Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta

Angelu hilak

Neurri epidemiologikoek populazioan eragin efizienteena bilatzen dute: Pernandoren egia da hau. Kontua da, tamalez, neurri masiboek –epidemiologikoek zein edozein arlokoek– angelu hilak uzten dituztela. Automobiletako ispiluek bezala: ahal denik eta leku gehienak bistaratzeko diseinatzen diren arren, beti geratzen da gidari postutik ikusi ezin dugun angeluren bat; horretara zerbait asmatu behar izaten da bistatik kanpo izan daitekeen izkina edo pibotea ikusteko. Bestela, danba! Arraia egingo diogu kotxeari.

Covid-19 pandemiari aurre egitea ez da Administrazioarendako erraza izaten ari, hori hasiera-hasieratik esan nuen hementxe bertan. Horregatik, kritika suntsitzailea baino, hobe da guztiondako lagungarriak izango diren gauzak seinalatzea. Denoi interesatzen baitzaigu geure erakundeak efizienteagoak izatea. Haiengandik jarrera ireki eta kolaboratzaile bera eskatzen dut, halere: agente guztiengandik laguntza jasotzeko irekitasuna, alegia.

Zentzu horretan, jada ia urtebete dirauen borroka historiko honetan, neurri epidemiologikoen zenbait angelu hil seinalatu ditugu: kolektibo ahaztuen gain-konfinamendua; maskaren erabilpen desegokia; kirola egitean haien erabilpen arrazionala... Hori konpontzeko zenbait erantzun ere ikusi ditugu, batzuk zuzenak, besteak ez hainbeste; kasu batzuetan, angelu hilak biderkatu baitzaizkigu, “Shanghaiko dama” filmaren protagonistek ispiluetan egiten zuten bezala.

Esate baterako, 2020ko martxotik kalera irten ez diren pertsona nagusiak daude. Ez naiz bakarrik bizi direnez ari –horiek, zorionez, halabeharrez atera behar izaten baitute–, baizik eta familiarekin bizi direnak. Kaleko errekaduak egingo dizkien norbait badutenez, pertsona hauek ez dira irteten. Txarrena da familiek hobe beharrez dihardutela, aitona-amona hauek babesten ari direlakoan, eta ez dira konturatzen etxeko atxiloaldi tekniko hori ez dela epidemiologikoki beharrezkoa, eta bai ordea haien senideendako kaltegarria. Komunikazioaren hutsegite argi eta garbia dago hemen. Izuak eragindako gehiegizko babes hori desaktibatu beharra dago, familia hauei informazio objektiboa eta laguntza emanez. Nik joan den hilean detektatu nuen nire inguruan egitate etsigarri hau; baina ziur nago zerbitzu sozialetako langileak ni baino biziago dabiltzala, eta haiek ere erreparatu diotela dagoeneko. Horra, hobetu beharreko angelu hil bat.

Izan ere, albisteetan irakurri berri dugunez, zerbitzu sozialen laguntza-eskari kopurua handitu egin da azken hiletan. Hau garrantzitsua da, noski; baina konturatu gaitezen horrek laguntza eskatzen dutenen kopurua baino ez duela islatzen. Alegia: badela laguntza horren premia izanik eskatzen ez duen jende asko ere. Horiek ez dira estatistiketan agertzen; eta gizarte langileen ohiko erronka bada pertsona hauengana ailegatzea, pandemia honetan premia hori larriagoa da.

Honekin nolabait lotuta, osasun kudeatzaile eta langileon artean angelu hil berri bat antzematen hasiak gara: "neke pandemikoa" dutenak. Hau da: osasun neurriak egokiro darabiltzan jendearen artean, egoera hobetzen ez dela-eta etsia hartzen hasia den jendea. Izan neurriok betetzen ez duten pertsonen jarrerarekin desanimaturik, izan bere sakrifizioarekin pandemiaren egoera hobetzen ez dela ikusita, kontua da etsipen horrek arazo berri baten atarian jartzen gaituela: jarrera eredugarria izan duten pertsona hauek galtzeko arriskua. Orain arte, pertsona garrantzitsu hauek eusle papera bete dute, beren inguruan jendea babes neurriak betetzera bultzatuz; eta "gure alde" mantendu behar ditugu. Horretarako, baina, ezinbestekoa da pandemiaren kudeaketa arrazionala, ebidentzia zientifikoan oinarrituta, eta babes neurrion antolakuntza hobearekin. •

www.abante.eus