Iñaki Soto

Ibili eta aldi berean txiklea jateko kapaz garela erakutsi

Esamolde ederra iruditu zait: «…that we can walk and chew gum at the same time». Bernie Sandersi irakurri diot, Twitterren, Alderdi Demokrataren gehiengo berriak egin beharko lukeenari buruz: «Aurrekaririk gabeko une honetan, gehiengo Demokratiko berriak aldi berean ibili eta txiklea jan dezakegula erakutsi behar du. Bai. Trump kargugabetu behar dugu. Bai. Bidenen hautatuak izendatu behar ditugu. Bai. Langile-familiak jasaten ari diren krisi izugarriei aurre egiteko legedia aurrera atera behar dugu».

Jatorrian, izenburuko esamoldea zentzu negatiboan erabili ohi da, inozoak eta mediokreak izendatzeko. Ardura bakar bat betetzeko ere arazoak dituzten horiei buruz hitz egiteko erabiltzen da. AEBetako politikagintzan esaldia ospetsua da. Antza, Lyndon B. Johnson presidente demokratak Gerald Ford definitzeko erabili zuen, errepublikanoa presidentea izan aurretik: «[Fordek] futbolean kaskorik gabe gehiegi jokatu du eta ez da gai ibili eta aldi berean txiklea jateko». Aldeak alde, sozialismo demokratikoaren defendatzaile den Sandersek berarentzat Johnson presidentea eredua izan dela aipatu izan du. Ez da esaldia erabiltzen duen lehendabiziko aldia.

Sandersek esaldiari buelta eman dion arren, inozokeriaren karga demokratengan kokatuz, ez arerioengan, eta muga hori gainditzeko erronka beren buruari jarriz, orokorrean ezkerrak eskuinarekiko erakusten omen duen nagusikeria moralaren adibide gisa ulertu daiteke.

Trumpismoaren eta, orokorrean, ultraeskuindarren gorakadaren kausa posibleen artean nagusikeria hori aipatzen du zenbaitek. Ezkerrak ez omen ditu lumpen masa horiek ulertzen, ez ditu haien beharrak eta interesak atenditzen eta, horrexegatik, askok ultraeskuinean alternatiba bat topatu dute, diote. Erredukzionista iruditzen zait. Ezkerrak ez du egiten asmatu, ez du ideologiarekin arazo bat, baizik eta praktika politiko eraginkorrekin, batez ere. Adibidez, desberdinkeriaren handitze materialak hutsune horrekin zerikusi zuzenagoa duela uste dut.

Kontuz, berriro ere, txiklea Pichi bezala murtxikatzen duten baina askatasunaren eta jendearen alde urrats bakar bat eman ez duten pentsalari erreakzionario espainiarren merkantzia matxuratua erostearekin.

Jendearen bizi baldintza materialak aldatzeko bidean

AEBetara itzuliz, Trumpen aurkako impeachment delakoa martxan dago eta, horretaz gain, auzi penala noraino heldu daitekeen ikusi beharko da. Une honetan demokratek errepublikanoen belaunak txikitu nahi dituzte. Horietatik hamarrek bozkatu dute Trumpen kontra. Gutxi eta asko, segun eta nondik begiratzen den.

Ikusteko dago Alderdi Errepublikanoaren barruan zer gertatzen den. Trump saldu dezakete, baina ez dute Biden erosi nahi. Kapitolioko indar zoro hori kudeatzea ez da erraza. Biolentziaren mehatxua hor dago. Baita alderdiaren zatiketarena ere. Sandersek beste nonbait jarri du fokua: Alderdi Demokrataren eta Joe Biden presidentearen arduran, hain zuzen ere. Trump txikitzeko, politika publikoak herritarren beharren mesedetan jarri behar dira. Horrek markatuko du eskuinarekiko desberdintasuna. Horrek aldatu dezake polarizazioak eragin duen inertziaren norabidea. Sozialismo demokratikoa, nola ez, materialista da. Ez da txiklea bezain malgua, baina ibili badabil, geratu gabe. •