Juantxo EGAÑA

Rene Cassin, elkarrizketatua

United Nations
United Nations

1948ko abenduaren 10ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen. Haren erredaktore nagusietako bat Rene Cassin abokatu lapurtarra izan zen. 1887an Baionan sortua, Parisen egin zituen Zuzenbide ikasketak. 1914an mobilizatua, I. Mundu Gerraren hasieran, eta urte hartan bertan larriki zauritua izan zen. 1924 eta 1938 artean Nazioen Elkartean parte hartu zuen Estatu frantsesaren ordezkari gisa. 1940an, II. Mundu Gerran zehar eta erresistentziarekin bat eginik, Donibane Lohizunetik Ingalaterrara abiatu zen itsasontzi britainiar batean eta Londresen “Frantzia askea”-ren Gobernuko kideetako bat izan zen. II. Mundu Gerra amaitu ondoren, Unescoren sorreran parte hartu zuen eta Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeko presidenteorde izendatu zuten. 1955era arte izan zuen kargu hori, eta urte horretatik aurrera, bertako presidente izan zen. 60ko hamarkadaren erdialdean Europako Giza Eskubideen Auzitegiko presidentea izan zen. 1968an Bakearen Nobel Saria eta Nazio Batuen Giza Eskubideen Saria eman zizkioten. 1976an hil zen. Irudian, Georges Day kazetariak (ezkerrean) Eleanor D. Roosevelt eta Rene Cassin Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren erredaktore eta sustatzaile nagusietakoei egindako elkarrizketa bat, 40ko hamarkadaren amaieran.