Juantxo EGAÑA

ORREAGAKO GUDUAREN 1.200. URTEURRENEAN

gara-2021-02-11-Opinión

Oso irudi ezaguna da hau. Karteletan, liburuetan, ezin konta ahala euskarritan eta hainbat argazki oin dituela erreproduzituta, Euskal Herriko historia hurbileko irudi ikonikoa da. Era berean, irakurketa asko ditu. Argazkia 1978ko abuztuaren 15ean egina da, Auritzen, euskaldunek Orreagan Karlomagnoren armada garaitu zuten guduaren 1.200 urteurrena ospatu zen egunean. Ekitaldietarako deialdia Ibañeta Batzordeak egin zuen. “Egin” egunkariak bere azalean honela zioen: «...independentziaren aldeko borrokaren lekukotzarik argienetakotzat jotzen den horretan Karlomagnoren tropak garaitu zituzten baskoiei egindako omenaldia izan nahi zuen». Milaka pertsonak parte hartu zuten Aurizko zelaietan egin ziren ekitaldietan. Kronikaren arabera, zazpi herrialdeetatik joandako ehunka auto eta 70 autobus baino gehiago izan ziren. Imanol Garcia bilbotarraren irudia “Euskadi 1977/1987” argazki liburuaren azalean agertu zen. Liburu hura Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenean argitaratu zen eta hartan Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako 20 fotokazetarik hartu zuten parte. Imanol Garciak urte haietan “Egin”, “Askatasuna”, “Punto y Hora de Euskal Herria” eta “Zeruko Argia” hedabideentzat lan egin zuen, besteak beste.