Xabier Izaga gonzalez
EUSKARAREN BIRIKAK

Hizkuntzen arnasguneak babestea haien garapen iraunkorra bermatzea da

Arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak jarri ondoren, «Lurraldea eta Hizkuntza» V. jardunaldiak izan ziren duela astebete, zer egin behar den adostuta, nola egin behar den adosteko urrats gisa. Nazioarteko esperientziak, garapen sozioekonomiko endogenorako ereduak eta arkitektoen begirada bertan izan ziren.

Lurraldea eta Hizkuntza” jardunaldien lehenengo edizioan, Unai Fernandez de Betoño arkitekto eta jardunaldien sustatzaileak nahi bat agertu zuen: «Jardunaldiak lankidetza emankor baten emaitza direla azpimarratu beharra dago. (...) Espero dugu azkena ez izatea». 2014ko urtarrila zen. Lankidetzak bere bidean aurrera egin zuen eta zazpi urte igarota, joan den larunbatean jardunaldien bosgarren edizioa izan zen Donostiako San Telmo museoan, “Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz” goiburupean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskalgintzaren Kontseiluak, Uemak eta UEUk elkarlanean antolatuta.

Urteotan, lurralde antolaketaren eta hizkuntza aldaketaren arteko harremana, eragin linguistikoaren ebaluaziorako tresnak eta lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak jorratu dituzte. Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak honela laburbildu zuen azken edizioaren helburua, haren bezperan: «Zer egin behar den zehaztuta dago, baina nola egin behar dugun ere adostu behar da aurten». Haren ustez, jardunaldi hauek garrantzi handia dute euskalgintzaren, unibertsitatearen eta erakunde publikoen arteko elkarlanaren emaitza direlako. «Diagnostikoa egiteko, sendabidea proposatzeko eta hori herrietara zabaltzeko urratsak eragin dituzte jardunaldi hauek, euskararen arnasguneek hizkuntzaren biziberritzean duten garrantzia ikusarazten eta ulertarazten laguntzen dute, eta udalerri euskaldunek dituzten beharrei eta erronkei erantzuteko egin beharrekoa ere zehazten dute, udalerri euskaldunak babestu eta garatu ahal izateko».

Arnasguneak

Euskarak, edozein hizkuntza gutxituk bezala, ezinbestekoak ditu arnasguneak, euskararen ezagutza ez ezik erabilera ere nagusi duten lurguneak, alegia. 2016ko datuen arabera, 160 udalerri euskaldun daude Hego Euskal Herrian; haietan euskaren ezagutza eta erabilera %70etik gorakoak dira. Horietatik 19 arnasgune dira, bertan %80tik gorakoak baitira ezagutza eta erabilera. Baina lurgune horiek arnasgune izaten jarraitzea ez dago inondik inora bermatuta.

Joan den larunbateko jardunaldien ondoren, GAUR8k Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiarengana jo du azken edizio horretaz eta oro har elkarlanean egin duten bideaz hitz egiteko. Berehala heldu dio gaiari: «Hasieran kezka bat zegoen, eta haren inguruko hipotesi bat. Arnasgune geografikoek hizkuntza baten normalizazio prozesuan garrantzi handia dute eta, beraz, erdigunean jarri beharra dago, ez bakarrik ondarearen ikuspegitik, esate baterako indiarren erreserbekin egiten zen bezala, hizkuntzaren gutxiagotze prozesua geografikoa ere izan dela kontuan hartuta, mapetan ikusten den bezala, eta gutxiagotzea geografikoa izan den bezala, hedatzea ere geografikoa izan daiteke».

Kezkatuta zeuden herri horietako gazteek eskualdeburu batera joaten direlako, edo biztanleriaren oreka aldatzen delako, eta arazo horiek aztertzeari ekin zioten. «Gure oinarri bat hizkuntza politiketan arnasguneek zentralitatea hartzea zen; hori batetik, eta bestetik, kontuan izan hizkuntza politika hemen ez dela hizkuntza politiketatik bakarrik egiten; beste politiketatik ere egiten da, eta arnasguneei dagokienez, hain justu, are ageriago geratzen zela ikusten genuen; besteak beste, lurralde antolaketako politiketan».

Kanpoko ereduak ekarri zituzten, hala nola Galeskoa, han arnasguneen gutxiagotze prozesua oso landuta daukate-eta, edo Flandriakoa. Halaber, hainbat arlotako pertsonak erakartzen saiatu ziren, hala nola arkitekturaren eta lur antolaketaren esparruetatik, hipotesiak egiaztatzeko. Behin horiek egiaztatuta, eta Galesko ereduari jarraituz, pentsatu zuten interesgarria litzatekeela arnasguneetan lurralde antolaketarekin zerikusia duten erabakiak hartzen direnean, hizkuntzan zer eragin izango duten ikustea. Hortik etorri zen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, Uemak osatu eta bigarren edizioan aurkeztu zuten tresna. «Horren garrantzia tresna bera zen, baina ez bakarrik diagnosia egiteko, baizik eta, are garrantzitsuago, neurriak hartzeko», dio Bilbaok.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa duela urte bi EAEko Udal Legea garatzeko dekretuan jaso zen, eta nolabaiteko derrigortasuna omen du: «Gaur egun EAEn arnasguneetan derrigorrezkoa da ebaluazio hori egitea, eta gero neurri zuzentzaileak hartu behar dira, betiere argi geratuta kontua ez dela arnasguneak elementu isolatu bihurtzea. Zenbait etxe eraiki behar badira, ikusi beharko da horrek zer eragin izango duen eta orduan erabaki beharbada etxe horiek guztiak ezin direla eraiki, edo urtebetean eraiki beharrean hogei urtean egin beharko direla».

Prebentziotik garapenera

Edonola ere, arnasguneek prebentzioa baino zerbait gehiago behar dutela sumatu zuten: «Egia da lehen prebentzioaren ikuspegitik jokatzen genuela; hori printzipio bat da, osasun sisteman ere bai, ezta? Gero sendatu behar ez izatea, alegia. Baina azken-aurreko jardunaldietan jauzi bat egin genuen; prebentzioa hor dago, baina badago beste errealitate bat: udalerri horiek ere garapen bat behar dute, bestela, hustu egingo dira. Hor dago garapen jasangarriaren kontzeptua».

Lurgune euskaldunetan garapen iraunkorraren beharra ikusi zuten, beraz, eta garapen horrek integrala izan behar zuela: «Hori azken-aurreko jardunaldietan jorratu genuen, oso elementu interesgarria izan zen. Orduan esaten genuen hiru ardatz zehaztu behar zirela: sozioekonomikoa, soziokulturala eta sozioekologikoa». Ondoren, lanerako erronkak definitu zituzten: garapen demolinguistiko jasangarri eta orekatua, garapen sozioekonomiko sistemiko eta endogenoa, tokiko oinarrizko zerbitzuen garapena, hizkuntza komunitatean ardaztutako garapen soziokulturala, balio aurrerakoi eta komunitarioetan oinarritutako nortasunaren garapena, arnasguneen saretzea eta hedapena, eta hizkuntza komunitatea ardatz duten politika publikoak. Erronka bakoitzari dagozkion esku-hartze proposamenak ere landu zituzten; esate baterako, garapen demolinguistiko jasangarri eta orekatuaren kasuan, hazkundea aztertu beharra, hazkunde endogenoaren beharretara egokitzeko, esate baterako, gazteei bideratutako ekintza planak diseinatuz, herrian gera daitezen.

Garapen endogenoa

Aurtengo jardunaldietan ideia horiek erabat baliagarriak direla egiaztatu dute, eta horiek lantzen jarraitu behar dutela. Jauzi bat egin nahi zuten, eta Bilbaok Joseba Garmendiaren lankidetza nabarmendu du. Tokiko garapena aztertu du ekonomialari eta EHUko irakasle horrek. «Prebentziotik garapen iraunkorrera egin beharra dago, baina garapen hori herri horiek behar duten beste garapenarekin uztartuta. Ertz asko dituen garapena, eta ertz horietako bat hizkuntza da», dio Bilbaok.

Joan den larunbatean Imanol Esnaola Gaindegiko kideak gidatu zuen elkarrizketan, Garmendiak azaldu zuen udalerri euskaldunek eta arnasguneek ekonomikoki ez dutela beste herriekiko ezberdintasunik: «Ezberdintasuna erronka da. Garapen ekonomikoan, ordea, ez dago alderik».

Lurgune euskaldunentzat garapen ekonomikorako estrategiak nola eraiki aztertu zuen Garmendiak, baita tokikotasunaren indarguneak eta ahulguneak ere, eta tokiko eskalaren indarguneak askoz garrantzitsuagoak direla nabarmendu zuen. Eta arnasguneen erronka izan daitekeena agertu zuen: «Iraunkortasuna epe luzera bideratzeko prozesuak abiaraztea». Horretarako, bide-orria zehaztu beharra eta adostasunak lortzea ere funtsezkoa dela esan zuen. «Oso garrantzitsua ez ezik, posible ere bada. Mentalitate aldaketa ere ezinbestekoa da: eskatzeari utzi eta egiten hastea. Jarrera proaktiboa». Ondoren tresnak eta arkitekturak eraiki behar direla esan zuen, eta azkenik, plan estrategiko bat garapenerako ekimen zehatzak gauzatzeko.

Lege marko baten beharra

Bestalde, oso garrantzitsutzat jotzen dute arnasguneentzako lege marko propio bat. «Momentuz zerbait lortu dugu», dio Bilbaok. «Arazoa seinalatu genuen, irtenbidea jarri genuen, esperientzia pilotuen bidez probatu genuen eta politikariek, EAEn behintzat, bere egin zuten».

Babes juridikoari begira, nazioarteko esperientzien berri izatea komenigarria dela dio Kontseiluko idazkari nagusiak. Azken jardunaldietan Conchur O Giollagain Highlands and Islands Unibertsitateko (Eskozia) irakaslea elkarrizketatu zuen. «Izan ere, arnasguneak ez dira bakarrik Euskal Herriko kontua, egoera gutxituan dauden hizkuntza guztiek ikusi dute zein beharrezkoak diren lurgune horiek».

Giollagainek Gaeltacht irlandera eremuari eman zioten lege aitortzaren gainean hitz egin zuen. Oso beharrezkoa dela dio lege babes hori, baina egokia izan behar duela. Ikuspegi kritikoa du Irlandako hizkuntza politikaren inguruan. Haren ustez, Irlandan aplikatzen den hizkuntza politikak badu nolabait ondare zaintzaren kutsu handiagoa biziberritze politikarena baino: «Komunitateak izan behar du garrantzia, harekin hitz egin, hari entzun, haren beharrak ikusi behar dira. Komunitatearen gaitasun kolektiboan zentratu beharrean, politikak ezartzeko modu horrek kulturan, hezkuntzan zentratzen dira, baina elementu horiek eurek bakarrik ez dute salbatuko edo babestuko hizkuntza edo komunitate gutxitu bat. Irlandera sustatu egiten da, baina ez da babesten».

Bilbaok dioenez, horrek argi ikusarazi zien euskal arnasguneek ere lege marko bat behar dutela, lege babes bat behar dutela, «baina ez ondare politikan oinarritutakoa, baizik eta biziberritze politikan, gurean ere komunitatea ekarri behar dugulako erdigunera».

Arkitekturaren ikuspegia

Nora Erdozia arkitektoaren eta Arritxu Zelaia hizkuntza aholkulariaren parte-hartzea interesgarria ez ezik, oso ariketa praktikoa ere izan zen, ikusteko lurralde antolaketan herrietako antolaketarako prozedurak abian jartzen direnean zer hartu behar den kontuan. Arnasguneak babesteko hirigintza nola baliatu azaldu zuten.

«Hizkuntzan ez ezik, identitatean edo nortasunean ere eragiten du plangintzarik gabeko proiektu batek. Zer, zenbat, norentzat eta nola egiten den determinantea da arnasguneen biziraupenerako», esan zuen Zelaiak, eta bi ardatz seinalatu zituen: oreka eta harremanak.

Oreka kopuruan; esate baterako, gehiegizko hazkundea saihestu beharra, dauden etxebizitzen eta egingo direnen arteko oreka, alegia. Oreka, etxeen tipologiari dagokionez; baita eskarian eta eskaintzan, eta lekuari dagokionez ere; esate baterako, ingurune zaurgarrienean eraikitzea saihestuz. Eta oreka denboran, populazio hazkunde handia zaila baita denbora laburrean asimilatzen, eta integrazio aldetik arazo handia baita.

«Harremanetarako arkitektura egitea ere garrantzitsua da. Hizkuntza transmisiorako, edo etorri berrien eta lehendik zeudenen arteko harremanetarako», esan zuen Erdoziak, harremanak erdigunean jartzearen garrantzia nabarmenduta. «Arkitekturak eta hirigintzak ez dituzte sortzen harreman sozialak, baina asko lagundu edo oztopatu ditzakete». Eta galdera interesgarri baina erantzun errazekoak plazaratu zituen: «Zer ikuspegi sustatu behar da? Merkatuaren edo norbanakoen ikuspegia, ala kalea eta herri bizitza sustatzeko ikuspegia?».

Zeharkakotasuna

Amaitu aurretik, Tolosako, Gabiriako eta Baztango alkateen txanda izan zen. Olatz Peon, Joseba Otondo eta Oier Oiarbidek beren udalerrietako hizkuntza egoera eta politika azaldu zituzten. «Hiru testuinguru arrunt desberdin», dio Bilbaok. Hala ere, haien parte-hartzeak berretsi omen zuen «jardunaldien hipotesietatik eratorritako ondorio bat: benetan politika guztietatik egiten dela hizkuntza politika, eta hizkuntza politika beste politika guztietan egin behar dela. Lurralde antolaketaz ari gara, baina hizkuntzaren zeharkakotasuna kontuan hartu beharra dago».

Ondorioak

Jardunaldiak amaitu baino lehen, Iraitz Lazkanok eta Paul Bilbaok goiz osoan izandako parte-hartzeetatik ateratako ondorioak agertu zituzten.

Lehenengoa, 2019an garapen iraunkorrari begira zehaztutako hiru ardatzek indarrean segitzen dutela: garapen soziekonomikoa, soziokulturala eta sozioekologikoak. Baita ardatz horien barruan ezarritako zazpi erronka nagusiek ere, eta aurrera begirako lanketarako baliagarriak direla.

Bigarren ondorio gisa, pandemiak inoiz baino ageriago utzi duen zerbait nabarmendu zuten: hainbat gizarte sektoreren zaurgarritasuna eta interdependentzia: «Arnasguneei dagokienez ere, begien bistan dago hizkuntzaren normalizazio prozesuetan duten garrantziarekin batera, euren izaera zenbateraino den zaurgarria. Are gehiago, globalizazio prozesua azkartzen ari delarik, inguruarekin duten interdependentzia gero eta sakonagoa den garaiotan».

Hirugarren ondorioa, jendartea gero eta elkar-lotuago eta inguruarekin elkarreragin etengabean bizitzeak politika publikoetan hizkuntza normalizazioa zeharkakotasunez lantzea eskatzen duela ezinbestean: «Sozioekonomia, lurralde antolaketa, arkitektura eta beste hainbat gai jada ezin dira planteatu ezagutza eta esparru iragazgaitz gisa, eta beharrezkoa da horietan guztietan hizkuntza normalizazioren begirada txertatzea».

Laugarrenik, arnasguneen garapenean oinarritutako politika publikoei dagokienez, «aurreko ondorioaren bidetik jarraituta, beharrezkoa da politika publiko guztietan arnasguneen garapena aintzat hartzea, eta arnasguneen garapenaren ikuspegia hasieratik bertatik txertatua egon beharko litzateke».

Horrenbestez, hizkuntza politiketan ondare ereduan oinarritutako politikak baztertu eta biziberritze ereduan eta arnasguneen garapenean oinarritutako hizkuntza politikak egiteko bideak zabaldu beharko liratekeela nabarmendu zuten.

Azkenik, arnasguneen garapenari bermea eta babes juridikoa emango dion lege markoa garatzea beharrezkoa dela ondorioztatu zuten. Esan zutenez, Irlandako aurrekaria baliagarria zaie, eta haren onurak eta gabeziak mahai gainean jarri nahi izan zituzten. Horiek ikusita, «hutsuneak hutsune, tresna horren potentziala eta beharrezkotasuna agerian geratu dira».