Iker Barandiaran

Aurrez aurreko denbora

Betidanik esan izan digute gauza bera amari eta bioi. Aitona Pedro amaren aita ere halakoa zen eta haren antza ei dugula. Ohitura handia zeukan hizketan egiteko eta sarri egoten zen kalean geldirik batekin zein bestearekin solasean elkarren berri izaten. Kalera irten eta… nork jakin noiz etorriko zen bueltan. Arrebak eta aitak ere hala esan izan digute askotan, gurekin batera kalean joanez gero gogaitu egiten direla, ezin dela ganoraz aurrera egin, ezta lekuetara aurreikusitako denboraz heldu ere. Seguruenik arrazoia izango dute, baina halakoak gara eta dagoeneko ez gara aldatuko. Eta puntualitatearena, onartu behar dut, niri dagokidala batez ere.

Telefonoarekin ere antzera gertatzen zaigu. Lasai asko egon gaitezke luzez hariaren beste aldean dagoenarekin harremanetan, eta nahiz eta ‘alboko’ hori ez ikusi, horren hurbiltasuna sumatu eta estimatzen dugu. Aita, aldiz, horretan zeharo desberdina zen. Mezua jaso edo eman eta nahikoa; ez zion telefonoari lotuta edo konektatuta egoteari inongo balio onik ematen; alderantziz, astuna egiten zitzaion. Eta, hala ere, bere modura bazen soziala: jende asko ezagutzen zuen eta gustura ibiltzen zen bati zein beste bati adar joka, baina tamainan, ez gehiago. Denboraren zentzu zorrotza zeukan; ez zen –bere ustetan– alferrik galtzeko kontua.

Denbora, denboraren kudeaketa ei da bizitzari etekina ateratzeko gakoa. Baina denboraren kudeaketak irakurketa asko ditu: denbora laburrean ahalik eta gauza gehien egitea da batzuentzat pagotxa; denbora horretan zer egin ondo aukeratzea da beste batzuen helburua; eta denborari bizkarra emanez (edo saiatuz) bizitzea beste batzuena. Izan ere, denbora berez guztiontzako da berdina.

Eta garai distopiko honetan ni behintzat kontzienteagoa naiz denborarekiko eta horren erabilerarekiko, are gehiago bakarrik bizi izanda: denbora gehiago daukat eta horretaz pentsatzeko astia ere bai. Joan den astean orriotan irakurri nion Mirari Martiarenari bakarrik bizitzearen gainean; gizartearen korronteak beste modu batean eragin arren –hainbat adibide xelebre aipatu zituen–, gustatu zitzaidan hori balioan jartzea. Dena dela, ez da erraza –ez da inon irakasten– bakarrik bizitzea eta norbere buruarekin hala egoteak lanketa eskatzen du. Eta, aitortu dezagun, guztiok –gehiago edo gutxiago– behar dugu beste batzuekin egotea, tamaina batean elkar behar dugu. Baina baditu onurak ere, jakina.

Adin batetik aurrera gero eta gutxiago irten ohi gara etxetik, antza jada ez gara hain kaletarrak eta beste zeregin garrantzitsuago edo lotuagoak ditugu. Are gehiago, garai ilun eta deseroso hauetan ohitura hori are eta gehiago areagotu da: gero eta oztopo gehiago ditugu kalera edo ekintzak egin zein parte hartzera irteteko; eta, ondorioz, hasi gara ohitzen gutxiago irteten, etxe aldean denbora gehiago pasatzen.

Bai, egia da bizi garen gizarte honetan –zorionekoak gu? beste askoren aldean– aukera asko ditugula elkarren berri izateko eta beste batzuekin harremantzeko, baina ez da inola ere berdina. Horregatik nik behintzat orain inoiz baino gehiago izugarri baloratzen ditut aurrez aurreko harremanak, planak eta ekintzak. Eta onartu behar dut kalera irten eta jendearekin topo egiterakoan lehen baino denbora gehiago egiten dudala hizketan, elkarren berri izaten. Behar dugu hori konpartitu bizirik gaudela gogoratzeko, orain inoiz baino gehiago. Hala eskatzen dit gorputzak eta gozatzen dut lehen baino gehiago. •