Juantxo EGAÑA

XIX. mendearen erdialdeko eleberri batean agertu ez ziren euskaldunak

Jean Baptiste Dasconaguerrek (1844-1927), Donibane Lohizunen sortuak eta Nafarroa Behereko Bastida herrian notario gisa lan egin zuenak, 1866an “Les échos du Pas de Roland” izenburuko eleberria argitaratu zuen. Lau urte geroago, euskaraz argitaratu zen “Atheka gaitzeko oihartzunak” izenburuarekin. Eleberri hori, Lehen Karlistaldiaren garaiko kontakizuna, Ganix Antxordoki kontrabandistaren bizitzan oinarritua da, eta Piarres Lafitte euskaltzainak euskaraz idatzitako lehen eleberritzat jo zuen. Dasconaguerreren aginduz, Delaunet argazkilari eta pintoreak, Baionako Lormand kaleko 19. zenbakian estudio bat zuenak, “Les échos du Pas de Roland” liburua ilustratzeko zenbait argazki egin zituen XIX. mendeko hirurogeiko hamarkadan. Argazki haiek ez ziren inoiz argitara eman. Delaunetek egin zuen argazki sorta hartan Ipar Euskal Herriko jendeen zenbait irudi daude; horietako bat da artikulua ilustratzen duena.