Baber Khan Sahel, M. Villen, A. Razmipour, A. Fernandez (Efe)
HEROINAREN IBILBIDEA

Afganistango zelaietatik AEBetako kaleetaraino Irango portuetatik igarota

Afganistango mitxoleta baten barruan hasten da heroinaren ibilbidea. Ia 600.000 nekazarik landua, ezkutuan baina gora doan negozioaren jatorria da. Irandik igaro eta gero, mundu osora iritsiko da. Bidaia horren bukaeran, AEBetan, adikzioa belaunaldiz belaunaldi dago errotuta, eta gaindosiak gora doaz pandemia garaian.

Nekazari batek mitxoleta batetik erretxina atera du Afganistanen, saltzeko eta bere familia elikatzeko.

Iranen, mugako patruila bat lantegitik atera zen opioaren atzetik dabil, bere herrialdean saltzea eta mundu osora salto egitea saihesteko.

Baltimoren (AEB), 11 urte zituenetik heroina kontsumitzen ari den 55 urteko gizon batek laguntza eskatu du kartzela bateko atean aparkatuta dagoen zentro mediko mugikor batean.

Lore baten barruan hasten da dena.

Mitxoletak eta tiroak

Goizaldeko lau eta erdiak dira eta Amrullah Khan bere etxean otoitz egiten ari da bere mitxoleta zelaira joan aurretik. Nangarhar ekialdeko probintziako Khogyani barrutian bizi da. Bere aitarengandik ikasi zuen landatzen, eta hark bere aitarengandik.

Bere seme-alabak landare debekatu horien artean entrenatu ditu. Hamar bat urterekin hasten dira lanean. Afganistan munduko opio saltzailerik handiena bihurtu duten 590.000 nekazarietako bat da Amrullah.

«Dagoen gauzarik gogorrena da», dio, erretxina saldu ondoren, familiako hamahiru kideak elikatzen dituen jornalariak: «Hilabeteetan lan egin behar duzu goizetik arratsaldera, zure osasuna narriatzen du eta gure seme-alaben etorkizuna hondatu».

Erretxina marroiagatik laster erabilgaitz geratuko diren arropa zaharrenekin jantzita, jornalariak kapsuletan ebaketak egiten hasten dira, eta kapsula horietatik “mitxoleta esnea” ateratzen dute.

Opioa ezkutuan saltzen da. Urrun geratzen da salmenta zelai edo tokiko azoketan denen bistan egiten zen garaia. Orain, merkatariak zaratarik egin gabe joaten dira herrixkara, edo nekazariek beraiek ezkutuan eramaten dute segurtasunik gabeko eta talibanek kontrolatutako eremuetara.

Ez dira falta erosleak. «Denak daude tartean sos batzuk irabazteko, Gobernuko funtzionarioak, talibanak zein narkotrafikatzaileak», azaldu du Amrullahk.

Sarritan, Afganistango segurtasun indarren, talibanen eta Estatu Islamikoaren arteko borrokek etenarazi egiten dute uzta bilketa. «Inoiz ez dakigu nondik etorriko diren korrika egitera behartzen gaituzten tiroak».

Ez da urte ona izan. Amrullahk 400 dolar baino ez ditu saldu. Iaz, berriz, 2.000 dolar. Lortutako diruak apenas estaltzen ditu ongarriak eta eskulana; beraz, narkotrafikatzaile bati aurrerapen bat eskatuko dio hurrengo uztarako.

2001ean, AEBen inbasioaren ondorioz talibanen erregimena erori zenetik Afganistango Gobernuak eta nazioarteko komunitateak 9.000 milioi dolar baino gehiago gastatu dituzte opioaren laborantza desagerrarazteko, baina ez dute arrakastarik izan. Afganistanek munduko heroinaren %80 ekoizten jarraitzen du.

Nazio Batuen Krimenaren eta Drogen aurkako Bulegoak (UNODC) emandako datuen arabera, mitxoletaren ekoizpena handitu egin da: 2001ean, 185 tona ekoizten ziren talibanen erregimenean; 2002an, 3.400 tona (lehen uzta atzerriko indarren presentzian); eta 2019an, 6.400 tona. Landatze azalera ere hedatu zen: 2001ean 800 hektarea ziren, eta 2019an, 163.000 hektarea.

Programa antinarkotikoen porrotaren arrazoien artean segurtasunik eza dago. «Laborantzaren %83 talibanek kontrolatutako eta seguruak ez diren eremuetan egiten da, eta nekazariak animatzeaz gain, droga trafikoa errazten dute», azpimarratu du Tariq Arian Barne Ministerioko bozeramaileak.

Afganistango Poliziak, indar estatubatuarren laguntzaz, 2009 eta 2019 artean droga prozesatzeko 500 laborategi suntsitu zituen aire erasoen eta operazio berezien bidez (AEBek 2017 eta 2018 artean egindako “Burdina ekaitza” kanpaina mediatikoa barne).

Talibanek 200 milioi dolar inguru lortzen dituzte urtean drogaren salmentatik, hau da, AEBetako Armadaren datuen arabera, gerrak eragindako gastuak ordaintzeko behar dutena baino gehiago.

Matxinatuek, ordea, behin eta berriz ukatzen dute euren parte hartzea. «Emirerri Islamikoak –talibanek beren burua izendatzeko modua– ez du zerikusirik laborantzarekin, trafikoarekin eta drogekin lotutako beste jarduerekin» esan du Eferi Zabihullah Mujahidek, talibanen bozeramaile nagusiak. «Nola jo eta zigortuko ditugu bada goizean nekazariak mitxoleta lantzeagatik, aurreko gauean gurekin afaldu badute?».

Malang Amani –ez da bere benetako izena– maila ertaineko narkotrafikatzailea da. Oro har, opio kantitate txikiak erosten dizkie tokiko merkatariei edo zuzenean konfiantzako nekazariei Afganistango ekialdean. Amanik (59 urte) droga trafikoan eman ditu azken hemezortzi urteak, eta talibanen erregimenaren kolapsoaren ondorengo garaiak faltan bota ditu, kontrabandoa «erraza eta errentagarria» zelako: batek opioz betetako auto bat gida zezakeen 600 kilometroz Nangarhartik hegoaldean dagoen Kandaharrera, arazorik gabe, Poliziari «diru kopuru txiki bat ordainduz edo opari bat eginez».

Azken urteotan, ordea, paketeak 20 eta 50 kilo artekoak dira, eta, gainera, «autoa aldatu, matrikula eta nortasun agiri faltsuak erabili eta kalaxnikov bat eraman behar duzu».

Afganistango hegoaldean, narkotrafikatzaile handiek opioa bera bezalako bitartekariei erosten diete. Salerosketa horiek leku seguruetan eta leku ezkutuetan egin behar dira. Ondoren, talibanek kontrolatutako eremuetan zehar, Pakistanera eta Iranera bidaltzen dute.

Banaketa portu handia (Iran)

Iranen, mugazainentzat ere goiz hasten da eguna. Bi herrialdeen arteko 900 kilometroko mugan, zangak, alanbre hesiak, hormak eta zaintza dorreak daude. Polizia antinarkotikoen laguntzarekin, droga euren herrialdean sar ez dadin saiatzen dira. Azken hiru hamarkadetan 50.000 banda inguru desegin dituzte.

Sistan, Balutxistan eta Hego Khorasan dira aktibitate handiena duten probintziak, herrialdearen hego-ekialdean.

Lehorrekoa da bide tradizionala, baina itsasokoa gehitu behar zaio, epizentroa hegoaldeko Hormozgan eskualdean duena, Persiar golkoan.

Badira beste bide batzuk, besteak beste, heroina, opioa eta kristala Afganistandik ateratzeko: herrialdearen iparraldera eta mendebaldera, Pakistandik barrena eta hegoaldera, Indiako ozeanotik. Baina horiek bide luzeagoak dira, zailtasun handiagokoak eta gaitasun handiagoak eskatzen dituztenak.

«Europatik hurbilen dagoen bidea Irango Islamiar Errepublikaren mugetara daramana da, eta kontrabandistentzat garrantzitsua da droga azkarrago iristea», azaldu du Mohammad Massoud Zahedian Irango Polizia Antinarkotikoko buruak.

Zenbakiak deigarriak dira. Persiako egutegiaren 1398. urtean (2020ko martxoaren 20ra arte), 950 tona droga konfiskatu zituzten Irango indarrek, aurreko urtean baino 150 tona gehiago. %80 opioa izan zen eta gainerakoa, heroina, morfina eta kristala. 2.319 operazio egin ziren eta 1.886 droga trafikatzaileen talde desegin, Irango Droga Kontrolerako Egoitzaren datuen arabera.

Mundu mailako opioaren %90 baino gehiago konfiskatzen du Iranek. Baita heroinaren %26 eta morfinaren %48, Nazio Batuen Krimenaren eta Drogen aurkako Bulegoak berretsi duenez. «Islamiar Errepublikak sortu duen euste horma gogorrak tsunami horrek droga gutxiago transferitzea eragin du. Gure lurraldera sartzea eta igarobide gisa erabiltzea eragozten saiatzen gara», gaineratu du Zahedianek.

Ahalegin hori ahulduta geratzen da nazioarteko laguntza eskasagatik, bai finantzarioa, bai logistikoa, bai eta AEBek jarritako zigorrengatik ere, Irani beharrezko ekipamendu modernoak eskuratzea eragozten baitiote, batez ere Persiar golkoko itsaso bidezko trafikoari aurre egiteko, zeina gorabidean baitago.

Nolanahi ere, lankidetza estua da kaltetutako beste herrialde batzuekin, hala nola Pakistan eta Afganistanekin.

Narkotrafikatzaileen jarraipena ekoizpen puntuan hasten da eta kontsumo puntuan amaitu, kontrabandoko sare osoa desegiteko baterako operazioak egiteko.

Sare horiek, batzuetan, «terrorismoarekin» lotura dute, eta horrek arriskua gehitzen die operazioei: «Estatu Islamikoa eta Yeish al Adl bezalako talde jihadistek drogak saltzen dituzte euren gastuei aurre egiteko eta armak eskuratzeko», adierazi du Massoud Zahedianek.

Iranek oso faktura garestia ordaindu behar du borroka honetan. 3.850 segurtasun agente hil dira azken hiru hamarkadetan narkotrafikoaren kontrako operazioetan, eta 12.000 inguru elbarri geratu dira. Gainera, 700 milioi dolar gastatu dituzte mugak ixteko.

Baina droga ez da iristen garraiatzeko bakarrik. «Mendekotasuna duten bi milioi drogazale ditugu Iranen», adierazi du Abas Deilamizadeh Tavalode Dobareh (“Berriz ere berpiztea”) gobernuz kanpoko erakundeko zuzendariak. Bi milioi horiei noizean behin kontsumitzen duten 800.000 pertsona gehitu behar zaizkie.

Iranen lehen opioa pipan erretzen zen. Orain, munduko beste lekuetan bezala, heroina eta kristala dira gehien eskatzen diren formak.

Aitona-amonengandik bilobetara

Zabor kamioi handi bat motorra piztuta duela gelditu da AEBetako Baltimore hiriko adikzioak tratatzeko postu baten aurrean, Jordan Narhas-Vigon doktorea zain dagoela. Gidaria, adin ertaineko gizon bat, urduri jaitsi da, errezeta eskatu du eta trostan itzuli da ibilgailura.

«Heroinaren arazoa oso errotuta dago. Tratatu genuen pazienteetako batek esan zidan 11 urte zituenetik zeramala kontsumitzen. Eta orain 55 ditu, lan egiten du eta mendekotasunaren aurka borrokatzen jarraitzen du», azaldu digu medikuak. Kasu askotan, heroinarekin arazoak dituzte familia bereko aitona-amona, guraso eta seme-alabek.

Mediku taldea Baltimore hiriko Atxiloketa Zentroaren atarian dago. Zentro horretan ia mila preso daude, horietako asko epaiketaren zain.

Espetxetik irtetean, ikusten den lehenengo gauza da fidantzak ordaintzeko maileguak eskaintzen dituen abokatu bulego baten leloa: “Freedom is not free. We are the next best option” (“Askatasuna ez da doan. Gu gara hurrengo aukerarik onena”).

Eskualdeko negozio nagusia da. Badira, halaber, burdin hesi herdoilduzko ateak dituzten likore denda batzuk. Establezimendu horietan, dendariak itxitura lodien atzean egon ohi dira.

Presondegi zaharra izan ezik –harri ilun eta aire gotikoko eraikin heze bat, Edgar Allan Poek diseinatua ematen duena–, dena hormigoi eta adreiluzkoa da. Lorerik gabeko lorategi hurbil batean, eskuz idatzitako kartel handi bat dago, letra beltz handiz idatzita: “Tirorik gabeko eremua”.

Filadelfia eta Washington arteko erdibidean, Baltimore, ia 2,5 milioi biztanle dituena, ekialdeko kostaldeko heroina kontsumoaren epizentro historikoetako bat da. Eta antzeko istorioak daude Bostonen, New Yorken, Atlantan, Clevelanden edo Pittsburghen. Joan den mendearen amaieratik heroinak hainbat belaunaldi suntsitu ditu Ameriketako Estatu Batuetan.

750.000 pertsona baino gehiago hil dira 1999tik gaur arte gaindosien ondorioz, gehienak opiazeoen ondorioz, Gaixotasunak Kontrolatzeko Zentroaren (CDC) datuen arabera. 71.000 pertsona baino gehiago hil ziren 2019an bakarrik, erregistroak daudenetik zenbakirik altuena.

Heroina 1970. urtetik dabil AEBetako kaleetan, gehiena Asiako hego-ekialdetik iritsita. Merkatua aldatu egin da duela gutxi, Mexiko hornitzaile nagusi bihurtu baita eta fentaniloa iritsi baita, minbiziak, besteak beste, eragindako minak tratatzeko erabiltzen den opiazeoa. Heroina baino 50 aldiz indartsuagoa dela uste da.

Mexikoko kartelak, Ameriketako Estatu Batuetako Drogen Aurkako Agentziako (DEA) bi goi kargudunek diotenez, eskarira egokitu dira.

Horretarako, mitxoletak landatzeko ahalmena handitu dute “Urrezko triangeluan”, hau da, Sinaloa, Chihuahua eta Durango estatuetan, AEBetako mugatik gertu.

Gaindosi kasuak areagotzen

Pixkanaka-pixkanaka, beren baitan uzkurturik ibiltzen doazela, “bezeroak” agertzen hasi dira. Autobide hurbileko automobilek burrunba egiten dute Behavioral Health Leadership Institute (BHLI) erakundearen kamioiaren ondoan. Mendekotasuna duten pertsona zaurgarrienei osasun zerbitzuak eskaintzen dizkien gobernuz kanpoko erakunde bat da BHLI.

Batez ere medikamentuen errezetak ematen ditu, oso gutxik baitute estaldura medikoa, eta “narcan” (naloxona) inhalagailuak eskaintzen ditu, opiazeoen gaindosia tratatzeko erabiltzen den botika.

Erakundearen buruan Deborah Agus dago, zuzendaria, energiaz beteriko abokatu txikia, guztiekin berritsua; «bezeroekin» –pazienteei izendatzeko erabiltzen duen hitza–, sartu eta ateratzen diren espetxeetako funtzionarioekin, joan eta etorri dabilen poliziarekin, bai eta han inguruan dabiltzan ibiltari urriekin ere.

«Ekialdeko kostaldeko hiri zahar tipikoa gara. Pobrezia maila altua dago, arrazarekin lotutako arazoak ditugu, hezkuntzan finantzaketa federala eta Estatuaren finantzaketa ez egotearekin lotutako arazoak, eta, urteak igaro ahala, Poliziarekin arazoak eta istiluak ugaritu egin dira», azaldu digu.

Hogei urteko gazte argal bat agertu da. Taldeak egun on esan eta aulki bat eskaini dio. Mendekotasuna tratatzeko errezetak bezain garrantzitsua da entzutea. Ekarri duen ibilgailua zain dago motorra piztuta. Preskripzio medikoak jaso ditu, eta pauso bizkor eta irregularrak ematen ditu. Ez du hitz egiteko gogorik.

«Beti egon dira arazoak Baltimoren heroina kontsumoagatik, baina, beste leku batzuetan bezala, ez diote arretarik jarri familia zuri aberatsetako seme-alabak gaindosiak jota hiltzen hasi diren arte. Ezkutuko arazoa zen», azaldu du Agusek.

Eta hala izaten jarraitzen du. «Pandemian, gaindosiaren ondoriozko heriotzak era dramatikoan ugaritu dira berriro. Orain, gainera, kaleko eskaria narkotikoen nahasketak dira: fentaniloa heroinarekin, marihuanarekin... edozerekin. Praktika hori oso arriskutsua da eta gaindosia izateko arriskua izugarri handitzen du. Jendea beti dabil efektu handiago baten bila», nabarmendu du Narhas-Vigonek.