Mirari Martiarena Iraola

Printze urdina

Inkesta irekia proposatu zuen duela aste batzuk Aintzane Muguruza txiolariak Twitterren. Hau zen galdera: «Neska/emakume heteroak, ausartu zarete inoiz zuek mutil/gizon bati aitortzen berarekiko interesa zenutela? Baiezkoan, nola hartu dute?». Irribarre txiki bat marraztu zitzaidan ezpainetan eta nire erantzuna idatzi nuen: «Neska jatorra zara, baina...» entzun dudan bakoitzean kobratu banu…

Beste pertsona batengan interesa izan dudan gehienean esan izan diot. Galderak eginda eta gauzak esanda jasotzen baitira erantzunak. Batzuetan isiltasuna jaso izan dudan arren bueltan. Baina aspaldi ikasi nuen isiltasuna ere erantzun garbi bat dela. Kalabaza enpresa bateko akzioduna naiz.

Beste norbaiti maitasun aitortzak egiteagatik ausarta naizela esan izan didate batzuek. Baina praktikoa izaten irakatsi didate beste lagun batzuek. Denbora dexente pasatu da mutil zoragarri batez maitemindu nintzela. Gaur egun asko estimatzen eta maite dudan gertuko laguna dut. Berarekin topatzeko edo egoteko edozein aitzakia txoro topatzen nuen. Askotan planifikatutako kasualitateak izaten ziren. Gaur egun atzera begiratuta sekulako txorakeriak egin nituela konturatzen naiz. Norbera istorioko protagonista denean ikusten ez dituen txorakeria horiek. Baina kanpotik hilabeteak joan, hilabeteak etorri, dena ikusten ari zen pisukide bat nuen garai hartan. Palomitak bakarrik falta zitzaizkion niri begira egoteko. Afalondoko tertuliatako batean deabruaren abokatuarena egin zuen: Mirari, berak zugan interesik izan balu ez al zen honezkero zerbait gertatu zuen artean? Isiltasunak erantzun zuen nire partez. Abokatuak jarraitu zuen: Esaiozu sentitzen duzuna, berak berdina sentitzen badu biak ari zarete denbora galtzen. Berak ez badu zuregatik ezer sentitzen zu ari zara denbora galtzen.

Inoiz eman didaten aholku onenetako bat dela esan dezaket. Zirt edo zart egiteko momentua iristen denean gogoratzen dudana. Une hartan ez nion ezer esan, distantzia jarri nuen eta parrandarako beste leku batzuk aukeratu. Horixe egin zitzaidan errazena eta aske sentitzeko modua ihes egiten topatu nuen.

Maitasun edo sentimendu aitortza bat egin gabe ere askotan badakigu erantzuna zein den. Ezezkoa denean bereziki, baina hortxe egoten gara tematuta zain besteak iritzia noiz aldatuko. Zuek imajinatzen duzue autoa gidatzen zoaztela, noranzko debekatuko seinalea topatu eta bertan zain geratzen zaretela. Ea noizbait seinalea aldatzen den? Ez du zentzurik, ezta? Ba horixe egin nuen behin baino gehiagotan mutil honekin. Nahita urruntzen nintzen seinalea oso garbia zelako, eta denbora pasatakoan ez dakit zergatik itzuli egiten nintzen. Berriz ere seinale beraren aurrean, «igual orain aldatu dute» pentsatuz. Aspiragailu robotak bezala, lurrean botata dauden pijama galtzekin borrokan, etxe guztia garbitzeko izanda!

Denbora ez da alferrik pasatzen, bueno batzuetan bai. Kasu honetan seinalea ez zen aldatu, ni aldatu nintzen eta bera ikusteko nuen modu idealizatua. Berarekiko begirada aldatu nuenean kendu nion “Printze urdinaren” zelofan papera. Orain espektatiba eta idealizaziorik gabe tarteka kafe bat hartzeko elkartzen garen bi lagun gara. •