Amagoia Mujika Telleria
BIOLUR GIPUZKOA

Lurrari lotuta, lurrari entzunez eta lurretik bizitzeko apustu ekologikoa

Biolur Gipuzkoak, Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Elkarteak, 1993an eman zituen lehen pausoak, ekologikoaren aldeko apustua arrarotasun gisa eta mesfidantzaz ikusten zen garaian. Geroztik urteak eta uztak oparo joan dira eta Biolurrek markatutako bidera gero eta nekazari gehiago batzen ari dira.

Txillarre baserrian egin dugu hitzordua, Elgoibarko Sallobente auzoan. Toki garrantzitsua da. Pello Rubiok hogeita hamar urtean eskuekin lan eginez eraikitako proiektua da. Lurrari lotuta, lurrari entzunez eta lurretik bizitzeko apustua.

Zimendu sendoak dauzka Txillarrek; horregatik balio du hizketaldi politikoei aterpea emateko. «Hementxe eserita egon zen Zapatero. Esan nion Euskal Herria bezalako toki ederrik ez zuela askotan ikusiko. Erantzun zidan baietz, oso ederra zela gure herria, baina Leonen ere badituztela paraje ikusgarriak». Horrela mintzo da Pello Rubio, Txillarreko nagusia, baserriaren kanpoaldean dagoen egurrezko mahaian eserita.

Gaurko hizketaldian nekazaritza ekologikoa izango da gaia. Horretarako eseri dira mahaian Biolur Gipuzkoako hiru nekazari, beterano bat eta bi gazte, sokak segida duen seinale.

Izurtzan dauka ortua Nere Aspiazuk, beste bi bazkiderekin batera. Hirurak 32-33 urte bitartekoak. 2013an abiatu zuten proiektua. «Ez gara baserritarrak, ez daukagu baserririk. Nekazariak eta baratzezainak gara. Guk baratzegintzan proba egin nahi genuen. Egia da edozein egoeratan ezin dituzula proba horiek egin, egoera jakina behar dela. Hirurak oso gazteak ginen, etxean bizi ginen nahiko egoera lasaian eta lurra ere bagenuen. Bazkide baten aitak letxugak ekoizten zituen Eusko Labelerako eta haren lurretan hasi ginen. Ortu txikitxo batekin hasi ginen, jolas bat bezala. Dena genuen ikasteko eta dena zen gozamena, nahiz eta ordu mordoa sartu. Poliki-poliki joan ginen lur gehiago hartzen. Lehenengo bi urteetan beste lan batzuekin konbinatzen genuen ortuko eginbeharra. Baina orain ortuan bakarrik aritzen gara eta horretatik bizi gara». Lehen letxuga monolaborantza zenean denetarik ekoizten dute orain, eta ekologikoan. «Hasieran asko igarri genituen monolaborantzaren ondorioak, sistema desegonkortuta zegoen. Gaur egun askoz hobeto moldatzen gara; plagak baditugu, baina beste modu batera. Sasoian sasoikoa eta hemen ahal dena ekoizten dugu».

Ane Gorosabelek Bergaran dauka ortua, familiakoa den Elkoro baserrian. 34 urte dauzka. «Gizarte Hezkuntza ikasi nuen eta urte batzuetan lanbide horretan aritu nintzen. Krisi ekonomikoak gogor jo zuenean, hezitzaile bezala lana ezin topatu geratu nintzen. Egoera hori baliatu nuen Hego Amerikara bidaia luze bat egiteko eta han hainbat proiektu ezagutu nituen. Aitita-amamak artzainak izandakoak ziren eta betidanik izan dut baserrira bueltatzeko gogoa. Kalean hezitakoa naiz, baina nire aurrekoak baserritarrak ziren. Mexikotik bero-bero bueltatu nintzen, baserrian probatzeko gogoz. Banituen lurrak, traktore txiki bat eta sekulako ilusioa. Dena oso fantasiatsua. Ikastaro txiki bat egin nuen eta nigan sinistu zuen jendea topatu nuen. Eta horrela animatu nintzen. Hasieran ortu txikitxo batekin hasi nintzen, baina segituan txiki geratu zitzaidan eta handitzen-handitzen joan nintzen. Hasierako urteetan ortua eta beste lan batzuk konbinatzen nituen. Beste lan horiek baliatzen nituen batez ere ortuan inbertsioak egiteko. 2013ko udazkenean hasi nintzen eta duela lauzpabost urte kanpoko lanak lagatzea eta erabat ortuari eustea erabaki nuen. Dirulaguntzak eskatu nituen, tamainako negutegi pare bat jarri nituen, erregadioa... inbertsio bat egin nuen, ortuan ganoraz lan egin ahal izateko».

Baserria deskubritu

Txillarreko Pello Rubiok duela 30 urte hartu zuen erabakia. Lanpostu finkoa utzi eta bizimodua errotik aldatu. Baserri zahar bat erosteko aukera sortu zitzaion eta hor ikusi zuen behar zuen aldaketarako argia. Orain sendo eta dotore ageri den Txillarre baserriaren atzean 30 urtetako lan gogorra dago, pixkanaka eta ahal bezala altxatutako bizimodu bat. «Nik uste dut pertsona guztioi iristen zaigula geure buruari galdera hau egiteko unea: Zer demontre egiten ari naiz mundu honetan? 40 urte nituela iritsi zitzaidan niri une hori. Lan finkoa neukan, ondo irabazten nuen, ez neukan aparteko arazorik... baina iruditzen zitzaidan bizitzan biribilgune batean bueltaka nenbilela eta aldaketa bat egiteko unea iritsi zela sentitzen nuen. Baserrira etortzeko aukera sortu zen eta horri eutsi nion. Itsasorako aukera sortu balitz, akaso itsasora joango nintzen lanera. Nik aldatzeko beharra nuen. Nik ez dut betidanik sentitu baserriaren harra barruan; baserria eta baserriko bizimodua deskubritzen joan naiz. Gogorra da, baina sekulako poztasunak dauzka. Naturari lotutako lanak eta bizitzak izugarri lagundu didate niri. Ikasi dut bizitza kalitatea ez dela gauza asko izatea, gauza gutxirekin konformatzea baizik. Baserriko bizitza deskubritzen joan naiz urtez urte eta ez naiz damutzen. Daukagunarekin bizitzen ikasi dugu, kontsumo ohitura handirik gabe. Eta baserritik bizi zaitezke, gosez ez zara hiltzen behintzat. Eta abantailak eta poztasunak, asko. Pentsa, orain koronabirus garaian denek nahi dute baserrira alde egin...».

«Nigan sinistu zuen jendea topatu nuen», esan du Gorosabelek bere aurkezpenean. Izan ere, jendartearen parte handi baten begietara lanpostu finko eta “eroso” bat utzi eta baserriaren abenturan sartzen denaren pausajea bitxia da. «Hasieran batez ere presioa gogor samarra da, txoriburutzat hartzen zaituzte. Orain, urteen joanean eta lana ganoraz egiten duzula ikusten dutenean, desberdina da. Baina egia da historikoki baserria sakrifizioarekin lotu izan dela, prekaritatearekin, loturarekin... Norberak, apustua egiten duenean, ez du horrelakorik ikusten. Are gehiago, lurrarekin harremanetan egon gura duzu, urtaroen zikloari jarraitu, garaian garaiko lanak ezagutu... Aldiz, kanpotik saritzen dena bestelako bizimodua da; lan on bat, ordutegi finkoa eta aisialdian kontsumitzeko aukera», bota du Gorosabelek.

Rubio bat dator horretan. «Fraisorotik ikasleak etortzen direnean, beti galdera berak egiten dituzte: zenbat irabazten da eta oporrik izaten al da. Soldatarena norberaren araberakoa da. Batzuk hilean 3.000 euro irabazita eskas ibiltzen dira eta beste batzuk 1.000 eurorekin bizi daitezke. Oporrak? Ni urte guztian oporretan egoten naiz, gustura nagoelako. Txillarren daramatzadan 30 urteetan ez naiz kanpora oporretara joan, eta etxea mundu guztiko trasteekin beteta daukat. Baserrira etorri aurretik Europa osoan barna ibili nintzen motxilarekin, baina orain ez daukat inora joateko gogorik. Gustura nago hemen, lanean, nire lekuan».

Biolur, aholkularitza eta babesa

Bakoitzak bere bidetik, Rubiok, Gorosabelek eta Baskaranek Biolur Gipuzkoan egin dute topo. Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Elkartea da. «Gure kasuan, ortuaren aldeko apustua egin genuenean, Biolur izan zen babestu gintuen elkarte bakarra. Aholkularitza teknikoa eskaini zigun eta oso modu garbian hitz egin zigun hasieratik. Asko eskertu genuen. Akordatzen naiz hasieran Ogasunera joaten ginela ortu bat martxan jarri nahi genuela esatera eta jartzen ziguten aurpegiarekin edonork pentsa zezakeen zentral nuklear bat eraiki nahi genuela. Inork ez zekien ezer. Egoera horretan, oso lagungarria izan da Biolurren aholkularitza», kontatu du Aspiazuk.

Pello Rubio Biolurren sortzaileetako bat da. «1993an sortu genuen. 30 bat lagun ginen orduan nekazaritza ekologikoa egiten. Administrazioaren aldetik ez genuen ez aholkularitza teknikorik, ez bultzadarik, ez babesik. Guk garbi genuen norantz joan nahi genuen eta horregatik sortu genuen elkartea; baserritarrak babesteko, nekazaritza ekologikoa gizarteratzeko eta bide ekologikoa hartu nahi zuten baserritarrei laguntza eskaintzeko. Guk proposatzen genuen bidea, ekologikoa, erabat berria zen. Hasiera hartan, guri indartsuen kontra egin zigutenak baserritarrak eurak izan ziren; guk proposatzen genuena ezinezkoa zela, asmazioetan genbiltzala, gauez botatzen genituela botikak... Guk, berriz, garbi genuen gure norabidea».

Erakundeek ere ez zituzten besoak zabalik hartu. «Aldundira joan ginen elkartea sortzeko dirulaguntzak eskatzera eta ‘misiolari’ deitu zigun garaiko agintari batek. Pentsa, orduan oraindik ez zen ‘perroflauta’ hitza erabiltzen, bestela horixe esango zigun. Denetarik esaten ziguten. Egia da EAJ ez dela inoiz nekazaritza ekologikoaren kontra egon, baina beti esku-frenoa emanda aritu da alor honetan. Europatik zetorren informazioak garbi erakusten zuen ekologikoak indarra hartuko zuela baina, hala ere, erakundeen apustua ez da ekologikoaren aldekoa izan. Sekula ez dute bultzatu nekazaritza ekologikoa behar bezala. Baina denbora arrazoia ematen ari zaigu. Ingurumenean gertatzen ari dena, kontsumitzaileen joera, osasunaren gaineko kezka…».

34 nekazari hasi ziren ekologikoaren bidean 1993an Biolurren. Gaur egun, 120 inguru daude. «Nik uste dut nekazaritza munduan igotzen ari den sektore bakarra dela. Horrez gain, emakume asko ari dira sartzen nekazaritza ekologikoan. Hori ere nabarmentzekoa da», esan du Rubiok.

116 ekoizlek, 137 herritarrek, hiru teknikarik eta dozena bat kolaboratzailek osatzen dute gaur egun Biolur. «EHKOrekin batera, Gipuzkoan ekoizle eta herritarrak biltzen dituen elkarte bakarretakoa da. Herritarrek elkartearen barruko informazio guztia jasotzen dute eta aukera daukate asanbladetan parte hartzeko. Kontzientziatutako herritarrak dira, ekologikoaren kontsumitzaileak. Ekonomikoki ere laguntzen dute elkartea, kuota bidez. Herritar gehiago ere animatu nahi ditugu bazkide egitera», gaineratu du.

Lau lantaldetan antolatuta dago elkartea eta lantalde bakoitzak dinamika propioa dauka: okinak, baratzezainak, abeltzainak eta frutagintza arlokoak. Formakuntza da Biolurren zutoinetako bat.

Aspiazuk azaldu duenez, «lantalde bakoitzak erabakitzen du zein beharrizan dauzkan eta horren arabera antolatzen dira formakuntzak. Makineria txikiaren erakustaldia, lurraren ongizatearen inguruko ikastaroak… oso gauza interesgarriak eta baliagarriak izaten dira». Promozioa –produktu ekologikoen eta bertakoen promozioa azoken bidez– eta kanpo zein barne komunikazioa ere zutabe garrantzitsuak dira. Eta, noski, elkarteak ekoizleei eskaintzen dien aholkularitza teknikoak pisu handia dauka.

«Hankak lurrean jarri»

Ane Gorosabelentzat Biolur bidaide garrantzitsua izan da eta da. «Nik proiektua hasteko sekulako ilusioa neukan, baina ezagutza ez hainbeste. Biolurrekin harremanetan jarri nintzen eta hankak lurrean jarri zizkidaten. Errealitatearekin konektatu ninduten. Aholkularitza teknikoa eskaintzen du elkarteak eta hori garrantzitsua da, baina hori baino gehiago da. Horrelako proiektu batean beharrizan ugari dauzkazu; administrariak gara, elektrizistak, hazi ekoizleak, nekazariak… egunero hainbeste gauza desberdin egin behar ditugu! Biolur emozionalki babesten zaituen elkartea ere bada. Ez zara bakarrik sentitzen abiatu duzun bidean».

Nere Aspiazu ados dago. «Denok babesten gaituen aterkia da Biolur; eskari bateratuak egiteko, dabiltzan izurriteen berri emateko, formakuntza hartzeko… Sektorea oso ondo ezagutzen duen elkartea da, lurretik, errealitatetik. Biolur sektoreko parte da eta horrek egiten du hain berezi; guretik eta guretzat aritzen da».

Eta Pello Rubiok, nekazari beteranoak eta Biolurren sortzaileak, gustura entzuten ditu nekazari gazteen hitzak. «Helburu horiekin sortu genuen Biolur eta pozik entzuten ditut horrelako hitzak».

Gaur egun, erakundeen eta Biolurren arteko harremana ez da txarra, baina ez dute sentitzen norabide berean dabiltzanik. «Talka bat gertatzen dela esango nuke. Erakundeetatik dirulaguntzen bidez bultzatzen den eredua oso mekanizatua da, handia, monolaborantzara bideratua, oso profesionalizatua… eta toki bakoitzean ekoizpen bakarra bultzatzen da. Aldiz, Biolurrek bultzatzen duen eredua bestelakoa da; anitzagoa, txikiagoa eta pertsonen neurriko etxaldea», azaldu du Gorosabelek.

Kontsumitzailearen boterea

«Ekoizpen ekologikoak ziurtatu behar du teknikoki baldintza jakinak dituela ekoizpen prozesuak. Garbitasuna dagoela, ez dela ekologikoko araudiak onartzen ez duen produktu fitosanitariorik erabiltzen... Ados. Huelvan ekoizten dira marrubi ekologikoak, baina zenbat emakume marokoar daude marrubi horien atzean esplotatuta? Hori ere neurtu beharko genuke eta kontsumitzaile bakoitzaren ardura da kontsumitzen duenaren atzean zer dagoen ikustea. Ekologikoa sortu zenean bultzatzen zen eredua etxalde txiki eta dibertsifikatuena zen, gure eredu agroekologikoan oinarritzen zen ekoizpena. Baina gaur egun marketinak jan egiten gaitu eta ekologiko bezala sekulako astakeriak saltzen dira, ekologikoaren baldintza teknikoak betetzen dituztenak, baina ez besterik. Agroekologiak ikuspuntu zabalagoa dauka; gizarte eredua, ekonomia sistema, tokian tokiko ekoizpena, garaian garaikoa… ikuspegia zabaldu egin behar da», esan du Gorosabelek.

Salmenta zuzenak ere pisu handia dauka. «Gure ekoizpen ahalmena ez da handia, ezin dugu bitartekari bat sartu tartean. Zuzenean saltzean ateratzen dugu etekina. Bide ugari daude; kontsumo taldeak, azokak, baserrira gerturatzen diren bezeroak… horrek ematen digu aukera gure ekoizpenari etekina ateratzeko. Nekazaritza egiteko eredua ez ezik, kontsumitzeko eredua ere jarri nahi dugu zalantzan. Horri buruz hausnartu beharko genuke», jarraitu du Rubiok.

Gorosabelek bide beretik jarraitzen dio hausnarketari. «Kontsumitzaile bezala oso aske garela uste dugu, gure ohiko dendara joan eta gure poltsan zer sartu erabat erabakitzen dugula. Baina, azkenean, ez dugu guk erabakitzen zer sartu poltsa horretan. Parean topatzen dugun aukera ez dugu guk erabakitzen, beste batzuek erabakitzen dute gure aukerak zeintzuk izango diren».

«Denok kontsumitzaile garen neurrian erantzukizuna, ardura, daukagu kontsumitzen dugun horren gainean. Gure ardura da erosi behar duguna non eta nola ekoiztu den jakitea. Gure kontsumoak erabakitzen du nora goazen, guk gastatzen dugun euro bakoitzak erabakitzen du zer nolako gizartea ari garen eraikitzen. Gastatzen dugun euro bakoitzaren atzean iraultza txiki bat egon daiteke. Kontsumitzaile bezala ahaldundu egin beharko genuke, daukagun ahalmenaz konturatu», gaineratu du Aspiazuk.

Ekologikoaren momentua

«Nik sumatu dut krisiak egon direnean –orain bezala–, herritar multzo bat ekologikora pasatzen dela. Behi eroen krisiaren ondorioz, adibidez, herritar batzuk ekologikoa kontsumitzera pasatu ziren. Eta orain berdin gertatzen ari dela uste dut. Covid-19aren ondorioz, produktu ekologikoen kontsumoa igo egin da. Kontzientzia hori alde desberdinetatik ari da pizten; ingurumenetik, osasunetik, nekazaritzatik…Nik urteotan ikusi dudana da ekologikoa kontsumitzera gerturatzen diren herritarrak oso kontzientziatuta daudenak direla orokorrean. Zer jaten dugu? Gero eta kezka handiagoa sumatzen da»; horra Rubioren iritzia.

Egia da, era berean, «greenwashing» terminoak zentzu betea daukala egunotan; enpresa kutsatzaileenek beren produktuak ingurumena errespetatzen dutela sinetsarazteko erabiltzen duten marketin estrategia nabarmen igartzen baita. «Orain denak dira ekologikoak, baita Iberdrola bera ere», dio Rubiok. Aspiazu bat dator. «Ekologikoa bada saltzen duen zerbait eta horregatik erabili egiten dute enpresa askok. Hor kontzientziazio lan bat egin beharra dago, etiketa horien atzean zer dagoen jakiteko ahalegina egin behar da. Nik uste dut badagoela beste era batera kontsumitzeko nahi bat, baina horrek kontsumitzaileari ahalegin bat eskatzen dio. Hor dago koska. Gure aldetik, uste dut lanketa bat egin behar dugula ekologikoaren etiketa zenbait produktu saltzeko nola erabiltzen den aztertzeko. Iragarki guztietan dago».

Pandemiak beste arazo bat ekarri du lehen lerrora: Euskal Herriaren elikadura burujabetza. «Arazo handiena hori da. Jaten dugunaren %90 kanpotik etortzen da. Zenbaki hori murrizten ez den bitartean, izan ekologiko edo ez, arazoak hor segituko du. Euskal Herriak nekazari gehiago behar ditu. Horretarako, sektore honek erakargarria izan behar du eta baldintzak eman behar dira nekazaritzan lan egiten dugunok bertan jubilatu ahal izateko. Nola egin nekazaritza lanbide erakargarri eta duina? Eredu ekologikoan, noski. Azken urteotan nekazaritzara gerturatzen ari garen gazte askok ekologikoaren alde egin dugu, garbi dugulako eredu onena hori dela», esan du Gorosabelek.

 

BARATZE EKOLOGIKOEN BIDERAGARRITASUNERAKO LANKETA KOLEKTIBOA

Biolur martxa bizian dagoen elkartea da, gaurko eta biharko erronkarik falta ez zaiona. Ane Gorosabelek honakoa azaldu du: «Oraintxe bertan gure erronketako bat gure lana baloratua izatea da. Badago salmenta igoera bat, baina ez dakit zein neurritan igartzen duten hori gure errentek. Duina izeneko proiektuarekin ari gara lanean norabide horretan».

2016-2018 bitartean ikerketa bat egin zuten, galdeketa bat, baratzezainen egoera zein zen ikusteko. Ondorioak garbiak izan ziren; oso gutxi dira gutxieneko soldatara iristen direnak, lanordu kopurua ikaragarria da eta askok zailtasun handiak dituzte lana eta familia uztartzeko. «Ondorio politenetakoa izan zen baratzezain gehienek oso gustuko dutela beren lana. Baina lan baldintzek zer pentsatua ematen dute», gaineratu du Nere Aspiazuk.

Diagnostiko horretatik tiraka sortu da Duina proiektua. «Alde batetik produktibitatea hobetu behar dugu. Bestetik, baratzegintzak ez dauka eusten duen dirulaguntza handirik. Alde batetik ona da, baratzezaintza ekonomikoki bideragarria delako dirulaguntzen mende egon gabe. Baina, bestetik, ezegonkortasun handia dago», jarraitu du Baskaranek.

Gogoeta horietatik abiatuta prezioen inguruko lanketa bat egin nahi dute, «anbizio handikoa». Produktu bakoitzaren atzean dauden lanordu eta gastu guztien kalkulu bat egin nahi dute; «guk jakiteko letxuga baten atzean zenbat lanordu eta gastu dauden. Gero ez dakit nola erabiliko dugun informazio hori, baina jakin nahi dugu hori guztia». Lanketa honen helburua da urtean 1.200 euroko hamabi ordainsari lortzeko letxuga batek zenbat balio beharko lukeen kalkulatzea. Hamar produktu aukeratu dituzte lanketa hori egiteko.

Baserria gogorra da eta kito. Sakrifizio asko eta diru gutxi. Hori izan da historikoki saldu den ideia. Ondorioz, baserri askotan ez da belaunaldi berrien segidarik izan. Baserritar askok nahiago dute beren seme-alabek beste bide bat aukeratzea. Beren bizimodua gogorra dela ulertuta, seme-alabentzat beste zerbait “hobea” nahi izan dute.

Errealitate horri buelta bat eman nahi diote Biolurretik. «Gurea hautu politikoa da, bizimodu aukeraketa bat. Baina baserriko bizitzak ez du zertan beti sakrifikatua izan. Baldintzak duindu behar dira eta hori da elkartearen erronketako bat», esan du Gorosabelek.

«Hasieran sekulako ilusioa daukazu. Baina prekaritateak azkar erre dezake ilusio hori. Gaur egun asko hitz egiten da zaintza eta bizitza erdigunean jartzeaz. Aldiz, proiektu agroekologikoetan nork bere burua esplotatzen du eta baldintza ez duinetan lan egiten da askotan. Borroka bat egin behar da, bai maila kolektiboan eta bai norberak, gure proiektuak bideragarriak izan daitezen maila emozional, ekonomiko, sozial eta ingurumenaren aldetik. Prekaritatea hautua da, baina puntu bateraino», gaineratu du Aspiazuk.

Euskal Herriak nekazari eta abeltzain gehiago behar ditu. Hori garbi daukate Biolurren. Nekazariaren eta abeltzainaren lana erakargarria eta duina izan dadin pausoak eman behar direla uste dute horregatik.

Aspiazuren hitzetan, «gauzak aldatu dira. Gaur egun nekazaritzara eta abeltzaintzara gerturatzen garen gazteen profila bestelakoa da. Ikasketak ditugu, babes ekonomikoa daukagu inguruan… izan ere, erraz esaten da nekazari eta abeltzain gehiago behar direla, baina, nola? Hasteko babes ekonomikoa, lurrak, traktore txiki bat… faktore asko alde eduki behar ditu baserritar batek zerotik hasteko. Horri buruz ere hausnartu behar dugu. Nolako laguntza edo babes publikoa dauka gaur egun nekazaritzaren edo abeltzaintzaren bidea abiatzea erabakitzen duenak?».

Gorosabelek uste du borondatea izanez gero, badaudela moduak. «Udalek, mankomunitateek edota bestela erakundeek zeresan handia daukate. Zergatik ez erosi lurrak eta langile publikoak lur publikoetan lanean jarri? Bertan ekoizten dena jangela publikoetan kontsumi daiteke; eskolak, zaharren egoitzak, erietxeak… Badakigu mundua aldatzea ez dagoela gure esku, baina borondate politikoarekin hainbeste egin daiteke...».