Xabier Izaga Gonzalez
JOXEPE ETA GABRIEL

«Bioi», Joxe Azurmendiren eta Gabriel Arestiren gaurkotasunaren aldarri

Joxe Azurmendiren eta Gabriel Arestiren gaurkotasuna aldarrikatzen dute Fito Rodriguezek eta Karmelo Landak. 36ko gerraren osteko etsipenetik sortu zen subjektibitate berriaren zikloa ez dela itxi diote. Rodriguezen poemek eta biek apailatutako antologiak Azurmendiren eta Arestiren arteko lotura agerian jarri dute.

Urtebete pasatxo da Donostiako San Telmo museoan “Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia” izenburuko biltzarra egin zela. Fito Rodriguez irakasle eta idazleak biltzar hartarako prestatu zuen lanak jarraipena izan zuen ondoren poesia formatuan eta ideia baten inguruan: Azurmendik eta Gabriel Arestik euskal nazio eraikuntza iparra dutela egin dute beren lan kultural, filosofiko eta politiko nagusia, eta egile bien estilo aldarrikatzaile eta berritzailea burutu gabe dagoela uste du. Horrek eman zion “Hitz modestu hatz eratua” poema idazteko bidea, «poeta bien gerizpean». Ondoren idatzitako beste batzuek eta sarrera batek osatzen dute “Bioi” liburuxka (Adhara, 2021).

Azurmendiren “Hitz berdeak” bildumatik kanpo geratu zen “Manifestu atzeratua” poemaren egitura bera du Rodriguezenak, eta nabarmenak dira Arestiren eta Txillardegiren erreferentziak ere.

Antologia

Liburuaren zirriborroa argitaletxera eraman zuenean, editoreak esan zion “Hitz modestu hatz eratua” hobeto ulertzeko Azurmendiren “Manifestu atzeratua” ere harekin batera argitaratzea komeniko litzatekeela. Hartara, Arestiren eta Azurmendiren poemak, eta haien lotura azalduko zuen antologia bat atontzea pentsatu zuen. Horretarako, lagunik aproposenetako batengana jo zuen, Karmelo Landarengana, hain zuzen.

Arestiren eta Azurmendiren arteko harremana gutunez hasi zen, baina ondoren Arestik bisita egin zion Arantzazun eta, Landaren ustez, Arestiren obran nabarmen agertzen da Bilboren eta Arantzazuren arteko kontrastea: «Bilbo infernua da, eta Arantzazu paradisua», besteak beste “Harri eta herri” bildumako poema batean adierazten duenez.

Azurmendiren eta Arestiren arteko gutunak ez ezik, bigarrenaren obra osoa aztertu du Landak. Izan ere, gogorarazi beharra dago, bide batez, berak Joserra Bilbao, Leon Bilbao eta Josu Landarekin batera egin zuen lan eskerga eta eskergarria. Susa argitaletxearen eskutik, Arestiren obra osoa berreskuratu eta 1986an argitaratu zuten. Hamar liburukitan ordu arte argitaragabe zeuden idatzi asko daude, hala nola zentsuratutako obrak osorik. «Oteizaren eta Txillidaren laguntza izan genuen, diseinu bana eman ziguten», gogora ekarri du Landak, eta Joan Mari Torrealdairen laguntza ere nabarmendu du: «‘Euskal harria’, esate baterako, frankismoak erabat zentsuratu zuen, erdia baino gehiago kendu zion, eta guk lortu genuen Arestik jatorriz egin zuen bezala zentsuraren artxiboetatik ateratzea, Juan Mari Torrealdairi esker, eta Arestik nahi zuen bezala argitaratu ahal izan genuen».

Bien arteko lotura

Orain Rodriguezekin batera apailatu duen antologian ez da falta “Zuzenbide debekatua”, ezta Arestik lan hori Lizardi Sarira aurkeztu ostean Azurmendiri idatzi zion gutuna ere: «Nire karta batean agindu eta iragarri nizun bezala, Lizardi-saria Orixeri emana izan zaio. Komentariorik ez. Haren lizarditasunagatik, noski. Komentariorik ez. Eztut aurrerantzean euskal bertso bat ere eskribituko. Hau hemen eta Patagonian dakite. Asperkundearen aitzakiarekin presentatzen dut dimisioa». Rodriguezek dioenez, idazteko estilo berriaz ari zaio, «euskara berri eta batua aldarrikatzeaz gain, molde herritarrak lehenesten zituen eta, ildo beretik, herri xeheari zegozkion kezkak».

Landak ez du zalantzarik egiten poeta bien arteko lotura estetikoaz, haien tirabira ideologikoak gorabehera: «‘Manifestu atzeratua’ Euskal Herriaren historiaren bertsio poetiko oso indartsua da, eta Arestik ere Euskal Herriaren historia poesia bihurtzen du; hor badago konexio handi bat». Euren lana haustura bat izan zela dio, idazkerari eta gaiei dagokienez.

Rodriguezek ere, «haien gerizpean», euskal errealitatea dauka hizpide bere poemetan. Gai gordinak, hala nola tortura; esate baterako, Mikel Zabalza mutil-lagunarekin atxilotu eta torturatu zuten emakumearen izena duen “Idoia” poeman. Zentzu horretan, Landak gogorarazi du Arestik bere “Zuzenbide debekatua”-n polizia indarren errepresioaz diharduela; besteak beste, Guardia Zibilak Boluetan kontrol batean hil zuen bere lagun bat aipatuz.

“Zuzenbide debekatua”, hain zuzen, zubi lana dela esan liteke Arestiren obran. Obra horrekin bere poesiagintzaren norabide aldaketa garrantzitsu bat egin zuela dio Landak: «‘Maldan behera’ obran sakonera handiko poeta bat agertu zen, baina poema sinbolista hori oso iluna zen, interpretatzen zaila; meritu handikoa, kalitate handikoa, baina Arestik euskal herritarrengan eragin nahi zuen, eta hori nola egin teorizatu zuen». 1960an Donostian egin zuen “Poesia eta euskal poesia” hitzaldia ekarri du hizpidera: «Harriaren zikloa esan diogunaren, poesia berriaren, teorizazioa zen. Eta Arestiren poesia berriaren hazia 'Zuzenbide debekatua'-n dago».

“Zuzenbide debekatua” bezala, “Manifestu atzeratua” antologiaren parte da, jakina, baita idazle bien arteko lotura azaltzen duten gutunak ere. Halaber, lagunarteko antologia hori azalpen ugariz hornitu dute egileek.

Ibilbide paraleloa

Bioi: Bizitza. Bioi parallēlloi: bizitza paraleloak. Plutarko historialari grekoak bere biografia bilduman egin zuen antzera, halako paralelotasuna erakutsi nahi zuen Rodriguezek: Azurmendiren eta Arestiren ibilbideen paralelotasuna, gaietan, estiloan... Ibilbide paralelo horiek, baina, batak bestearen kontrako noranzkoa dutela dio Rodriguezek: «Azurmendiren lehen idatziak ideologikoak dira, marxismoaren gainekoak, eta ondoren gero eta abertzaleagoa da; Aresti, berriz, ia sabinianoa izan zena, gero eta marxistagoa». Bata bestearen kontrako noranzkoan, baina estilo bera eta gai berak dituen aldarri bati eutsi diotela dio: «Bietan aurkitzen ditugu garai bateko intelektual berriak, idazkera berritzaileak eta, ahalegin horretan, betiere elkarren berri zutela aritutako bi idazle».

Burutu gabeko zikloa

“Bioi” lanak lehen lerrora ekarri nahi ditu Aresti eta Azurmendi, baina ez iraganeko poeta gisa; aitzitik, haien gaurkotasuna aldarrikatzen dute, «haien zikloa ez delako itxi». “Jakin” aldizkariak Azurmendiri eskaini zion alean, Joseba Zulaikak dio badagoela euskal subjektibitate bat eraiki duen mende bat, 1937an Gernikako bonbardaketarekin hasten dena, eta 2018an, ETA desegin zenean, amaitu zena. Bat dator Landa hasiera horren datarekin, baina uste du duela urte bi ez zela ezer bukatu. Tarte horretan, 1960ko urteetan nazio eraikuntzari berriz heldu zion belaunaldi bat agertu zela dio, eta hor hasi zela Arestiren eta Azurmendiren arteko lotura.

Testuingurua ezaguna da, eta Landak laburbildu egin du: «Oso momentu interesgarria euskal kulturan eta, oro har egoeran», 50eko hamarraldiaren amaieran eta hurrengoan frankismoa finkatuta zegoen, batez ere AEBetako gobernariek Francori ‘argi berdea’ eman ziotelako II. Mundu Gerraren ostean, Euskal Herrian espero zenaz bestera. Agirre eta atzerrikoek pentsatu zuten Hitler eta Mussolini bota ondoren, Franco ere botako zutela eta, Gerra Hotzaren testuinguruan, alderantziz gertatu zen, frankismoa oso erabilgarria zitzaielako; itxaropena agortuta, desilusioa nagusitu zen. Beste mugimendu batzuk sortu ziren, bai maila ideologikoan, bai kultura berpiztu beharrari begira. Berpizte horrek ekarri zuen, besteak beste, idazle, filosofo, politikari… belaunaldi bat. Kanpoko laguntzarik ez zela etorriko jakinda, barrutik egin beharra zegoen».

Subjektibitate berri horren zikloa, beraz, ez dela duela urte bi amaitu uste du: «Hori ez zen ETArako sortu, aurreko politika guztiz agortuta zegoelako sortu zen. Nazio proiektu baten beharra zegoen, arlo guztietan Euskal Herria garatzeko: kulturan, hizkuntzan, literaturan, filosofian, politikan… Hor kokatzen ditugu guk Gabriel Aresti, Joxe Azurmendi eta Txillardegi. Aresti da euskal subjektibitate berri haren zutabeetako bat; beste bat, Azurmendi, Euskal Herria nazio gisa antolatzeko oinarri filosofiko eta etiko-politikoa eman dio; Txillardegik hori hizkuntzari aplikatu eta gero politikara eraman zuen, eta Mitxelenak euskara batuaren artikulazioa egin zuen».

Landaren ustez, oso modu egokian finkatu ziren Euskal Herria nazio bezala antolatzeko oinarri ideologiko, linguistiko, kultural eta politikoak. «Nire hipotesiaren arabera, arkitektoek oso ondo egin zuten, eta gero, etxegileok ez dugu asmatu eraikuntzan, diseinu hori garatzen. Hori autokritika modura diot. Gaur egun, 2021ean, arkitekto haien diseinua hartu eta diseinu horren eraikuntza berritu egin behar genuke».

 

«ADOSTUTAKO TENOREAN»

Azurmendi, Aresti, Txillardegi, edo Jean-Paul Sartre, Alfonso Sastre... Fito Rodriguezen erreferentzia literarioak dira, literatura mota hori aldarrikatzen du: «Haiengan elkartzen dira saiakera eta sorkuntza poetikoa, erreferentzia dokumentalak oso gertukoak dira gaien aldetik, beti jendartearen problematikari so eginez… baita ere idazteko modu ausarta, propositiboa, lotsagabea eta, beraz, ez duena edertasuna helburu nagusi». Rodriguezen lan askotan nabari da erreferentzialtasun hori; baita, “Bioi” baino lehen, orain aspaldi ez dela aurkeztu zuen “Adostutako tenorean” (Adhara, 2020) liburuan. Lan hori Booktegi.eus webgunean dago doan eskuragarri.

Beste batzuek «autofikzioa» egiten duten bezala, berak beharbada «autosaiakera» egin duela dio. Izan ere, saiakera da, baina autobiografiatik ere badu zerbait nolabait bere buruarekiko eta bere irakurleekiko zorra kitatze aldera idatzitako honek. Izenburua Gary Cooper aktoreak protagonistaren papera egiten duen “High Noon” filmak iradokia da (Argentinan, «hitzartutako orduan», eta Estatu espainolean, «bakarrik arriskuaren aurrean»). Liburuaren atarikoan dioenez, erretreta hartu zuenean, besteak beste unibertsitateko bizipenak kontatu beharra zeukala uste zuen eta “Zorroaga ahora Ibaieta” eta “Eskola publikoa ez da Euskal Herriak behar duen eskola publikoa” argitaratu zituen Angel Gonzalezekin eta Josu Txapartegirekin, hurrenez hurren. “Adostutako tenorean”, erretreta hartu osteko hirugarrena, berak bakarrik idatzi du, bere liburu guztien errepasoa eginez. «Liburu asko idatzi ditut, gehiegi nire ustez, baina, niretzat idaztea gogoeta bidea denez, idazten jarraitu behar dut bizitzaren hausnarrean ezinbestean. Hori dela-eta dator idazki hau», dio.

Eta orain «iritsi zait ordua, bada, bakarrik egin dudan literaturaz ni neu bakarrik aritzeko. Iragarritako orduan, bakarrik arriskuaren aurrean, literaturaren maitasunagatik eta haren inguruaz pentsatzeko».