Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Airez eta penaz

Hirugarren olatuak etxean konfinatzera eraman dituen kideak gorabehera, ederki pasatu dugu azken aste luzea, leihoak zabal-zabalik, hego haizeak aireztaturiko ikasgeletan. Pena CO2 neurgailurik ez dugula izan, egunotan kanpokoaren antzekoa bailitzateke fama txarreko gas honen kontzentrazioa, 400 bat ppm-koa (milioi bat partikulako 400 bat). Lanerako atmosfera egokiago bat eskaintzeaz gain, datu honek gelaren aireztapen egokiaren berri emango liguke; gela barruan CO2z (eta mikroorganismoz) beterik botatzen dugun arnasa gelatik irteten ari dela, alegia. Ikerketa batzuek iradokitzen dutenez, 800 ppm-tik behera mantendu beharko litzateke CO2aren kontzentrazioa aerosolen bidezko kutsatzerik ematen ez dela bermatzeko (500 arnas biziko jardueratan edo ozen hizketan egotekotan). Hain zuzen, “Nature” aldizkarian berretsi berri da aerosolak direla SARS-COV-2 kutsatzeko modu nagusia, baina ez dirudi bitartean oso serio hartzen dugunik neurri hau. Eskuak, maskara, distantzia lelo ere egin ziguten agintariek, baina gero ez dira batere argiak izan aireztapenaren inguruko irizpideak, eta jakina, ez dira espazio eta egoera bakoitzerako estrategia eraginkor bat egiteko nahikoak.

Horregatik, ikerketatxo bat egitera animatu nahi zaituztet lerrootatik: denbora ematen duzuen espazio itxi horren aireztapen estrategia egokia aztertzea, CO2 neurgailu bat hartuta. Askotarikoak topa ditzakezu merkatuan (bertako produktua ere!), baina infragorriak darabiltzatenak omen fidagarrienak. Prezioz igo daitezke, baina kontuan izan ez dugula zertan gela bakoitzean gailu bat instalatu –ez badugu nahi aireztapen sistemarekin automatizatzea, pasa den astean saritua izan den UPNAko Ana Ruiz Ilundain ingeniariak asmatu duen gailuaz, adibidez–, eta bakarrarekin egin dezakegula eraikin osoko azterketa. Espazio bakoitzean, aldagai ezberdinak hartuko ditugu kontuan: jende kopurua, eguraldia (haizea), leiho kopurua, sorturiko korronte mota, eta zenbat denboraz eta zenbatero ezartzen dugun korronte hau. Behin ikerketa eginda, eta badaezpada ere marjina bat emanez, gela horren aireztapen estrategia paneltxo batean ezar liteke eta, jakina, gero bete.

Aireaz eta penaz egin dut hitz jokoa, airea ikertzeko proposamenaz gain, hainbat pena aipatu nahi nituelako hemen. Agintariek penak haien esku dauden gauzak ez egiteko aireratzen dituzten bitartean, batek pena sentitzea baina askoz gehiagorik ezin du egin hainbeste izorratzen ari zaigun errealitatean aldaketa ñimiño bat ere ezin dugunean eragin. Eta egitekotan, hor ditugu zain sirena urdinez datorkigun apisonadoraren penak. Pena horiek eta gure penek geldiarazi ez gaitzaten, errealitatea eraldatzeko gai garela ikasi behar dugu, ekinez. Ikasgelara itzuliz, CO2a izango da zalantzarik gabe molekulitarik ezagunena ikasleen artean, maila eta arlo anitzetan lantzen baita klima aldaketaren larrialdia dela eta. Beraz, ze hobia ce o bia :-) neurtuz errealitatea hobetzeko proiektu bat egitea baino? Ez dira beharbada, CO2 eta pena mailak berehalakoan apalduko, baina etorkizunean aire berriak izaten lagunduko du ziur! •