Maite Oronoz Anchordoqui
UPV/ EHUko Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria

Adimen artifizialaren bitartez egitateak automatikoki egiaztatzen («Fact Checking»)

Nola lagun dezake adimen artifizialak, hizkuntza prozesatzeko teknologiek zehazkiago, egia bilatzen? Egunerokoan, une oro, medioetan eta sare sozialetan agertzen diren egitateak automatikoki baieztatzeko edo ezeztatzeko modurik ba al dago?

“Fact checking” edo egitateak, egiatzat jotzen diren horiek, egiaztatzea beti egin beharrekoa izan da esandakoaren zuzentasuna bermatzeko. Albisteek egunkarietan/telebistetan/aldizkarietan argitaratuak izan aurretik ia beti dute egiaztapen urratsen bat. Kazetari adituek egiten duten egitateen egiaztapenak ordea, ezin dio aurre egin online sortzen den informazio bolumen ikaragarriari. Gaur egun informazioa hedatzeko azkartasunarekin eta albisteak jasotzen dituzten medio ez-formalen ugaritze itzela dela-eta (egunkari digitalak, Twitter, Facebook, Whatsapp, Telegram) maiz iristen zaizkigu baieztatu gabeko egitateak. Nola ezagutu esaten digutena egia ote den? Bada, adimen artifizialak, hizkuntzaren teknologiek hain zuzen ere, dudazko informazioaren aurrean, egitateak konputazionalki egiaztatzeko modua eskaintzen digute.

Horretarako osagaiak bi dira nagusiki: alde batetik egitatea bera genuke (ingelesez “fact”), eta bestetik, ebidentziak edo hasiera batean fidagarriak liratekeen dokumentuetatik jasotako esaldiak genituzke (ingelesez, “evidences”). Demagun «COVID-19 birusaren sintometako bat larruazaleko erupzioak dira» baieztapena egin digutela. Egia ote? Nola baieztatu hori?

Irudian agertzen den prozedurari jarraitzeko aukera genuke: 1) fidagarriak diren, erreferente diren, eta gaiarekin lotura duten dokumentuak erauziko genituzke (kasu zehatz honetan osasun arloko artikulu zientifikoak), 2) Aukeratutako dokumentuetan egitatearekin erlazionatutako ebidentziak bilatuko genituzke, eta azkenik, 3) parekotasun positibo edo negatiboen kopuruaren arabera emaitza jasoko genuke: egitatea baieztatu da, ezeztatu egin da edo ebidentzietan oinarrituta ez dugu nahikoa ziurtasunik erabakia hartu ahal izateko.

Egia ezagutzea inoiz erraza izan ez den era berean, ez “fact checking” kontzeptua, ez erabilitako teknikak ere, ez dira errazak. Egitateak egiaztatzeak egitatearen logika, koherentzia eta testuingurua lantzen ditu baina hori erreferentzia baten kontra egiten du. Eta erreferentzia ez balitz guztiz egiazkoa? Lehenik “verification” (euskaraz hau ere egiaztatzea) urratsa egin beharko genuke, hau da, iturria dagozkion data eta kokalekuarekin egiaztatzea. Erreferentzia egiaztatzen ez bada, ezin egitateak egiaztatu. “Fact checking”, “verification”, “fake news”, “rumor identification”,... puri-purian egunerokoan entzuten ditugun kontzeptuak dira, eta guztietan dago hizkuntza tarteko. Hizkuntza automatikoki analiza daitekeela jakinik, zergatik ez baliatu adimen artifizialak eskaintzen digun aukera? •