Maite Ubiria Beaumont

Presidentetzarako bozak, urte bat gutxiago

Covid-19ren proban positibo eman zuen bezperan Emmanuel Macronek bere hurbilekoekin afaria egin zuen. Eliseoko maizterrak urte berri honek besapean ekarriko dituen erronken aitzinean ahal den eta posiziorik onena bereganatzeko anbizioa agerian utzi zuen afari-bilera hori, agenda ofizialetik kanpo, antolatuz. Bere ardurapean, osasun protokoloari iskin eginez, pandemiak finkaturiko lehentasunak alboratuz, hauteskunde egutegiari begira jarri zen gizonez osaturiko konklabea. Oroit dezagun 2017an abiatu zen presidentetzari helburu zehatza ezarri ziola Macronek. Agintaldiaren xede nagusia zen gizon eta emakumeen berdintasunaren bidean urratsak egitea, baita garai berrietara egokitzeko dohain berezia erakutsi zuen hautagaiak bere buruari jarritako erronka ere.

Gizon arteko afariaren menuan plater berezia: udaberriko hauteskundeak. Gainerako alderdiek ezer gutxi dakiten hitzorduari buruz mintzatu ziren Errepublika Martxan mugimenduaren ordezkari nagusiak eta Macronek hasieratik bidelagun izan duen MoDem alderdi zentristaren buru den François Bayrou.

Pandemiari aurre egiteko Frantses Estatuak urgentzia egoera aldarrikatu zuenetik politika formalaren markoa guztiz lausotu da. Defentsa Kontseilua bilakatu da muturreko botere kontzentrazio horren adierazlerik esanguratsuenetarikoa. Organo horri eman zaion protagonismoari dagokionez aurrekaririk ez da, ez bederen gerra espliziturik gabeko garaietan. Era berean, 2017an Macronek lortu zuen gehiengo legislatibo zabalak presidentzialismoaren garapen azkarra iragarri arren, frantses legebiltzarrak pairatu duen baliogabetze prozesuak maila guztiak hautsi ditu.

Defentsa Kontseilutik departamendu bakoitzaren prefeturara. Horra hor osasun krisiaren karietara plantan eman den aginte bakarreko pasadizoa.

Mila hostoko tarta. Urte luzez hori izan zen Hexagonoan botere mailakatzea irudikatzeko baliatu zen figura. Alta, osasun krisiak eskatzen duen kudeaketa eraginkorra aldarrikaturik Estatuaren tarteko egiturak abantzu desagertu dira. Presidentetzaren esfera, alde batetik, eta prefetura-gorputza, bestetik. Horiek bilakatu dira gobernantza zahar berri horren ezinbesteko erreferentziak.

Txertaketa kanpainak ez luke baitezpada aldaketarik ekarri behar boterean aritzeko molde horretan. Are, urgentziaren araberako erabakiak hartzeko sistema iraunarazteko formulak aztergai baditu Eliseoak. Erran gabe doa teoria soilean herritarren borondatean oinarrituko den txertaketa kanpaina bera frantziar nazionalismoaren ikur gisara erabiltzeko interes osoa duela, noiz eta presidentetzarako bozen aurreko urtean, Macronek.

Demokrazia formalaren berreskurapenak abantaila ekar dakioke salbuespenezko gobernu moldea legitimatzeko bidean, baina oraindik ere data finkorik ez duten hauteskunde horiek arriskuak areagotu ditzakete.

Amaitu berri den ezohiko urtean egin ziren udal bozek makronismoak lurraldean tokia hartzeko dituen zailtasunak agerian utzi zituzten. Pandemiak hitzordua memoriatik ezabatzen lagundu bazion ere, Macronek ez luke presidentetzarako bozak baino lehen izanen den eskualde eta departamenduen gobernuak hautatzeko prozesuan porrota jaso nahi. Ez zen apeta, beraz, etxeratze aginduari trufa eginez hauteskunde kanpainaren “lotinantak” mahaiaren inguruan biltzeko hautua. •