, aldi berean, nire bizitzeko eskubidea bortxatua izan dela sentitzen dut», adierazi du Mejiak. Izan ere, haren aurkako deportazio eskaerek ziurgabetasuna eta ezegonkortasuna eragin dizkiote, eta horrek nabarmen eragin dio pertsonalki: urduritasuna eta antsietate handia sorrarazi dizkio eta epe luzeko proiektuetan jardutea zaildu.

Aipatutakoei beste alderdi bat gehitu behar zaie: Erlinen desgaitasun fisikoko egoera, izan ere, haren hezur masak okerrera egin du. Egia da, halaber, Suedian jaso duen tratamenduaren ondorioz, egoera hobetzea lortu duela. Nolanahi ere, harekin izandako hartu-emana dela-eta ondorioztatu dugu, muga fisiko horietaz gain, Erlinek oso garatua duela bere adimena, bai eta bere bihotza eta beste batzuk antzeko egoeretatik pasa ez daitezen ukabila altxatzeko ahalmena ere. Erlin Mejiak uste du erronka berria ere gaindituko duela eta Suediako Gobernua eta harekin batera Europar Batasuna agerian geratuko direla bidegabe eta arrazista gisa.

Arrazakeria Suedian

Suedian gertatzen ari den arrazakeriaren hazkundeari, azken egunetako gertaerak gehitu behar zaizkio. Arrazakeria krisialdian loratzen da, bai krisialdi ekonomikoan, bai gizarte krisialdian eta bai balioen krisialdian. Etorkin gehiago edo gutxiago egotea ez da jatorrizko arrazoia, nahiz eta horiek, gainerako gutxiengoak bezala, normalean aitzakia eta jomuga gisa erabiltzen diren, eta eskuinak betidanik erabili izan duen formula bat da. Krisialdi horien benetako kausak estaltzeko erabiltzen dira etorkinak, hala nola gutxi batzuk aberastea eta inbertsio kaltegarriak, dirua xahutzea armadetan, polizietan eta abar. Alexander Burlin migrazio aditu suediarraren arabera, azken urteotan Suediak «ongizatearen erreforma neoliberalak eta drogen aurkako gerra» jasan ditu. «Horrek guztiak higatu egin ditu Suedia luzaroan hain desberdin egin duten berdintasunezko politikak».

Hala, Black Lives Matter mugimenduak Ameriketako Estatu Batuetan egin berri dituen protestek Suedia osoan izan dute erreplika, baina ez elkartasun ekintza huts gisa, tokiko arrazakeriaren aurkako salaketa gisa baizik. Burlinek azaldu duenez, AEBetako ondarea den «nagusitasun zuria eta neoliberalismoa» zalantzan jarri duten protesta horietan ere parte hartu du Suediak. Gutxik dakiten zerbait da Suediak ere esklaboen merkataritzan parte hartu zuela, zehazkiago Ameriketan izan zuen lurralde bakarretik, Saint Barthelemy uharte ñimiñotik, eta, era berean, esklabotza ezabatu zuen Europako azken herrialdeetako bat izan zela.

Supremazismoaren pentsalarietako bat Carl Lineo biologo ezaguna izan zen. Ekologiaren, taxonomia biologiko modernoaren eta nomenklatura binomialaren alorrean egindako ekarpenak ez ezik, XVIII. mendean, dena sailkatzeko obsesioak bultzatuta, giza espeziea arrazen arabera zatitzera jo zuen, arrazismo zientifikotzat ezagutzen dena sustatuz. Era berean, Suediako Arraza Biologiako Estatu Institutua arraza eugenesiari buruzko nazioarteko “ikerketan” nabarmendu zen 1930eko hamarkadara arte. Burlinen esanetan, «Suediako arrazakeria estrukturalak herrialdeko politika eta erakundeak blaitzen jarraitzen du gaur egun».

Arrazakeria hori gorroto delituetan sumatzen da, baina bai eta hainbat eratako diskriminazioetan ere. Eta diskriminazio horien artean sar dezakegu baldintzak betetzen dituzten pertsonei asilo eskaerak baztertzea. Izan ere, pertsona horiei, berriro arrisku egoeran jartzeaz gain, beste kalte gehigarri batzuk ezartzen zaizkie.