Antton Izagirre

Klik

Naziometroak eman berri digu lehen neurketaren berri eta erakutsi digu gehiengo zabal bat dagoela hemengo erabakiak bertan hartzearen alde. Eta tartean batezbesteko esanguratsu batek burujabetzaren aldeko hautua egingo omen luke aukera izanez gero. Hori ere agertu du. Hau da, burujabetza lortzea klik batez hautetsontzian papertxoa sartzea bezain erraza balitz, gutariko askok hautu hori egingo luke.

Baina erabakitzeko eskubideak, papertxo edo klik hori edukiz betetzeak, borondate hutsetik harago joatea eskatuko baligu, zalantzak ditut erabakitzeko eskubidearen ondorioaz.

Esate baterako, inoiz baino gehiago zer jan erabakitzen ari gara egun hauetan; pentsatu al dugu une batez zenbaterainoko hautua egin dugun herri baten burujabetzaren oinarri den elikagaien subiranotasunaren alde? Galdetu al dugu jan behar dugun hori non eta nola sortua izan den? Galgarik jartzen al diogu erosteko dugun eskubide horri?

Ez da nire asmoa norberaren askatasunari mugak jartzea baina ohartu gaitezen gure eguneroko jardun askok harreman handia dutela aurrez baietza eman diogun herri burujabea izateko eskubide berarekin. Horrekin zera esan nahi dut, gure burujabetzaren kanpoko aitortzaren zain egon gabe burujabetza ekinaren ekinez lortzen joan behar dugun erronka dela. Eta hori adibide bat besterik ez da. Izan ere, «jaten duguna gara» ez litzake koherentea burujabetzaren alde egon eta merkataritzaren erabateko liberalizazioari men egitearekin.

Hori bezala, gure identitate zeinu modura «euskaldunak gara» harrotasunez aitortzen dugunean baina hiztun praktika kamutsa mantentzen dugunean.

Gure kontraesan eta aldagaien zerrenda luzea izan liteke baina urtea hasteko asmo berrien zerrendan bi erabakimen horien aldeko aldarteari “klik” egingo bagenio asko egingo genuke burujabetzaren alde. Urte berri on! •