Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Etorkizuneko «sans-culotte»-ak

LABIko arduradunetakoa izanda golfera jolastera doan hori. Eta behin harrapatu dutenean, korrika egitera zihoala dioten goi kargu horiek, jakinik azken asteotan ezin dela udalerri batetik bestera pasatu aisialdi garaian, ez oinez, ez footing, ez jogging egiten, ezta sancheskiarekin ere, hain zuzen ere LABIaren iritziari jarraituz hartutako erabakien ostean. Horrelako jendilajea nahi dugu? Hain zuzen, horrelako jendea ahalik eta gutxien izan dadila, hori da hezkuntza sistemaren helburuetako bat. Hiritar zentzuzkoak nahi ditugu. Zentzuzko herrialde bat egiteko. Eta inork ez dezala, zentzuzko diodanean, trajean eta serio doan gizon horrengan pentsatu. Zentzuzko hiritarrak nahi ditugu baina sans-culotteak izan ziren bezalakoak, sistemaren injustiziak bukatzeko erantzukizuna sakon ulertzen zuten emakume eta gizon haiek, hiritartasuna zentzu zabalenean ulertzen zuten haiek. Hiritarron helburua aberri duina lortzea dela erakusten zuten haiek.

Hezkuntzari buruz idaztean, joera dago (dut) bi muturretara jotzearena. Sistemaren erabateko kritika egitera eta etorkizuneko eredu ideal bati buruzko zenbait hitz polit esatera. Esamolde fetitxea izan ohi da ikasle aktiboak eta kritikoak nahi ditugula esatea. Zentzu horretan, hiru zertzelada eman nahi nituzke, baliagarri edo, gutxienez, iradokitzaile izan daitezkeelakoan. Helburua izanik etorkizuneko sans-culotte horiek, hiritar arduratsu eta konprometituak, heztea.

Lehena, aurreko batean idatzi nuenaren ildotik, gauza konkretuen garrantzia azpimarratzea da. Hau da, gure ezagutza ez da ezerezaren gainean eraikitzen, aurretik jada dakigunaren gainean baizik. Horregatik, zenbat eta ezagutza zabalagoa eduki, orduan eta errazago eta hobeto ikasiko dugu. Ez du horrek esan nahi egungo curriculum infinitua (ehunka, eta ez da esajerazioa, eduki ezberdin dituena) ontzat ematea. Eduki horiek asko mugatu behar dira, baina edukiak, berez, funtsezkoak dira ikasketa prozesuak aurrera egiteko. Horregatik, irakaslearen figurak garrantzitsua izaten jarraitu behar du, ikaslearen hezkuntza aktiboa izan dadin, erakuts diezaion aurretik duen ezagutza eta ezagutza berria uztartzen eta garatzen. Ikasle aktiboa behar badugu irakaslea eta, bereziki, alor baten inguruan ezagutza zabala duen irakaslea (izan mekanika, filosofia, gorputz heziketa edo dena delakoa), inoiz baino garrantzitsuagoa da. Ikaskuntza aktiboa ezin da prozedurekin eta teknikekin ordezkatu, irakaskuntza aktiboak kalitatezko edukiak behar ditu eta asko dakiten irakasleak behar ditugu.

Bigarrena, ikasleak hezkuntzaren erdigunea badira, beraiek erabakien parte bihurtzea da. Ikasleek eduki behar dute beren boza eta botoa ikastetxearen antolaketa erabakitzeko orduan (gelak, pasilloak, ordutegia, ikasgaiak…). Ikasleak ez dira gure altxorra, kanpotik helduok ezarritako egitura zurrunetan eguna pasatuko dutenak, museoko piezak bailiran. Ikasleak gure lehengaia dira eta lehengai horren beharrek lehentasuna eduki behar dute. Eskolek ikasleek ikas dezaten espazio egokiak bihurtu behar dute. Eta ez arauz eta “ez egin hori!!!” kartelez betetako lekuak. Ikasleek ulertuko dute zer egin eta zer ez egin, erabakien parte bihurtzen baditugu.

Hirugarrena, ikasleak erantzukizunean hezi behar direla da. Ez da arauak itsu-mutsuan betetzea eta monagilloak bailiran isilik eta aingeru aurpegiz egotea. Erantzukizuna aurretik aipatu bi puntuekin erabat erlazionatuta dago. Irakaslearen papera ulertzen duten eta erabakien parte diren ikasleek ikasiko dute, aldi berean, komunean ezarritako arauak apurtzearen erantzule ere badirela eta arauak ez badira ikasteko egokiak, aldatzeko aukera dutela. Eta gelatik hasita, mundua bera ere aldatzeko kapaz direla sentituko dute. •